Nekane Zinkunegi Barandiaran

Normaltasun berria

Igaro dira zenbait aste Espainian eta Frantzian alarma eta konfinamendu egoerak ezarri zituztenetik. Zuzenean eragin digu horrek euskal herritarroi. Orain, Covid19aren kutsatze, heriotza zein sendatze datuei erreparatuta, salbuespen egoera horiek arintzeko trantsizio planak aurkeztu dituzte. “Normaltasun berrirako” trantsizioa iragarri dute.

Hitzen hautaketa ez dela ausazkoa esango nuke. Agintariek ere egin dute trantsizioa beren hizkeran, pandemiaren aurkako gerra egoerako hiztegia alde batera utzita. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, esaterako, bidaiari kutsua eman dio joan den astearteko hitzartzeari: «Zeharkaldi bat abiatzera goaz, eta ez dugu gidatuko gaituen GPSrik eskura, existitzen ez delako».

Ez nago erabat ados. Egungo egoeratik irteteko trantsizioa behar duela uste dut, baina “normaltasun berri” izendatu duten horretarako bidea oso argi dutelakoan nago. Eskubideen murrizketa gogorra etorriko dela, merkatuaren mesedetan, langileen eskubideak urratuko direla. Kaleko bizitzak mugatuta segituko duen artean, kontsumitzeko aukera eskubide gisa salduko digutela.

Beraz, “normaltasunean” baino, “berrian” jarriko nuke indarra. Nahiko nuke herritarrok protagonismoa hartzea eta egoera berriaz erabakitzeko aukera izatea. Ongizatearen izenean, agintarien neurriak bere horretan irentsi ordez, ditxosozko trantsizioa ahalduntze prozesu gisa baliatzea. Ez diezagutela sendabidez mozorrotutako gaixotasun are okerragorik txertatu •