Amagoia Mujika Telleria
infraganti

AINHOA ABINZANO ETA ROSA MARIA RODRIGUEZ

Ainhoa Abinzano eta Rosa Maria Rodriguez gorrak dira. Beren egunerokoa aldapan gora bizi dute entzuten dutenentzat diseinatutako mundu honetan. Bihar Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna dela-eta, traba horiek denak jarri nahi dituzte mahai gainean. Ez dute entzuten eta, gainera, ez dira entzunak.

Pertsona Gorren Nazioarteko Eguna da bihar, iraileko azken igandean. Aitzakia aproposa pertsona gorren errealitateari begiratzeko. Halaxe uste dute Gipuzkoako Gorren Elkartean eta helburu horrekin elkartu da GAUR8 Rosa Maria Rodriguezekin –elkarteko lehendakaria– eta Ainhoa Abinzanorekin –elkarteko bazkidea–. «Komunikaziorako langak eta oztopoak gainditu nahi ditugu», laburbildu du nazioarteko egunaren mamia Rodriguezek. Erraza begitandu daiteke, baina ez da. Egunerokoan topatu ohi dituzten traben zerrenda luzea da. «Erakunde publikoetan, erietxeetan, epaitegietan, ikastetxeetan, psikologo batengana jotzen dugunean, adineko pertsonak dauden egoitzetan... asko kezkatzen gaituzten egoerak ikusten ditugu egunero. Adibidez, gure bazkideren bat adineko egoitza batera eramaten dutenean, asko tristetzen eta kezkatzen gara. Zer egin behar du? Ezin du inorekin harremanetan jarri, ez lagunekin kartetan aritu... bakardadera eta isolamendura kondenatuta dago eta hori aldatu beharra dago. Zeinu hizkuntza dakien norbaitek egon beharko luke profesionalen artean eta, askotan, ez da horrela izaten», hasi du azalpena Abinzanok.

Berak urte eta erdi zituenean konturatu ziren gorra zela. «Gurasoek esaten dute jaio nintzenean ez nintzela gorra, gerora gortu nintzela. Ez dakit, nire haurrak jaio zirenean proba desberdinak egin zizkidaten eta jaiotzez gorra nintzela esan zidaten. Akaso, genetikoa izan zitekeela esan zidaten. Baina nire bi seme-alabak entzuleak dira». Rosa Maria Rodriguezen kasuan ere ez dago garbi gorreriaren jatorria. «Nire diagnostikoa ere berantiarra izan zen».

Diagnostikoaren partea, behintzat, dezente hobetu dela uste dute. «Gaur egun askoz lehenago eta hobeto ematen da diagnostikoa. Gurasoak gorrak baldin badira, proba desberdinak egiten zaizkie haurrei. Eta gurasoak entzuleak diren kasuetan ere protokolo bat dago gorreria goiz detektatzeko. Alderdi horretatik, gauzak hobetu egin dira».

Pertsona gor askok zeinu hizkuntza darabilte komunikaziorako. Bada, baina, ahozko eta idatzizko hizkuntzaren aldeko hautua egiten duenik ere. Edo biak. «Gizarteak ahozkotasunaren alde egiten du, hori da bere lehentasuna. Baina zeinu hizkuntzak askoz modu egokiagoan asetzen ditu pertsona gorraren beharrak. Hori frogatuta dago. Pentsatzen da zeinu hizkuntza ikasten badu, ez duela ahozko eta idatzizko hizkuntza barneratuko. Eta ez da horrela. Zeinu hizkuntza oinarri garrantzitsua da gerora jakintza desberdinak eskuratzeko, ahozkoa eta idatzizkoa barne. Gurasoak eta seme-alabak gorrak diren kasuetan zalantza gutxi izaten da, normalean zeinu hizkuntzara jotzen dute. Zalantzak izaten dira gurasoak entzuleak eta seme-alabak gorrak diren kasuetan, hor erabakiak hartu behar izaten dira», azaldu du Abinzanok. Ohiko hizkuntza eta zeinu hizkuntza «bi erregistro desberdin» direla nabarmendu du, «egitura oso desberdina dute eta ezin dira nahastu».

Integrazioaz asko hitz egiten da, baina existitzen al da benetan? «Benetako integrazioa oso zaila da eta lan handia dago egiteko. Gure lehentasun bat da», esan du Abinzanok.

Eskolan, adibidez, traba handiak ikusten ditu. «Ideala litzateke gorra den haurrak zeinu hizkuntzan aritzen den irakaslea izatea. Haur horrek eredu bat behar du. Ulertzen dut murrizketen garai honetan neurri horiek oso zailak direla, baina kontuan hartu beharko litzateke». Bere kasuan, seme-alabak entzuleak diren arren, Integrazioko eskola batera eramaten ditu, pertsona gorren beharrak oso presente dituen zentro batera. «Niretzat garrantzitsua da seme-alabek pertsona gorrak dauden mundu bat erabat normala dela ulertzea. Haien irakasleek ere normaltasunez ikusten naute eta gurasoek, berdin. Nire seme-alabek normaltasunez bizi dute gurasoak gorrak izatea eta hori da helburua», esan du Abinzanok.

«Gaur egun sekulako garrantzia ematen zaio hizkuntzak jakiteari. Eta zeinu hizkuntzari? Guk aldarrikatzen dugu balioa eman behar zaiola eta curriculumean jarri behar dela», gehitu du Rodriguezek.

Teknologia gehiago baliatu

Egunerokoan askotariko trabak topatzen ditu pertsona gor batek, entzuten duenak imajinatu ere egiten ez dituenak. Teknologia berriekin traba batzuk gainditu diren arren, beste askok hor diraute, eta teknologiarekin konpontzeko modukoak direla uste dute. «Telebistan azpitituluak falta dira eta daudenak beti ez dira egokiak. Oso azkarrak dira eta maiz hizkuntza korapilatsua erabiltzen dute. Pertsona gorrok hizkuntza sinplea eta zuzena behar dugu, erraz ulertzeko modukoa. Hori ez da kontuan hartzen», esan du Rodriguezek.

Horrez gain, oraindik gestio asko telefonoz egin beharra dago. «Erietxeko hitzorduekin erotuta gaude. Galdutzat ematen dugun borroka bat da. Hitzordu bat eskatzeko edo aldatzeko, telefonoz deitu beharra dago. Zergatik? Beti senideren baten mende gaude hitzorduak eskatzeko edo aldatzeko. Asko kostatzen zaie posta elektronikoarekin funtzionatzea. Eta oso deserosoa da beti norbaiten laguntza behar izatea. Finean, gure osasuna intimoa da eta akaso ez dugu nahi senide horrek zer dugun jakitea», esan du Abinzanok. «Seguru nago teknologiak moduak eskaintzen dituela mezu bat zeinu-hizkuntzan bidaltzeko, adibidez. Badira ahozko eta idatzizko hizkuntza kontrolatzen ez duten adinekoak. Borondatea izanez gero, gauza asko hobetu daitezke».

Rodriguezek gaineratu duenez, «pertsona gorrok antsietate eta estres handia bizi dugu orokorrean. Etengabe sekulako ariketa egiten dugu gure ingurua ulertzeko. Beti gaude beldurrez, gauzak ez ote ditugun gaizki ulertu, mezua zuzen jaso ote dugun... Horrek guztiak estutasun emozional handia sortzen digu».

Ainhoa Abinzanok oso egoera berezia kontatu du. «Nire semea etxean jaio zen, zailtasunak izan nituelako. Bizilagun batzuk etorri ziren laguntzera anbulantzia etorri bitartean. Denak joan-etorrian ikusten nituen, urduri, elkarrekin hizketan, baina nik ez neukan ideiarik zer pasatzen ari zen. Pentsa. Erdi zorabiatuta nengoen eta ez nekien nire semea bizirik edo hilda jaio zen ere. Oso egoera traumatikoa izan zen».

Hain muturreko egoerara joan beharrik izan gabe, duela gutxi gimnasio batean eman zuen izena. «Monitoreari esan nion gorra nintzela, baina azalpenak garbi ematea nahikoa zela. Estralurtarra banintz bezala hartzen ninduen, arraro begiratzen zidan, arraro hitz egin, gainontzeko guztiak niri begira geratzen ziren... ariketak azaltzeko orduan, maiz bizkarra ematen zidan eta ez nintzen enteratzen... Azkenean utzi egin nuen, eromen hutsa zelako».

Lan munduan panorama ez da hobea. «Pertsona gor asko enplegu zentro berezietara bideratzen dituzte, desgaitasunak dituzten pertsonekin. Gure traba bakarra ez dugula entzuten da, gainontzeko gaitasun guztiak primeran ditugu. Ohiko lan munduan sartzeko aukera gehiago izan beharko genituzke», nabarmendu du Rodriguezek.

«Gorren mundua erabat ezezaguna da entzuten dutenen komunitatearentzat. Gu ere komunitate horren parte gara, baina iruditzen zait guk gehiago ezagutzen dugula entzuleen mundua alderantziz baino. Inguratzen gaituen mundua erabat entzuten duten pertsonei begira antolatua dago eta guk hizkuntza hori menderatu behar dugu. Aldrebes, baina, muga asko jartzen dira. Badirudi zeinu hizkuntza ikastea ezinezkoa dela, oso-oso zaila dela. Ez da egia, borondate kontua da», bukatu du.