Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Kiruna

Udaletxe berria du Kirunak (Suedia, 18.000 biztanle) eta eder askoa da. Henning Larsen estudio daniarrak diseinatua, urrezko kubo batzuk inguratzen dituen eraztun formako eraikina da. Eraztunean administrazio-bulegoak daude; urrezko kuboetan, aldiz, batzar-aretoa eta eskualdeko artelanak biltzen dituen galeria publikoa. Sarreratik foyer handi batera goaz, eta bertatik jatetxe publiko argitsu batera edo galeriara, bulegoak direlarik gune pribatu bakarrak. Hala, espazio publikoak eraikinaren erdigunean jarriz herritarrek inongo oztoporik gabe zeharkatu ahal ditzaten, demokraziaren kontzeptua azpimarratu egiten da diseinuaren bidez.

Honaino dena ok. Azken finean, eraikin baten ohiko azalpena da. Deigarriagoa da, ordea, udaletxe berri dotoreak ondoan duen erloju-dorrea, 1958koa, udaletxe zaharretik kendu eta berriaren alboan jarri dutena. Keinu nostalgiko bat eraikin garaikidearekin batera. Kontua da abandonatu egingo dutela udaletxe zaharra; are gehiago, abandonatu egingo dituzte herriko eraikin ia guztiak. Denak, 21 izan ezik.

Sentimendu gainbaloratua da nostalgia, baina iraganarekin lotzen gaituen mekanismoa ere bada eta ausartuko naiz esatera justifikatua dagoela kasu honetan, herri zaharra abandonatu eta hiru kilometro ekialdera berria egingo dutela kontuan hartuta, 21 eraikin historikoak lekuz mugituz bidenabar.

“The Simpsons” telesailari hainbatetan aitortu izan zaio etorkizuna iragartzeko gaitasuna. 1998ko “Trash of the Titans” atalean Springfield herria zortzi kilometro mugitu behar izan zuten, lurpean axolagabeki gordetako zabor tona guztiak azalera ateratzen hasi eta herria zakarretan itotzen hasi zitzaienean. Kirunan arazoa ez da zaborra, burdina baizik. XX. mendearen hasieran jaio zen Kiruna garaikidea burdin meategia irekitzearekin batera, eta XXI. mendearen lehen erdian hilko da, burdin meategia herria pixkanaka irensten ari da-eta. Deformazioak eta lur mugimenduak gero eta ohikoagoak dira, eta mahai gainean ez dago alternatiba hobeagorik: 18.000 biztanle eta 21 eraikin –tartean eliza – literalki lekualdatzea da geratzen den aukera bakarra.

Eliza, erloju-dorrea eta beste zenbait eraikin historiko mugitzeak trantsizio aparatoso hau apur bat malgutzea du helburu, herri berria herri zaharrarekin lotzeko nolabait. Udaletxe berriak, bitartean, nortasun komunitarioaren sustrai geografiko berria izan nahi du, genious loci-a galdu ez dadin lagun dezakeena. Azkenik, burdin meategiak orain arte bezala jarraituko du, lanean, herriko ekonomia bermatuz hiru kilometro urrunagotik.

Bizirik mantentzen zaituenak hil zaitzake, kontuan hartzeko moduko aholkua iparraldeko 68 latitudetik, Kirunak lurpea nola edozer ustiatzera ohitu garen garaiotarako. •