Joana Garmendia

Polizia, poliziago

Duela urte asko, udako ikastaro batzuetan, filosofiaz eta politikaz aritu ginen lagun talde bat, gustura, astebetez. Tartean ariketa zelebrea ere egin genuen, erdi brometan: erabaki behar genuen nola banatuko genituzkeen gizarteko ardurak balizko Euskal Herri independentean, taldean geundenon artean. Alegia, nor izango zen lehendakari, nor kultura sailburu, nor poliziaren nagusi, nor telebista publikoaren zuzendari. Horrekin erabaki behar genuen, baita ere, gure Euskal Herri independenteak izan behar ote zuen lehendakaririk, sailbururik, poliziarik, telebista publikorik.

Benetako saioen artean egindako esperimentu bromazkoa izan zen, atsedenaldi-garaian zer-suma geundela sortutakoa. Txantxa artean disimulaturiko seriotasunez erantzuten amaitu genuen, ordea. Han batek oso argi zuen, izatekotan, unibertsitate publikoaren errektorea izango zela bera. Hura zen pozik hartuko lukeen ardura, eta bazirudien zegoeneko pentsatua zuela zer eta nola egingo zukeen, balizko egun hura sekula iritsiko balitz. Beste bat ere ausartu zen: bera ogasuneko sailburua izango zen, zalantzarik gabe. Nori kendu eta nori eman; horretantxe asmatuko zuen ondoen. Beste lagun bat taldekideek aukeratu genuen, aho batez, poliziaren buru izateko. Ez geneukan zalantza arrastorik hor: gure gizartearen segurtasuna norbaiten esku utzi behar bagenu, hari zegokion ardura hori. Hark asmatuko zuen, bai, nori eman eta nori eman.

Bazen Euskal Herri independente hartan Maria Teresa Campos izan nahi zuenik ere. Aukera arraroa eman dezake, baina, pentsatu ondo: goizero kameraren aurrean gozo eseri eta nahi dituzun guztiak esan, inork erantzungo dizun beldurrik gabe, arrazoirik ba ote duzun inporta gabe, denek amen esango dizutela jakitun. Eta gogoak ematen badizu, gainera, kantatu.

Azken asteetako itxialdiak ere eragin du halako esperimentu soziala gure gizartean. Egunerokoan ditugun rolak berdindu egin dizkigu itxialdiak, eta kale hutsari begira gaude denok, nor bere balkoian; isilagoa eta geldoagoa dirudien kale horri, elurra egiten duenean nola. Eta normalean agindu egiten duenak orain ezin du berdin agindu, ez obeditzen duenak berdin obeditu, saltzen duenak saldu, irakasten duenak irakatsi. Baina, aldi berean, badirudi nahi duena has daitekeela orain agintzen, nahi duena itsu obeditzen, nahi duena egurra banatzen. Eta, esango nuke, bati baino gehiagori geratu zaiola belarriaren ertza agerian.

Harrituta ikusi dugu askok nola oldartu diren gure bizilagunak kalean dabilen ezezagunaren aurka. Zergatik, nora edo zertara atera den ez dakitenari etxera joateko agintzen. Harrituta ulertu dugu, arauak hautsi eta kontutan ari zirenengana ertzainak iritsi badira, norbaitek telefonoa hartu eta haiei abisu eman dielako izan dela. Harrituta jaso ditugu mugikorrean argazkiak, halako-eta-halako batere aitzakiarik gabe kalera ateratzen dela erakusten dutenak. Zenbaitek (ez gutxik), ikusten denez, nahikoa izan dute gizarte-esperimentu behartu hau beraien salatari-, zigortzaile- edo polizia-sena itxitik ateratzeko.

Bien bitartean, benetako poliziak ikusi ditugu lotsak erantzita, neurri guztiak galduta. Udaltzainak poliziarena egiten, poliziak guardia zibilei txaloka, militarrak lixibaz Euskal Herria garbitzen. Esperimentuak erakutsi digu, aukera izatekotan, poliziak argi daukala zer izan nahiko lukeen gure herrian: den baino poliziago. •