Juantxo EGAÑA

Gerrako haurrak Stonehameko errefuxiatu esparruan 1937an

1937ko martxoaren 31n, Italiako Aviazione Legionaria aireko indarreko hegazkinek Durango bonbardatu zuten eta hango biztanleei sarraski ikaragarria eragin. Apirilaren 26an, Kondor Legio alemanak eta Italiako Aviazione Legionariako hegazkinek Gernika bonbardatu zuten. Hiria suntsitu, biztanleak metrailatu eta ehunka hildako eta zauritu eragin zituzten. Durangoko eta Gernikako bonbardaketen ondoren, milaka euskal familiak Frantziara, Ingalaterrara eta Sobietar Batasunera bidali zituzten seme-alabak. Euskadiko Gobernuak antolatutako lehen bidaia horietako bat Habana ontziak egin zuen maiatzaren 6an Santurtziko portutik Arroxelara. Bertan 2.273 haur joan ziren irakasle eta erizainekin. Maiatzaren 16an beste 2.185 haur ontziratu ziren Okzitaniako Paulliac herrira joateko. Maiatzaren 21ean Habana berriro abiatu zen Santurtzitik, oraingoan Southamptonera, 3.840 haurrekin. Hurrengo egunean iritsi ziren 85 maistra, 120 laguntzaile eta 15 apaizekin. Habanan zihoazenek urte batzuk geroago kontatzen zutenez, bidaia ikaragarria izan zen, 4.000 bidaiari baitzihoazen 400 bidaiariko ontzian. Artikulua ilustratzen duen irudia Southamptonetik hurbil dagoen Stonehameko errefuxiatu esparruan egina da 1937ko maiatzaren 23an, Cyril Garbett Winchesterko Eliza anglikanoko gotzainak esparrura egin zuen bisitan. Argazkiaren egiletza ez da argia, baina gordeta dagoen karpetan Amado de Bilbaok sinatutako argazki batzuk daude, eta «Euskadiko Gobernua. Kanpo Harremanak eta Propaganda» zigilua dute.