Gorka Elejabarrieta

Ezkerra eta ñabardurak

Ezkerrak orokorrean daukan eta izango duen diskurtsoa eta mahaiaren gainean jarriko dituen errezetak begiratzen baditugu, berehala konturatuko gara adostasun zabala dagoela. Krisi berri honetara ekarri gaituen sistema kapitalista ez da berreraiki behar. Sistema eraldatu beharra dago, aldaketa hori trantsizio ekologikoari eta hirugarren iraultza industrialari lotuz, aberastasunaren banaketa justuago bat bultzatuz eta pertsonen arteko eskubideen berdintasuna lortuz. Diskurtso orokorrean adostasun zabala baldin badago, zergatik ez da elkarlana posible?

Gehiago egongo dira, baina nik bi arrazoi aipatu nahi ditut. Lehenik eta behin, iruditzen zait ezkerrak oro har baduela joera eztabaida ñabarduren inguruan emateko, ezberdintzen gaituen detailean tematzeko, eztabaida filosofiko teorikoetatik haratago ez joateko. Uruguain Frente Amplio koalizioa ondo definitzen duen eta Raul Sendic buruzagi historikoaren ahotan jartzen duten esaldi bat badago –bide batez, askotan bilatu arren, ez dut sekula inon idatzita ikusi Raulek horrelakorik inoiz esan zuenik–. «Gure arteko desadostasunetan kontzentratzen bagara ez dugu sekula ezer lortuko, baina gure adostasunetan oinarritzen bagara, bizi osoa borroka gintezke elkarrekin», dio gutxi gorabehera. Eta hori da preseski ezkerrak orokorrean eta salbuespenak salbuespen egiten ez duena. Bigarrenik, ezkerrak badu joera nazioarteko sare eta egitura oso arautuak eta hertsiak bultzatzeko. Elkar egituratzea helburu bakar bilakatzen da eta hori printzipio eta ñabardura ideologikoen inguruan lortzen saiatzen da eta, askotan, gehienetan, emaitza bilatzen denaren kontrakoa da.

Duela bi egun asko estimatzen dudan eta edalontzia beti erdi beteta ikusten duten lagun horietako batek mezu bat bidali zidan, behingoz ezkerra bilduko duen taldea sortu dela esanez. Besteak beste Yanis Varoufakisik eta Bernie Sanders Institutuak bultzaturiko Internazional Progresistari buruz ari zen. Egia da 2018an sorturiko sare berri horrek oihartzun mediatiko handia lortu duela azken egunotan eta jende ezberdinaren ahotan egon dela. Proiektu interesgarria da, dudarik gabe, jende oso onaren babesa dauka, baina zaila egiten zait pentsatzea sare horrek ezkerraren batasuna lortuko duenik. Izan gaitezen apur bat errealistak. Grezian Syriza zatitu eta gero mundu mailako ezkerraren batasuna lortu ahal izateak ez dirudi oso helburu errealista.

Eta nire ustez akatsa horretan datza. Agian ez da eragile, sare bakar baten beharrik, are, ez dut uste inoiz ezkerreko alderdi, mugimendu, eragile guztiak bilduko eta elkarlanean jarriko dituen egitura, sare, foro edo internazional berririk egongo denik. Agian nire ikuspegia ezkorregia da, baina azkeneko bi hamarkadotan helburu hori zeukaten eta lortuko zuten hainbat eta hainbat proiektu ikusi ditut, eta esan beharrik ez dago emaitza ez dela horixe izan. Internazional Progresistaren inguruan nire iritzia galdetzen badidazue, argi daukat erantzuna: oso sare interesgarria da, bat nator planteatzen dituen helburuekin eta ekarpen ona egingo duela uste dut. Baina gauza bera pentsatzen dut Europako Ezkerraren Alderdiaren, Transform fundazio ezkertiarren sarearen, Europa Iparraldeko Ezker Berdearen sarearen eta Europan eta munduan dauden beste hainbat eta hainbat sareren inguruan. Zein izan daiteke klabea nire ustez orduan? Eztabaida eta lana ez kontzentratzea sare bakarra eta hegemonikoa bilatzen, baizik eta sare ezberdinekin, ahalik eta gehienekin, lan egitea eta sareen arteko elkarlana ere bultzatzea proiektu eta kanpaina zehatzen inguruan. Elkarlana ezberdintasunetik, erabateko adostasuna eta homogeneotasuna baztertuz.

Askapen nazionala ardatz

Eta bide unibertsal horretan nire ustez euskaldunok badugu ekarpen garrantzitsu eta berezi bat egiteko. Guk estatu independente bat eraiki nahi dugulako, askapen nazionala delako gure helburu nagusietako bat. Eta helburu hori oztopatzeko edozer egiteko prest dauden bi estatu ditugulako parean. Horrek gure jarduna guztiz baldintzatzen duela iruditzen zait. Gu ez gara Die Linke, ez gara Podemos, ezin dugu askapen nazionala helburu ez duen ezkerreko alderdi gisa jokatu. Zabaltzera doan erronka lokal eta unibertsal horretan askapen nazionala gure ardatz nagusietako bat izan behar da nahitaez. Bestela espainiar Estatuaren eta frantziar Estatuaren interesak eta izaera indartu baino ez ditugu egingo. Horretarako egongo eta sortuko diren foro, elkarguneokin batera, beste batzuk ere bultzatu beharko ditugu. Katalunia zein Korsikarekin bi adibide jartzearren, Madrildik eta Paristik datorkigun olatu zentralizatzaileari aurre egiteko zein gainontzeko Europako estaturik gabeko herriekin Bruselan ere eskuz esku aritzeko. •