Amaia Nausia Pimoulier

Umefobia

Pasa den igandean haurrak kalera irten ahal izan ziren lehen aldiz aste askoren ondoren eta horren inguruko erreakzioek baieztatu egin zuten konfinamenduaren lehen igandeko susmoa: jende gehiegi leihotik epaile lanetan barnean duten polizia frustratuari irteera ematen. Kafre gutxi batzuen (beti daude) portaera txarraren ondorioz sortutako alarmismoa alde batera utzita, hainbat gauzak kezkatzen naute. Lehenik eta behin, anekdotikoa jokaera orokortzat hartzearen arriskua; onartzen badugu gutxi batzuen portaera txarrak gizarte osoaren zibismo ezaz hitz egiten duela, diskurtso totalitarioei bide ematen ari gara, gerora neurri errepresiboak eta zigortzaileak justifikatuz. Bakarrik zigorren bidez joka dezakegula “ondo” sinisten badugu, gehiengoaren gizalegeaz fio ez bagara, Estatuaren aldetik zoritxarrez ikusi ditugun neurri militaristak balioztatzen ari gara.

Eta, bigarrenik, nahiko kezkatuta nago sare sozialetan agerian gelditu den umefobiarekin. Umeen kontrako diskurtsoek jatorria non duten galdetu diot nire buruari eta nahi gabe Philippe Ariesek 1960. urtean idatzitako “L'enfant et la vie familiale sous l'Ancien régime” liburuaz gogoratu naiz. Egileak joan den mendeko 90eko hamarkadara arte historialaritzaren zati handi batek onartutako teoria bati bide eman zion: indibidualismo afektiboaren teoria. Teoria horren arabera, haurtzaroa XVIII. mendeko asmakizuna zen. Lawrence Stonek, besteak beste, aurreko garaietako gurasoak maitasunik gabeko guraso gisa kondenatu zituen, seme-alabekiko nolabaiteko axolagabekeria sentitzen zutela defendatu zuen, heriotzaren maiztasunaren aurrean etsipen estoiko moduko batengatik eta bizirauteko aukeraren inguruan nagusi zen ezkortasunagatik. Elizabeth Badinterrek geroago gehitu zuen amaren maitasuna kapitalismoaren asmakuntza bat izan zela. Beraz, adituontzat, XVIII. mendea iraultza bat izan zen zentzu horretan, haurtzaroarekiko sentimendu berri bat ekarri baitzuen, haurrarekiko jarrera aldaketa bat, benetako mutazio kultural baten ondorioz. Ariesen ildotik, Gerisen ustez, sentiberatasun hori lehenik hirian sortuko zen; izan ere, umearekiko maitasuna aitaz, amaz eta seme-alabez soilik osatutako hirietako “familia modernoetan” sortu zen: «Familia nuklearrera murrizteak etxeko espazio intimoago bat egokitzea dakar». Hau da, familia nuklearrak nekazaritza munduan eta komunitatean oinarritutako bizitzaren kontzepzio bat ordezkatu zuen. Gero eta indibidualismo handiagoko giro batean, landa-eredua hiri-ereduagatik ordezkatu zen, eta «seme-alabak izateko nahia sortu zen, ez bakarrik zikloaren iraupena bermatzeko, baizik eta haiei maitasuna emateko eta haiengandik jasotzeko».

Alde batera utzita ondoren etorri ziren historialari askok teoria hori bertan behera utzi zutela – hain justu erakutsi zutenean Erdi Aroko eta Aro Modernoko gizarteek ere haurrak zaindu eta maitatzen zituztela (Ralph Houlbrooke, Keith Wrightson edo Linda Pollok gutxi batzuk aipatzearren)–, oso interesgarria iruditzen zait nola indibidualismo afektiboa gure egin dugun. Gizarte indibidualista baten isla baino ez da agerian geratu den umefobia hau. Itxialdiaren hasieratik umeak ikusezin bihurtu ditugu, etxeetan, familia nuklearraren baitan, isilduak eta ikusezin bihurtuak. Atzean geratu dira haurrak komunitate osoaren, familia zabalaren eta Estatuaren ardura zireneko garaiak. Itxialdi honek kapitalismoaren aldarrikapen zentralenei eman die bidea; produkzioa lehenengo, zaintza eta bizitza gero. Beraz, gurasoek ardura guztia eta bakarra hartu dute haurrekin eta asteotan hori amets bat bezala izan da sistemarentzat. Eskerrak kalean sortutako haurren oihuek amesgaiztotik esnatu gaituzten. •