Ariane Kamio

I-H-E-S-A

Nagikeria. Sofatik oherako bide eternoa. ZU lanean eta NI oraindik gauetik iheska. 21 gradu kalefakzioaren leihatilatxoan. Nagi dabil berau ere, gas bidezko berotasunak ez baitu urtarril hotzari estalkirik egiteko nahi handirik erakusten. Ez nire hezurretan behintzat, ez nire barnean behintzat. Azkenaldian hotzak sentitzen ditut erraiak; arraro dut gorputza, arraro burua.

Ostirala da. Marmar xelebre horrek oherako bidera darama nire gogoa –telebista puta honek ez dakar esperantza izpirik–. Garai batean “rokingostiralak” izan zirenak, egun “Salvame Deluxe” baten inguruan baino ez dira gauza. Ustekabeko irautea. Ostiral atsekabetu bat gehiago. Besterik ez. Kontzertuak, afariak, goizaldera arteko parrandak, sexuak erretako orduak, biharamunak… Denbora. Iraungitako denbora osoa.

Hankak airean uzten dituen siloian egin du ZUk aspaldian gotorlekua, eserita dagoen tokitik ordenagailu portatilaren kablea entxufetik gertuago dagoelako aitzakia erabat bereganatuta. Larru sintetikozko sofa hotzera baztertu nau, baztertu naiz. Badakit distantziaren mugetan sentitzen dela erosoen, sexu anabasara eraman dezakeen inbasio melankolikorako tarterik utzi gabe.

Elkarrengandik pare bat metrora pasatzen ditugu iluntzeak ZUk eta NIk. Haurren zalapartak nahi nituzke orain bizitzaren itzulinguru honetan. Telebistaren hotsa besterik ez lau pareton artean. Telebistako aurkezlearen ahotsaz lokartu izan naiz azken ostiraletan, neure barruari pentsamenduak sortzera behartzearekin bat. Ostiralak.

– Ohera noa.

– Luzerako daukat –, erantzun du ZUk.

Ez du begiak pantailaren aurretik kentzeko keinu txikiena egin, Whatsappari begiratu bat, ozta. Lo aurreko musurik ez. Laztan bakar bat ere ez. Distantziaren mugan beti. Urrutiko aginte baten moldeetan, beti komenitako sintonian.

Komunera joatea errituala da. Barregarria zaio esaten diodan edonori oheratu aurretik egiten dudan azken gauza ipur masailak konketa gainean jartzea dela onartzea. Betiereko auzo-lotsak are lotsagarriago egiten du NIren burua. Bizitzak ekarritako mania sortak. Maite ditut.

Maite dut mugikorraren argietan galtzea. Maite dut Facebook eta “lagunen” ergelkerietan lerde jarioan egotea. “Gaur hamar urte ezagutu ginela, eta inoiz baino zoriontsuago sentitzen naiz. Mila esker emandako guztiagatik. Asko maite zaitut”. Plazerezko ergelkeriak. Maite dut oherakoan izarak oinekin zimurtzea, maite xuxurlaz lokartzea, maite ditut amaren eskuak, maite amonaren bihotz taupadak belarrian, maite gorroto izan ez dezakedan guztia.

Gorroto dut gauean hortzak garbitzea. Hortzorearen hoztasuna hortzoi odolduetan. Nikotinaren arrastoak mingain erian, Listerine zuritzaileak egunez egindako bekatuak esmalte berrituarekin estaliko dituen esperantzaz. Alferrik.

Titi puntak gogortzen zaizkit eranzten naizen oro. Ohe gainean irudikatzen dut ZU oroitzapen lausoetan. Biluzik, tente, gosez, batzuetan. ZUren bizkar iletsua baino ez besteetan, gorakoa eragiten didan alkohol kiratsak erabat hartuta.

Primarkeko polarrezko pijaman estaltzen ditut azken denboran nardagarriak egiten zaizkidan memoriaren erasoak. “I love bed” jartzen duen jertsearen azpitik biguntzen zaizkit berriro titimuturrak, ohean sartu aurretik NIren burua nondik eramango dudan pentsatzen dudan bakoitzean.

Izara garbitu berriekin itzuli naiz berriro AMArenera. Amodioaren lehenengo orduetara. Harreman hasiberrietara. Elkarrekin emandako estreinako orduak, lehenengo pelikulak zineman, hatzak ile artean, musuak.

Igandero egiten genuen ZUren AMAren etxerako bisita, iganderoko bermuta, iganderoko paella, iganderoko arratsalde bakartiak parkean. ZUren futbol partidak telebistan, erremonte apustuak Galarretan, armagnac kiratsa. Igandeak.

Buruan dut aspaldidanik iheserako plana. “The Great Escape” txiki bat 78 metro koadroko etxean. Aterik gabeko fuga. Edo “The Shawshank Redemption” bat. Ez nuke Tim Robbinsek bere plan ezkuturako darabilen Raquel Welchen posterrik beharko. Komuneko ispiluaren atzekaldea zulatzea nahikoa litzaidake utzitako orbanez ZU ohartu ere ez egiteko. Lehiakiderik ez da sortu konketako txiza arrastoen kontra. Nazka.

Edozein gau nahikoa nuke aztarnarik utzi gabe alde egiteko. ZUren astelehenetako elkarte bilera luzatuetan, astearteetako mus saioetan, asteazkenetako mendizaleen afarian, ostegunetako sagardotegian edo ostiraletik aurrera datozen hamaika mozkor fase desberdinetan.

Oinatz txiki bat bakarrik. “Agur, maitia” bat baino ez ihesaren ahoan, ZUk arduraren bulkada aurrez aurre ezagutzeko izango zukeen estreinako aldirako. Kamera ezkutuz ikusiko nuke bentiladore ondotik –han goitik–, ZUren aurpegiaren modalitate desberdinen lekuko isil, ezker eskua galtontzilo zikinetan sartua izango zukeen bitartean.

Plazerez urtuko nintzateke etxeko atea azken aldiz itxiko nukeela jakingo banu. Plazer betierekoa. Fantasia gauzatzea. Gau erdian giltza sorta errekan itotzen ikustea. Bizitza oso bat urkatzea.

***

Urdina eta txuria. Lasaigarriak ur eztitan zintzurretik behera. Mihiseen laztanak eta burkoaren estua.

***

AMAren eskutik noa Ondarreta kaletik. Bazkalordua da. Eta berandu dela iradoki dit. Eskolara etorri zait bila. Ordu batean amaitzen ditu on Ramon haginlariarekin kontsultak. Erizain aritzen da. “Laguntzaile”, dio berak. Anestesikoen usaina eskuetan darama, naturaz; betitik.

Janari-dendan sartu gara. Indarrez eusten du NIre eskua eta sutsuki sarrarazi nau, bultzadatxoaz. Xaboi zati bat baino ez. Ordaindu eta kanpora berriro.

Tente doa kaletik; irribarrerik ez aurpegi azal leunean. Koipez josi du bisaia gaur ere, eguzkiaren aurrean dir-dir handiagoarekin ikus diezaion paretik pasatzen den orok. Larruz egindako berokia darama jantzita; takoidun zapatak eta ondo lisatutako gona eta alkondara. Perla bana belarri bakoitzean; brillantedun lepokoa eta eraztun bakarra, ezkontzakoa. Dama bat.

Begiak bete argi begiratzen diot behetik, metroa baino gehiagoko tartea baitago nire begietatik bere bururaino. Lepoa okertzeak ez dit, ordea, jarrera txarrik eragiten. Maite dut kaletik hari begira joatea, zuloz betetako kaleetan oharkabean hankak bidean galtzea eta esku tiratze batekin berriro gora egitea.

Ostirala da. Eta arratsaldean ez naiz eskolara itzuliko. Badakit AMAk gozo-dendatik pasatzeko tartea egin duela gaur goizean eta txokolate zati mardula daramala ezkerreko besotik zintzilik duen poltsan.

– Noiz dator AITA?–, galdetu diot.

Ez entzunarena egin du, ostera.

Berokia eseki du etxeratu bezain laster. Ez du denbora galtzeko tarterik. Bekokitik izerdi tantak lehortu ditu bere izenaz brodatutako zapiarekin. Sukaldeko mahai gainean utzi ditu erositakoak. Xaboi zatiak txokolate itxura ere izan lezake une horretan bertan.

Katua zain dauka. Eta nagiak kentzeko lehenengo seinalea egin du, AMAri lanean hasteko baimena eman diola iradokiz.

Sargoria da eguerdia. Eltzean bezperako babarrun lehorren arrastoak besterik ez dira ageri. Euliak lanpararen orbitan eta saguaren karraska edarrapian.

Kristalezko armairuaren hondoan gordetako kikara eta platertxoak atera ditu AMAk. Haien ondoan jarri ditu AITArekin ezkondu zeneko zilarrezko goilara txikiak. Mahaizapi brodatuak alboetan eta edari bizietarako kopatxoak aurrean.

Sukaldeko goikaldeko armairutik gaileta kutxa eta mahai gaineko txokolatea prest utzi ditu. Kafe kondarren zorroa sutondoan eta ura irakin bidean utzi ditu. Beltzarandua du azala.

Bortizki heldu nau besotik eta sukaldearen ondo-ondoan dagoen gelara eraman. Gurasoen ohea dut pare. Gurutze azpiko ohantzea. Kaobazko egurra.

Kotoizko blusako botoiak askatu dizkit banan-bana. Leun ari da. Anestesikoen usaina bere hatzetan. Lepo atzetik lehenengo eta ile beltzarana belarri atzetik pasaz egin dit laztan, maltzurki.

Alboko aulkian jarri du alkondara. Txukun. Eta gonako ezker partean dagoen kremailerara eraman ditu eskuak. Lekua egin du NIre besoa alboratuz. Beheraino eraman du, azkar, bidean trabarik aurkitu gabe, eta zaia bere horretan erori da, zaku huts bat bezala.

Eskuz egindako kuleroak eta kamiseta NIk neuk kentzeko keinua egin dit. Bere aurrean biluztu naiz, lotsati. Eta ohean etzateko agindua eman du, keinuz hura ere.

Hankak zabaldu dizkit bortizki eta guata zati bati bultzaz sartu da NIre erraietara. Eta kotoiz itxi du uzkia bera ere. Sudurzuloetara joanda estali ditu gorputzeko ia zulo guztiak. Ahoan masail hondoetan egin ditu kotoizko habiak.

Xaboi zatia ur hotzetan sartu eta gorputzean igurtzi dit. Harria larruaren kontra ohe gainean. Aparra leundu du baieta hezearekin. Ur soberakinak saihetsen artetik topatu du ihesbidea. Ohe estalkia bera egin da.

Maindire tankerako zera zuri batez estali du NIre gorputza. Bere ilearen puntek lausotzen dute ikusmena, kilimak eragiteraino. Eskumuturretatik heldu, hatzak elkarri harilkatu eta nakarrezko errosarioa nabari dut esku artean.

Zutituta, tente, irriñoa luzatu dio begi aurrean sortu duenari.

Esku-azpiarekin estali dizkit begiak.

Kafea prest dago.

***

Zer den ilunari begira egotea. Zer isiltasuna. Zer galera. Zer herioa. “Ez sekula lorik egin sabela izaraz estali gabe”. Loak hartu aurrekoak. Hegaldatu ezin duen hegazkin porturatua. Nahia eta ezina.

***

Zer motatako loa izango ote da heriotzarena? Kirofanoetako argi zuriek itsutzen duten modukoa nahi nuke izatea NIrea, arnasa hartzeko aukera ematen duen horietakoa. Itsualdi eternala. Etzanda irudika nezake neure burua une horretan. Mihise zuria hozten doan gorpuaren gainean. Eta entzungo nituzke erizainek hildakoaren bueltan egindako komentarioak. Kirofano mahaiaren larru izoztua bizkar hezurrean.

Obsesibo konpultsibo baten gogoetak. Kabituko al da NIre gorputza hilkutxan? Jakingo al du ZUk okasiorako arropa egokia aukeratzen? Azkazalak margotuta, eskuetako hatz endredatuak sabel gainean nahi nituzke izan. Tanatorioko gelan eszena bat. Keinu bat beiraren beste aldetik, izozkailuko tenperaturan NIre gorputza gogor eta garbi, usteltzetik urrun mantenduko duen kameratik. Errosariorik ez. Lorerik ez. Begiak irekitzeko gai den hilotza ez besterik.

***

AITONA hil da. Baserria. Errosarioaren marmarra logelan. Kandelak hilkutxaren albo banatan. Apaizaren Biblia esku artean. Ur bedeinkatuaren zipriztinak. Intsentsu usaina. Kea. Antzerkia.

Arratsaldeko bostetako kanpaikadekin bat estali zuten kutxa. Kandelak alboratu eta gizonezkoen sorbalda gainean jaitsi zuten gorpua. Eskaileran behera tantaka hasi zen zerraldoa. Kiratsa barreiatu zen etxe osoan zehar. Arnas dezaket oraindik usain hura. Hilotzaren hobietatik gorputzeko likidoen ihesa. Izebaren larritasuna eta berehalako garbiketa lanak. Agureen histeria. Sukaldeko azulejoen hotza. Txorrotako ur tantak. Katu beltzaren gozatua.

***

Ez dut oraindik ohitzeko astirik izan. Bat batean gertatzen diren gauzekin betitik izan dut asimilaziorako denboraren beharra.

Berdin jarraitzen duela dirudi. Ez da bere lekutik mugitu azken sei hilabeteetan. Eta denborak jarrai dezala bere horretan lanean. Gaur ere ez. Hobe bihar… Bihar izango da hankartean dudan minbiziaz hitz egiteko eguna, artean betiko loak hartzen ez banau… ihesean.

Milaka esker Xabier Izaga eta Koldo Izagirreri, edizioan laguntzeagatik.

Ilustrazioak: MARTIN ALTZUETA