Garazi Goia - @ GaraziGoia
Idazlea

Deshumanizazioaz

Urte askoan lanean egon nintzen bulegoen ondoan, Londres erdiko kale ezagun batean, presentzia handiko etxe baten aurrean, ezlekuan balego bezala, eskale bat egoten zen. Dirua eskatu ordez irribarreak eskatzen zituen. Kartoizko xafla batean eskuz idatzitako testu bat baino ez zeukan. Nahiz eguzkia edo euria ari, han egoten zen beti. Irribarreak eskatuz. Hori bakarrik. Bueltan, berak beste irribarre bat eskaintzen zuen.

Sinesgaitz begiratzen zioten denek. Mesfidati. “Ziur badagoela irribarrearen atzetik beste zerbait”. “Bere bizitzako istorio dramatikoa izango du hurrena kontagai. Badaezpada ez diot begiratu ere egingo”. “Irribarre bat luzatu berari, nola bada, ezezagunei hobe ezer ez ematea, ezta irribarre bakar bat ere”. Antzeko pentsamenduak izango zituzten buruan gehienek.

Bilbo erdiko kale nagusietako batean, goizeko lehen orduan, lanera bidera zihoazen jende emanaren erdian, irrist egin eta G lurrera erori zenean, pertsona bakar bat ere ez zitzaion gerturatu zer moduz zegoen galdetzera. Ez dakit zer ibiliko zen haien pentsamendu berekoi eta indibidualistetan. Logura zeukatela, bilerara berandu iritsiko zirela, gosaltzeko denborarik ez zutela izan, ajea gainetik ezin kenduta kafe bat hartzeko irrikatan zeudela. Edo, bestela telefonoaren atzean ezkutatu ziren, premiazkoa ez zen telefono dei hura egin nahian edo axola ez zitzaizkien albisteak Twiterren irakurriz.

Bilboko aireportuan, terminaletik atera eta lasai oinez zihoazela, kontrako norabidean arrapaladan zetorren gizon hura saihesteko denborarik ez zuen izan L-k. Bi segundoren buruan odol putzua ikusi zuen lurrean eta gizonari sudurreko hezurra hautsi ziola pentsatuz aurkitu zuen bere burua, zer gertatu berri zen ohartzeko denborarik ere gabe. Gizonaren “telefonoa”, “telefonoa”, “telefonoa utzi dut hegazkinean” oihuek oraindik sinesgaitzagoa egiten zuen une hura. TELEFONOA. Ditxosozko telefonoa ahaztu zitzaion. Bere onetik aterata, telefonoa berreskuratzea helburu bakartzat zuen.

Bien bitartean, han inguruan zegoen jende guztiak bere horretan jarraitu zuen, gertatzen ari zenaz guztiz entzungor. Negarrez ari zen haurra edo zer gertatzen ari zen ulertzen ez zuela izututa alde batean zegoen 4 urteko neskaren inozentzia eta zaurgarritasunak ere ez zuen gupidazko imintzio bakar bat ere eragin inguruan. Zer egiten da horrelako kasuetan? Gizonari salakuntza bat jarri jarrera publiko desegokiagatik? Edo akaso, horrelako erreakzioa izateko kemena duen edonor deshumanizazioak jan du dagoeneko eta guztiz alferrikakoa da ezer egitea. Bai bera bai golpea gertatu eta hiru minutura lasai-lasai azaldu zen bere emaztea ere.

Teknologia berrien esparruan gizatasuna zalantzan jartzen da hainbatetan, adibidez sare sozialek duten eragina balio etiko batzuk manipulatzerakoan, sortzen ari garen bizitza indibidualistak aldarrikatzerako orduan, sortzen ditugun «alter ego» edo alegiazko pertsonaien inguruan. Deshumanizazioaren hainbeste adibide daude eguneroko edozein leku eta ordutan. Aste honetan Nazio Batuek antolatutako Klima Ekintzarako Goi Bileran gertatutakoak tristura eman dit. Greta Thunberg ekintzaile ekologista nerabearen diskurtso hunkigarria sare sozialetan gehien ikusi den bideoa izan da. Thunbergek duen helburuaren etikotasun, zuzentasun eta balio handiko lanari kontrajarriz, aldaketa klimatikoa bezain arazo larri bat konpontzeko, haur bat “erabiltzeak” ez al dio helburuari gizatasun guztia kentzen? •