Joxean Agirre

Menditarrak

Goizero, Argiñanorenean ogia erosi eta tarte bat egiten dut, batzuetan tarte bat baino gehiago, itsasoari begira eta begia zorroztuta ere; ez diot paisaiari akats bakar bat ere aurkitzen. Banator etxera eta idatzi dudan orrialdea begiratzen hastearekin bat ohartzen naiz hutsegitez beteta dagoela.

Lehen, egoera horren aurrean ordenagailua itzali eta Talaimendira jotzen nuen eta aldapan gora erabaki ohi nuen testua ezabatu eta kontakizuna nondik hasi.

Itxialdian sartu orduko ikusi nuen familian bi giza espezie ezberdin geundela. Kale zuloan jaiotakoak kexatzen dira, baina ez gure irrikarekin. Are gehiago esango dut, telelana egiten ari direnak eta bereziki emakumeak pozik ikusten ditut.

Aire librean hazitakook, aldiz, baserrian jaioak, menditarrak garela ohartu naiz, outdoors erabatekoak, bezatzen edo domestikatzen zailak.

Erantsi horri nire familiako askok dugun akats bat, ibilian pentsatzeko ohitura, eta koadroa iluntzen hasten da. Badut etxeko bat azterketak iristen ziren bakoitzean oinetan kailuak izaten zituena. Nik bizpahiru ordu egin ditzaket mugitu gabe idazten, baina aditzondo baten falta aski dut altxatu eta ibilian hasi behar izateko. Aristotelesen ikasleek halako zerbait egiten zuten eta Montaignek ere ibilian idatzi omen zituen bere saiakera famatuak.

Eta zer egin daiteke itxialdian? Lehen egunetik hasi nintzen gimnasia birtualeko saio bat bazkalaurretik egiten. Pertsona batzuekin erraz enkariñatzen naiz eta monitora ondo erori zitzaidan. Grazia egiten zidan «quiero más, quiero más» edo «no te quedes a medias» esaten zidanean. «Emakume honek ez nau ezagutzen», esaten nuen nirekiko eta topera egiten nituen ariketak. Baina eguneroko tratuak harremana hondatu egin du. Orain lizun puntua duten esaldi horiekin hasten denean «isildu hadi ipurtandia» eta horrelakoak erantzuten dizkiot.

Hori gutxitxo izango zela-eta, gaztetan sekta batean ikasitako taula paleolitiko bat ere egiten dut segidan, peleolitikoa, bi harri handi esku banatan hartuta egiten delako. Eta kexatzen hasten nintzenean isiltzeko esaten zidaten, nire adineko asko beste mundura joan direlako. Argudio hain katastrofisten aurrean, noski, isildu egiten nintzen. Horregatik, gaurtik aurrera ordubetez kirola egiteko aukerak zerua zabaldu dit. •