Gorka Elejabarrieta

Beldurra

SNP alderdiak, independentzia erreferenduma galdu eta gero, besteak beste hiru gauza esan zituen. Lehenik, nola ez, eskoziarren erabakia onartzen zuela. Bigarrenik, independentziaren alde lanean jarraituko zuela, honen aldeko gehiengo bat lortu arte. Eta, azkenik, epe labur eta ertainean bigarren erreferendum baten aldeko apustua egingo zuela bakarrik baldin eta garaiko egoerarekiko aldaketa estruktural sakonen bat gertatuko balitz. Bada, aldaketa hori laster emango da, Eskoziak Europar Batasuna utziko baitu, nahiz eta eskoziarren gehiengoak Brexitaren kontra bozkatu. Eta SNP emandako hitza betetzera doala dirudi, berriki egindako Konferentzia Politikoan bigarren erreferenduma antolatuko duela iragarri baitu bere idazkari nagusia den Nicola Sturgeonen ahotik.

Konferentzia berdinean Nicola Sturgeon berak Kataluniako independentisten kontrako sententzia gogor salatu zuen, erreferendumak antolatzea legez kanpo uzten duen edozein lege aldatu beharra dagoela aldarrikatuz. Antzeko salaketak entzun ditugu Westminsterren eta beste hainbat tokitan ere.

Europar kontinentean erreferendum berriak modu adostu eta baketsuan egingo diren aldi berean, espainiar Estatuan gauza bera egiteagatik ordezkari politikoek kartzelara joaten jarraituko dute. Europako testuinguruan eta XXI. mendean, demokrazia garatua duten estatuek ez dituzte beren ordezkari politikoak erreferendumak antolatzeagatik kartzelara bidaltzen. Gainera, ez dirudi etorkizun hurbilean espainiar Estatuan egoera hori aldatuko denik. Ez dirudi espainiar Estatuak Erresuma Batuaren edo Danimarkaren eredua jarraituko duenik. Gure zoritxarrerako, Turkiaren bide bera jarraituko dute. Ondorioz, ez gaituzte konbentzituko baina ez gaituzte joaten utziko ere. Eta horrek dena baldintzatzen du.

Egoera demokratiko normal batean independentiston eginbehar nagusia independentziak ekar ditzakeen onurak azaltzea da, gero eta independentista gehiago lortzea. Eta estatuena, aldiz, batasunaren gauza onak azpimarratzea. Eskaintza ona eta erakargarria egin ahal izateko proiektu sendoa eraiki eta sedukzio politikoa erabiltzea. Gurean, aldiz, ez dago, ez da egongo, horrelakorik. Sedukzioaren ordez indarra erabiliko dute eta, etorkizuna erabakitzeko aukera eskaini beharrean, elkarrekin jarraitzera behartuko gaituzte. Horrek bidea eta eginbeharrak aldatzen ditu, erantzun beharreko galdera ez baita agian guk uste genuena. Kontua ez da bakarrik independentzia nahi duzun edo ez. Horrekin batera badago gutxienez pisu berbera izan dezakeen beste galdera bat: «Egungo egoeran, eta Estatuak nola erantzungo duen jakinik, bide horrek izan ditzakeen ondorioak jakinik, prest al zaude independentziaren aldeko lanean jarduteko?». Eta galdera beste bat bada, erantzuna, egin edo lortu beharrekoa alegia, beste bat izango da ere.

Gure herriak bahiturik daude. Ezin dute nahiko luketena modu librean eraikitzen saiatu, Estatuaren mehatxua beti presente baitago. Atxilotua izateko mehatxua, kartzelara joateko mehatxua, daukazun autonomia galtzeko mehatxua...

Bidearen amaieran pareta dago beti, eta orduak, egunak eta urteak aurrera doaz, pareta nola apurtu, nola gainditu eztabaidatzen dugun bitartean. Egun daukaguna galtzeko beldurra lor genezakeen horren parean jartzen dugunean, bihotza eta burua ez dira beti ados jartzen. “Stockholmgo sindromea” gainditu eta gure oraina eta etorkizuna bahiturik dagoela jabetzea da lehen pausua. Ipuinean bezala erregea biluzik dagoela esatera ausartzea. Eta daukagun hori lortu genezakeen horren alde arriskatzera gero eta jende gehiago eramaten lortzea. Esango nuke Katalunia bide horretan dagoela, egoeraz jabetu eta bukaeraraino joateko prest dagoen jende asko baduela. •