Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Irakasletik ikertzailera

Galdera bota dit lagunak: «Zuk zer pentsatzen duzu, etorkizunean ere heziguneak horrelakoak izango direla? Pareta gabeko espazio irekiak, estetikari eta diseinuari hainbeste begiratuko diotenak?». Galderak errazak eta erantzunak zailak gertatu zaizkidan beste hainbestetan bezala, kristalezko bola alboan izan nahiko nuke: hura igurtzi, barrenean begiratu eta gure eskolen etorkizuna ikusi ahal izateko. Haren ezean, ordea, nire baitan bildu eta hausnarrean hasi behar.

Oraintxe ez dira garai samurrak hezkuntzarentzat. Horixe da etorri zaidan lehen ideia. Argi dago eskola eredu berrien bila dabilela. Denbora gutxian, egiaztapen berriak datozkigu neurozientziatik, etologiatik, psikologiatik, biologiatik, pedagogiatik eta beste hainbat zientzietatik. Jendartea ere eskakizun berriekin ari zaio eskolari, orain artekoak dagoeneko ez duelako asetzen. Horrek guztiak, informazioaren, formazioaren, egiteko moduen eta ideia berrien marea bat ekarri du eskola asko eta askotara.

Hezkuntzan une interesgarria bizi dugu. Horra hor datorkidan hurrengo ideia. Ez al gara galduko eraldaketaren eta berrikuntzaren itsaso handi horretan! Diskurtso ederrak eraikitzen ari gara haurraren, askatasunaren, autonomiaren, bakoitzaren izatearen eta erritmoaren errespetuaren, norberaren garapenaren eta abarren gainean.

Hala, hitz handien garaian sentitzen naiz zenbaitetan. Inklusioa, errespetua, feminismoa, aukera berdintasuna, kooperazioa, kritikotasuna, ekintzailetza... zein zerrenda luzea! Eta beldur naiz nola ulertu ote ditugun horietako bakoitza. Horien ondoan faltan bota izan ditut sarritan koherentzia, kontzientzia, lankidetza, lanerako kultura... Azken finean, gu hezitzailea gu pertsonaren aurrez aurre jartzen duten hitzak. Hortxe hurrengo ideia.

Nire ustez, azken hitz horiek dira gure barrura begira jartzen gaituztenak. Izan ere, haurra erdigunean eramateko saiakera horretan ezin dugu geure buruaz ahaztu; nolako hezitzaileak behar ditugun hausnartu beharra dugu.

Zorionez, gero eta gehiagotan entzuten hasi gara hezkuntzan benetako eraldaketa izango bada hori hezitzaile profilaren aldaketatik etorriko dela. Eraldaketa egiteko ezinbesteko profila irakasletik ikertzailera pasatzea dela.

Berrikuntzaren definizio mamitsua iritsi zait esku artera: «Gutxi gorabehera sistematizatuta dauden ideia, prozesu eta estrategia multzoa da. Haien helburua, gaur egun indarrean dauden hezkuntza praktiketan aldaketak bultzatzea eta eragitea da. Berrikuntza ez da ekintza puntual bat, prozesu bat baizik, bidaia edota ibilbide luze bat ikasgeletako bizitza, heziguneetako antolaketa, hezkuntza komunitatearen dinamika eta irakasleriaren kultura profesionala aztertzera pausatzen dena. Berrikuntzaren helburua, indarrean dagoen errealitatea aldatzea da, ikuskerak eta jarrerak eraldatuz, metodoak eta esku hartzeak aldatuz eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuak, kasuan kasu, hobetuz edota eraldatuz. Berrikuntza, beraz, aldaketarekin batera doa eta osagai –agerikoa edo ezkutukoa– ideologikoa, kognitiboa, etikoa eta afektiboa du. Izan ere, berrikuntzak subjektuaren subjektibitateari dei egiten dio, eta, era berean, hezkuntza-ekintzarekin batera doazen teoriaren eta praktikaren arteko harremanei», (Carbonel 2002).

Badugu zer hausnartua, eta hezkuntzara benetako eraldaketa iritsiko bada, hezitzaileok zor dugu gogoeta hori. •