Iker Barandiaran

Belarria prest

Pasa den astean bost egunean bost kontzertutan izan nintzen. Horietako bakoitza kokagune desberdin batean, antolakuntza mota eta testuinguru guztiz ezberdinarekin; horietako bakoitza bere amarena baina guztiak primerakoak. Horrelakoa da Euskal Herrian dugun musika eskaintza: aberatsa eta askotarikoa. Hori egiaztatzeko nahikoa da Musikazuzenean.com webgunea ikuskatzea edozein asteburutan, Euskal Herrian dugun musika emanaldien agenda osatuena, nahiz eta hortik kanpo ere izaten diren beste kontzertu asko. Izugarrizko altxorra dugu hemen, askoren hamarkadetako lanaren ondorioz garatutako azpiegiturek eta kontsumo ohiturek erraztu dutena, eta esker onez mantendu eta indartu beharko genukeena.

Bost egunean bost kontzertu ikustea erronka gisa “saldu” banuen ere, ez zen inolako sufrikarioa izan; ez zaila, ez nekeza ezta esker txarrekoa ere; alderantzizkoa, gozamena. Ezagun da aspaldidanik musika oso gustuko dudala; eta are gehiago zuzeneko formatuan. Hori baita niretzat musikaren esentzia baliotsuena, biziena eta eraginkorrena. Asko da kontzertuek ematen didatena edo dutena, horietan jasotzen dudana; bai deskonektatzeko eta gozatzeko bai barrenak askatzeko. Eta edozeini gomendatzen diot: bada etxetik irtetea gustuko duena; lagun artean egotea maite duena; edateko asmoz kalera irteten dena; edo sorterritik kanpora irteteko beharra duenik. Horiek guztiak eta gehiago egin daitezke kontzertuetan. Eta, gainera, musikaz gozatu, jakina. Bestalde, kontzertu batera bakarrik joan zaitezke lasai asko, eta ziur egon musikaren eta inguruaren laguntzaz ez zarela inolaz ere bakarrik sentituko.

Oso gaztetan –beste askok bezala– konexio berezia lortu nuen garaiko hainbat musika talderekin: haien hitzekin, mezuekin eta musikarekin. Gertukoak zitzaizkigun kontuez, kalean bizi genuenaz, abesten zuten. Kantu horiek propio egin eta poliki-poliki musika abanikoa handitzen joan ginen, atzerriko talde batzuei ere ateak zabalduz. Ez genuen azken horien hitzak ulertzeko ahaleginik egiten, baina musikak harrapatu gintuen. Garai horretan zortekoa izan nintzen lagun-min baten arrebak Ingalaterratik diskoak ekartzen zizkigulako. Ordurako bagenuen bilatzeko grina eta punketik hardcorera egin genuen salto; musika bizitzeko, sentitzeko eta gauzak egiteko beste modu batera. Modu hori hain aktiboa eta horizontala izanik, Estatuko bazter desberdinetako talde eta eragileekin gutunak, informazioa eta beste trukatzen hasi ginen; eta, modu horretan, gu ere eszena eraikitzen. Gauza batek beste bat ekarri, eta, Arrasateko lehen gaztetxean ikusle edo erabiltzaile soilak baginen ere (gure adina halakoa zen), bigarren gaztetxea eratzeko prozesuan buru-belarri sartu ginen alternatibak eraikiz, izugarri ikasiz eta musikari ere bestelako bultzada bat emanez. Horren erakusle, zuzenekoetarako erreferentziazkoa bihurtu zen gune hori elikatu genuen.

Gaztetxeen eszena ez dugu inoiz alboratu nahi izan, balizko zaigu betirako. Baina horri gehitu behar diogu Euskal Herriko hirian izandako egonaldian gozatutako guztia, eta baita etxe ondoan Euskal Herriko kontzertu areto garrantzitsuenetakoak (Txibisto, Txitxarro eta Jam) izanaren luxua eta horrek ekarritako milaka aukerak ere. •