Miguel Fernandez Ibañez
SKOPJEKO MENDIA

Giza presioak eta eraikuntza lanek uholde arriskua areagotu dute Mazedoniako hirian

Inork ez du jada Vardar ibaian bainurik hartzen. Eta ez da lur kolorea duen uragatik. Shishevoko Treska lakua eta Sarajeko kirolgunea ere hutsik daude ia-ia, Skopjeko biztanleak bertara joaten ez direlako. Vodno mendia, Ipar Mazedoniako hiriburuaren ezbehar naturalen aurkako defentsa, arriskuan da espekulazioaren ondorioz.

Eguzkia egiten duenean mendizalez, txirrindulariz eta 1.000 metroko altueran piknikak egitera gerturatzen diren familiez betetzen da Vodno mendia, mazedoniarrez, “Mendi Umela”. Skopjeko ikurra da Vodno mendia, baita Ipar Mazedoniako hiriburuarentzat funtsezko gunea ere, aisialdi eremua izatetik harago, ezbehar naturalengatik babesten baitu.

Ez da, beraz, harritzekoa, 6 urte zituenetik Vodnora igotzen den Mira Bekar kezkatuta izatea egun mendiaren etorkizunagatik. Izan ere, Ipar Mazedoniak aspaldian izandako gobernu guztiek jarri dute arriskuan bertako bioaniztasuna, eta, bide batez, baita Skopjeko hainbat auzo ere, euriteek izugarri gogor kolpatzen dituztenak.

Hazi, edonola eta edonora

Vodno mendiaren eta Skopjeren arteko talka gizakiaren noraezaren erakusle da. Skopje izugarri hazi da azken hamarkadotan. Duela mende erdi eskas 100.000 biztanle zituen, egun milioi erditik gora. Hazkunde hori mendez mende lurrotan bizi izan direnek kontuan izandako logikaren guztiz aurkakoa da.

Skopjetik pasatako herri eta inperio guztiak Vardar ibaiaren ezkerreko ertzean finkatu izan dira historikoki, xede jakin batekin: eskuineko ertzean sarri ematen diren uholdeak ekiditea. 1963ko uholdeek hiriaren %75 suntsitu ostean, baina, eskuineko ibaiertz aldera hazten hasi zen hiria paradoxikoki.

Lehen urteetan, herritar txiroenak, etorkinak, gutxiengo etnikoetako kideak hasi ziren ibaiaren eskuinaldean finkatzen. Ostean, elite eslaviarra iritsi zen. Horrela bada, eskuineko ibaiertzaren gainean den Vodno mendiaren magala, hiriburuko luxuzko auzoa bilakatu zen; bere harrotasuna erakutsi nahi zuen mazedoniar orok, erakundeak tartean, bertan eraiki behar zuen, bai ala bai.

Europako hiri kutsatuena

Panorama Hotelaren ondoan elkartu gara Mira Bekarrekin, mendira eramaten duen sarrera nagusian. Unibertsitateko irakaslea da, baina “I Love Vodno” erakundearen izenean etorri da hitzordura.

Erakundearen borrokaren emaitza gazi-gozoa izan da orain artean: Gobernuak Vodnotik pasa behar den gas-hodi baten zabalera murriztea onartu du, 10.000 zuhaitz ez botatzea lortuz, baina mendia higatzen ari diren hainbat proiekturekin buru-belarri jarraitzen du. Hori guztia, gainera, non eta Europako hiririk kutsatuenaren birika den mendian. Skopjeko kutsadura aztertzean, kontuan izan behar da Ipar Mazedoniako hiriburua mendiz inguratuta dagoela. Hori dela eta, mendiek ez diote hiriaren gainean pilatutako aire kutsatuari irteten uzten.

«Ez nain ingeniaria, baina adituek diotenez kaltea handia izango da. Gas-hodiaren eragina ez da berez hain handia izango, baina kontua da beste mehatxu asko ere pairatzen dituela jada Vodno mendiak. Ez da proiektu bakarraren kontua, guztiena baizik!», dio kezkatuta 44 urteko emakumeak.

Inguruan egindako lehen eraikin handia Milurteko Gurutzea izan zen, 66 metroko altuera duena eta Skopje gauero argiztatzen duena. 2002ko proiektua da, eslaviarren eta albaniarren arteko liskarrak nahiko bare ziren garaian egindakoa, kristautasuna Mazedoniari iritsi zenetik 2.000 urte betetzen zirela ospatzeko. Gero iritsi ziren 1.000 metroko telekomunikazio dorre izugarria eta Sun City luxuzko urbanizazioa.

Azken proiektua, nahiko aurreratuta dagoena, Kosovotik Tetovora, Gostivarrera eta Kiçevora doan gas-hodia da. Gobernuak 2018an ekin zion eraikitzeari, inori ezer esan gabe. «Matkako arroilara bidean zihoazela ohartu ziren mendizale batzuk», gogoratu du Bekarrek, Vodno inguruan egiten ari garen txangoan. Makina zulagailuak eta natura hila nagusi dira inguruan.

Aitzakia, lur pribatuak

“I Love Vodno” erakundea 2013an hasi zen lanean eta gas-hodia eraikitzeko bost alternatiba aurkeztu zituen, baina guztiek lur pribatuak zeharkatzen zituzten, Ipar Mazedoniako legearen arabera desjabetu ezin daitezkeenak. Aldiz, lur publikoetan posible da “aberriaren interesen mesedetan” proiektuak egitea, eta gas-hodiarena ere hor sartzen omen da.

“I Love Vodno”-ko kide Ivan Blinkovek adibide bat erakutsi digu Google Earth erabilita: «Emakumezko batek Komonavarako errepidearen proiektua zazpi urtez oztopatzea lortu zuen, bere partzela saltzeari uko eginez. Azkenean ibilbidea aldatu behar izan zuten familia bakar baten ezetzagatik. Bada, orain, historia bera errepikatzen ari da gas-hodiaren kasuan. Lur pribatuak desjabetu beharko lirateke, baina legeak ez du hori baimentzen».

Cirilio eta Metodio Santuen Baso Ingeniaritzako Fakultatean irakaslea da Blinkov. Blinkov bera eta Bekar bat datoz legeak aldatu egin behar direla esatean, baina, batez ere, Vodnon edozein aktibitate debekatzeko lege bat bultzatzearen beharra azpimarratzen dute. Izan ere, mendiaren zati bat babestutako parke naturala da, baina, bestea, gizakiek guztiz hartuta dute, beren asmo pribatuen mesede.

Legeak lege, hori bai, beti daude politikariek baliatzen dituzten zirrikitu legalak, Sun City urbanizazioren kasuan gertatu zen bezala. «Aurreko gobernuak babestutako eremuaren mugarriak aldatu zituen urbanizazioa eraiki ahal izateko. Lege bat egonik ere, mugak ez daude ondo zehaztuta eta aldatu egin daitezke gobernuak nahi izanez gero», dio Bekarrek. Ildo horretan, argi utzi du ez direla agintariez fio, eta, horren erakusle, Vodno mendia eta Matkako arroila babesteko antolatutako mahaira ez dituztela “I Love Vodno” erakundeko kideak gonbidatu nabarmendu du.

Titoren garaian, parke natural

Vodno basoz betatako mendia izan zen nekazaritzak, abeltzaintzak eta neurririk gabeko zuhaitz mozketak malda guztia lugorri bihurtu arte, batere landarerik gabeko gune. Ostean, higaduraren ondorioz, uholdeak ugaltzen hasi ziren mendiaren magalean, Vodno menditik behera erortzen ziren ur-jauzi ikusgarrien eraginez.

1951ean, mendiaren magalean ia inor bizi ez zenean, euriteek hildako bat, hainbat zauritu eta azpiegituretan kalte handiak eragin zituzten. Hurrengo urtean bertan, garaiko Jugoslaviako Gobernuak berehalako erabakia hartu zuen: Serbia, Kroazia, Eslovenia, Bosnia eta Mazedoniak osatzen zuten Federazioak babestutako parke natural izendatu zituen Vodno mendia eta inguruak. Abeltzaintza eta nekazaritza guztiz debekatu zituzten eta, zuhaitzak berriro landatzeaz gain, uraren drainatze eta kanalizazio lanak agindu zituzten. Beharrezkoa izanez gero mendiari eusteko lanak egitea ere aurreikusi zen. Hala ere, orduan aurreikusitako hainbat azpiegitura osatu gabe daude ia zazpi hamarka eta gero.

«1960ko hamarkadan ez zegoen behar beste dirurik proiektua osatzeko. Badaude toki batzuk, batez ere Jauregi Presidentzialaren inguruak, non oso ondo egin zen urbanizazioa, kanalizazioa barne. Baina beste hainbat tokitan, Kisela Voda auzoa tartean, ez. Ondorioz, euriteak daudenean, ura hiribururaino iristen da kaleetan behera, etxeek kanalak ixten dituztelako edo ez delako kontrol-azpiegiturak», azaldu du Blinkovek. Unibertsitateko irakasleak badaki zertaz ari den eta, zalantzak argitzeko, Google Earthera jo du berriro naturaren haserrealdiek gogorren kolpatzen dituzten guneak erakusteko.

Eraikinen kalitatea, zalantzan

Auzian bada funtsezko beste kontu bat ere: eraikinen kalitate zalantzagarria. Bekar bera, makina bat mazedoniar bezala, ez da fio. «Ni neu Vodnon bizi naiz eta euri asko egiten duenean errekak sortzen dira kaleetan. Panorama Hotelaren inguruan zen eraikin bat ia guztiz erori egin da. Jendeak badaki hainbat eraikin ez direla behar bezala eraiki», gaineratu du.

Blinkovek, ostera, tentu handiagoarekin hitz egiten du. «Ingeniari zibilei eraikinen egonkortasuna tentuz aztertzeko gomendatu diet. Baina lan handia da eta diru asko behar da. Lurra zulatu gabe ezin dute diagnostiko zehatzik eman», onartu du. «Hala ere, oro har, proiektuei oniritzia eman dieten institutuak fidagarriak dira, egia baldin bada ere Nikola Gruevski presidentearen garaian 5-10 urteko epe bat egon zela non eraikuntza proiektuek ez zuten inolako kontrolik igarotzen onartuak izateko».

Kontuak kontu, zalantzarik ez dago Skopjeko birika den Vodno mendiaren egoera kezkatzeko modukoa dela egun. Etengabeko eraikuntza egitasmoek egoera okertu besterik ez dute egiten, batez ere eurite garaietan. Horregatik, askok uzte dute ezinbestekoa dela gunea erabat babestu eta eraikuntza lanekin amaitzea. Blikov bera da horietako bat. «Ez dut uste gertatuko denik, baina Vodno guztia higadura-gune izendatu eta gehiago ez eraikitzea nahiko nuke», amaitu du irakasleak.

 

Azken aurrekaria, duela bi urte

2016ko abuztuaren 6an, euriteek, metro karratuko 93 litro bota zituen, Skopjeko zenbait auzo eta inguruko herrixka batzuk urpean utzi zituzten. Skopska Crna Gora menditik behera jaisten zen erreka hiriburua zeharkatzen duen autobideraino iritsi zen, baina agintariek ez zuten trafikoa moztu. Emaitza ikaragarria izan zen: 23 hildako.

Ivan Blinkov unibertsitate irakasleak gogoan ditu 24 ordu odoltsu haiek. Horregatik, prebentzioa eskatzen du, Skopska Crna Gora mendiko hondamendia errepika ez dadin. Hondamendiaren ostean, mendia higadura-eremu izendatu zuten. Beste behin ere, berandu. Vodno mendia ez da hain arriskutsua, ez baita hain altua eta baso gehiago baititu. «Baina tamaina horretako euriteek beheko magal osoa urperatuko lukete, bideak ibai bilakatuz eta dena eramanez, tartean herritarrak».

Arriskua nabarmena da eta Skopjeko hiritarrek ez dute ahaztu 2016an urpean geratu zela hiriaren erdiguneko Teresa Kalkutakoaren Etorbidea. Blinkovek Sun City urbanizazioan uholde batek izango lukeen eragina ere erakutsi digu mapa baten laguntzaz. Gero eta agerikoagoa den krisi klimatikoa kontuan izanik, bai berak bai Mira Bekarrek argi dute: prebentzioa da gakoa.