Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Mario Bungeren mendebetetzean

Ehun urte bete berri ditu Mario Bunge (Buenos Aires, 1919ko irailak 21) fisikari, filosofo eta epistemologo argentinarrak. Askoren aburuz, zientziaren filosofo handienetakoa den honek, filosofo errealista, zientifista, materialista eta sistemista gisa du bere burua, errealismo zientifiko eta filosofia zehatzaren defendatzaile izanik. Bere idazle ibilbide luze eta oparoan ia urte beste liburu idatzi ditu, horietatik ezagunenak “Zientzia, bere metodoa eta bere filosofia” (1960), “Ikerketa zientifikoa” (1967) eta “Filosofia Tratatua”-ren zortzi bolumenak aurkitzen direlarik (1974-1989). Horrez gain, pseudozientzien –psikoanalisia, homeopatia zein ekonomia dominantea– aurka agertu duen postura publikoagatik da ezagun Bunge, baita hamaika korronte filosofikoren kritiko gisa ere –existentzialismoa, fenomenologia, postmodernismoa, hermeneutika edo marxismoa, besteak beste–. Bere ibilbidea La Platako Unibertsitateko fisika teoriko eta filosofia irakasle gisa hasi bazuen ere, Buenos Airesekoan jarraitzeko, 1963an erbesteratu egin zen, eta, AEBetatik eta Alemaniatik pasa ostean, Kanadako McGill Unibertsitateko irakaslea da 1966tik, egun irakasle emeritu izanik logika eta metafisika alorrean.

Bere lanaren erreferentziak erabilitakoa naiz nire zientzia dibulgatzaile ibilbide laburrean, nahiz eta, egiari zor, bere obra ez dudan ezagutzen. Egunotan Bungeri egin elkarrizketa hainbat irakurtzen egon naiz, baita bere aurka idatzi diren kritika batzuk ere. Ez dago zalantzarik bere mendebetetzean zorionak jasotzea merezi duenik eta opari gisa –partekatzen ditudan– bere baieztapen batzuk utziko ditut hemen, bere lanera hurbiltzeko gonbita egitearekin batera: «Filosofia trantze txarra pasatzen ari da, pentsamendu originalik ez dagoelako. Filosofia irakasle gehienak antzinako filosofoak komentatzen aritzen dira, problema berriei aurre egin ordez». «Zientziak eta filosofiak ezin dute elkar joka aritu. Are, eskuz esku egin behar dute aurrera, ikerketa zientifikoak suposizio filosofikoak eta ondorio filosofikoak baititu». «Zientziari beldur izan dio beti eskumak, eta egun baita ezkerrak ere». « Zientzialariek kolegentzat idazten dute, eta ez herriarentzat. Zientzialariek dibulgazioa ere egin beharko lukete, eta zientzia kazetariek informatu egin beharko lukete idatzi aurretik».

Azken hori, bestela ezin zenez, nire egiten dut, Bungerentzat ziur aski pseudozientzalari soil bat naizen honek. Marxista bezala, dialektikari egiten dion kritika aztertzeko tartetxoa hartu dut eta ezin naiz Bungerekin bat etorri, ez zientzialari, ez eta batez ere, militante gisa. Zer esan egiaz eta mundu hobe baten bidean egin behar denaz Gudari Egunaren biharamunean! Izan ere, batera edo bestera, zientzialari gisa esaten ahal dudana da Herri honetan tarte handiagoa eman beharko geniokeela zientziari, arreta handiagoa jarri eta zentralitate handiagoa eman, batez ere estrategia politikoaren alorrean. Horixe gaurkoan nire ekarpena eta agurra euskal zeruan pizturiko izar gorri guztiei! •