Amagoia Mujika Telleria

ZAINTZAILEA ETA EMAKUMEA; PREKARIO IZATEKO KONDENA?

Irudimentsu, nekaezin, borrokalari. 2019a Gipuzkoako adinekoen egoitzetan lan egiten dutenen borrokaren urtea izan da zalantzarik gabe. 160 greba egun baino gehiago, askotariko protesta moduak eta borrokari eusteko grina. Horixe urtearen hondarretan piztuta dagoen metxa.

Pasa den irailaz geroztik ari dira borrokan eta dagoeneko 160 greba egun baino gehiago pilatu dituzte. Gipuzkoako zaharren egoitzetan eta eguneko zentroetan lan egiten duten 5.000 langile dira, ia denak emakumeak, eta gure jendartearen zutoin pisutsuenetakoa eusten ari dira: zaintza. Lan baldintza prekarioekin bukatzeko ari dira borrokan, irudimenez eta indarrez, baina mahaiaren beste aldean dauden enpresak –Aldundiak azpikontratatutakoak– ez dira mugitu. Zalantzarik gabe, 2019a emakume langile horien borrokaren urtea izan da. Datozen hilabeteek zer emango duten ikusteko dagoen arren, langileek garbi daukate ez direla honaino iritsi orain pauso bat atzera emateko. Bai edo bai, borrokarekin segituko dute, beren lan baldintzak eta, beraz, adineko pertsonen zaintza hobetzeko neurriak lortu arte. Izan ere, langile hauen egoera, egunerokoan bizi duten estresa eta lan karga, ez da bakarrik beren kaltean, adinekoek jasotzen duten zaintzaren kalitatean ere eragin zuzena dauka. Eta, hala ere, zaintza ahalik duinena da langileek egiten duten ahaleginagatik. Oso presente dutenez, «guk ez dugu torlojuekin lan egiten, pertsonekin baizik».

Langileek garbi daukate, «Aldundiko arduradunek ‘kalitatezko zaintzaz’ hitz egiten duten bakoitzean ileak tente jartzen zaizkigu. Egungoa kalitatezko zaintza izatera gerturatzen bada, langileen izugarrizko ahaleginari esker da. Baina asko dago hobetzeko. Ratioak aldatu behar dira, langile gehiago kontratatu, baldintza ekonomikoak hobetu, lan kontratuak egonkortu... Hori guztia Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura ere bada».

Langileen eskaeren artean, egungo prekaritatearekin bukatzea dago; %100eko kontratuak eta mugagabeak. «Badira %33 edo %40 inguruko lanaldiak. Eta, gero, etengabe aldaketak sartzen dizkiete, unean-unean enpresak dituen beharrak asetzeko. Eta horrela joaten dira lanaldia osatzen. Edozein unetan deitzen diete lanera etortzeko, baimenak, bajak eta bestelakoak estaltzeko. Hartara, beti daude enpresaren mende, haren deiaren zain. Badira lantokira egunean bitan edo hirutan etortzen direnak. Behin-behineko langileak dira eta beldur dira ezezkoa esanez gero hurrengoan ez dietela berriz deituko orduak sartzeko. Langileen prekaritatearekin jolasten dute etengabe. Prekaritatea erabiltzen dute zentroan sortzen diren beharrak tapatzeko eta langileen egoera prekario hori betikotzen dute».

Mahaiaren gainean badira beste eskaera batzuk: oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen mende dauden langileen batez bestekoarekin parekatzea; hiru urteko iraunaldia; kontratazio zuzena, mugagabea eta aldi osokoa; lanaldi normalak –orain oso lanaldi desberdinak dituzte–; langileen ratioak ezarriko dituen batzorde parekidea osatzea –hori oso garrantzitsua da. Aldundiak ezarritako ratioak oso eskasak dira eta lan karga eta erritmoa sekulakoa da. Ratioak oso desfasatuta daude eta askoz gehiago prekarizatzen dute sektorea–; prestakuntza eta formakuntza eta 20 minutuko atsedenak, ordainduak eta lanaldiaren barruan.

Prekarizazioa betikotzeko osagaiak

Emakumeak dira, azpikontratatutako enpresetan lan egiten dute eta zaintzaz arduratzen dira. Prekarizazioa betikotzeko osagai guztiak dituen sektorea da eta, larriena dena, zerbitzu publiko bat eskaintzen du. Emakumeon lan gatazkak ertz esanguratsuak ditu eta bizi garen jendartearen zulo asko bistan uzten ditu. Lehena, zaintzaren ertza. Nagusien zentroetako langileek zaintzaren lehen lerroan lan egiten dute.

Lehen etxeetan egiten zen zaintza ikusezina zen, emakumeek egiten zutelako eta genero rolek inposatuta zetorrelako. Orain, zaintzaren parte garrantzitsu bat zentroetan egiten da, baina ikusezina izaten segitzen du. «Gure sektorea erabat feminizatuta dago eta horregatik gaude egoera hain prekarioan. Gertu tokatzen den arte, zaintza ikusezina da jendartearentzat. Are gehiago, jende gehienak beste aldera begiratzen du. Eta garbi dago zaintza izango dela datozen urteetan konpontzeko izango dugun korapilo handienetakoa», nabarmendu dute langileek.

Datuak argigarriak dira. 2029an Euskal Herriko biztanleriaren ia herenak 65 urte baino gehiago izango ditu. Aldaketa demografiko horiek dagoeneko hasi dira sumatzen. Bizitza-itxaropena luzatu ahala, adinekoen egoitzetan panorama aldatu egin da; gero eta erabiltzaile gehiago daude eta gero eta mendekotasun maila handiagoa dute. «Lehen erabiltzaileak askoz autonomoagoak ziren. Gaur egun, gero eta gehiago dira ‘mendekoak’ edo ‘oso mendekoak’ deitzen ditugunak. Horiek behar duten zaintza ere desberdina da, denbora eta arreta gehiago behar dute».

Egungo sistemak baditu beste zirrikitu asko. Publikoaren eta pribatuaren artekoak kasu. «Zaintzak publikoa izan beharko luke, tartean negozioa egin behar duten enpresarik gabe. Sistema hankaz gora jarri behar da horretarako, sustraitik aldatu beharra dago. Ideologia kontu bat da; zeri ematen diozu lehentasuna gizarte bezala? Pertsonak ahalik eta ondoen egotea jaiotzen garenetik hiltzen garen arte. Eta hori horrela izan dadin baliabide eta jarrera onena eskaini behar da erakunde publikoetatik. Baina normalean mentalitate hori ez dator bat boterean daudenekin. Beren apustua enpresak azpikontratatzea eta zaintzaren lepotik negozioa egiteko aukera ematea da», salatu dute behin eta berriz.