joseangel.oria@gaur8.info
KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Herrialdeko bizitza politikoko ezinbesteko zutabea, espetxeko akusatuen aulkian

Kinshasa hiriburuko botere gatazkak ezagun dituen ekonomialaria, negozio garbiak zein zikinak, Afrika osoan baliabide natural gehien duen herrialdean beti hogeita hamaika eskutik eduki izan duen politikaria, akusatuen aulkian da ustelkeria kasu batengatik. Lurrikara politiko baten erdian dago Kongoko Errepublika Demokratikoa.

Vital Kamerhe 61 urteko ekonomialaria ezaguna da oso Kongoko Errepublika Demokratikoan. Herritarrek Joseph Kabila presidente ohiaren konfiantzako laguntzaile moduan ikusi zuten garai batean, eta haren etsaitzat hartu zuten geroago. Hurrengo agintariak ere bere ondoan izan du eta orain arte Felix Tshisekedi presidentearen kabineteko burua izan da, hau da, Estatuaren zuzendaritza politikoa benetan eramaten duen talde txikiko burua, ezkutuan gorde beharreko kontu askoren jabea alegia. Epaileen aurrean ikusi beharko dute hemendik aurrera pixka batean.

Kongoko Errepublika Demokratikoko historia judizialean ez du inolako aurrekaririk egungo egoerak (1960an lortu zuen independentzia herrialdeak). Kinshasa hiriburuko Makala kartzela zentralean egiten ari den epaiketan, fidantzapeko askatasuna emateko eskatu zieten epaileei Kamerheren abokatuek. Joan den asteartean iritsi zitzaien erantzuna: ezta pentsatu ere!

Auzitegiak erabaki du kabineteburuak berak, Samih Jammal libanoarrak eta Jeannot Muhimak espetxean jarraitu beharko dutela. Samih bi sozietateko burua da, eta, Muhima, berriz, Presidentetzako Inportazioen eta Esportazioen Zerbitzuko arduraduna.

Defentsaren argudioak

Defentsak koronabirusaren argudioa ere erabili zuen bere bezeroaren askatasuna lortzeko, arrakastarik gabe ordea. Abokatuek esan zuten defentsa lana behar bezala prestatzeko eta pandemia dela-eta espetxeak husteko abian jarritako prozesuarekin bat datorrelako, akusatuak aske utzi beharko lituzketela. Horrela jakinarazi du Actualite berri-atari kongoarrak.

Kamerhe ahalguztiduna apirilaren 8an atxilotu zuten. Joan den astelehenean izan zuen bere egungo egoera salatzeko lehen aukera eta baliatzea erabaki zuen. Bera ustelkeria kasu horrekin lotzea helburu zuten galdera «tendentziosoak», horrela deskribatu zituen, egin izana salatu zuen. «Nahasketa eragitea aukeratu dute», erantsi zuen kabineteburu ohiak.

Ehun Eguneko Programaren inguruko kasua ikertzen ari dira epaileak. Azpiegiturak eta etxebizitza merkeak egiteko 276 milioi euro bideratu zituen aipatu ekimenak.

Presoen tunika jantzita

Epaileak Kamerheren deklarazioa hartu zuen aurrena eta espetxean sartzea erabaki zuen gero. Akusazioaren arabera, hiru lagunek 45 milioi euro lapurtu zituzten lan publikoak ordaintzeko funtsetik. Hain zuzen, herri lanak ziren Felix Tshisekedi presidentearen bost urteko legealdiaren hasiera markatzekoak.

Epaiketaren lehen egunean lur jota ikusi zuten Kamerhe; arrosarioa lepoan, bizar zuritua eta Makalako presoek janzten duten tunikarekin. RTNC telebista kate publikoak eskaini zuen lehen audientzia hori. «Entzunaldi deslokalizatua» deitu zioten saioari: espetxean egin zen auzitegian beharrean, eta akusatu, epaile zein abokatuak maskarak zituzten aurpegian jarrita, pandemia dela-eta. Hitz egiteko baino ez zituzten kentzen.

Akusaturik zaharrenak, 79 urteko Samih Jammalek, oso itxura txarra zuen bere gurpil-aulkian jarrita, erabat ahulduta egongo balitz bezala. Zorabiatuta. Epaileek eskatuta bere nortasuna baieztatzean, arnasa asko estutu zitzaion.

Covid-19a kartzelan

Koronabirusak milatik gora lagun kutsatu ditu herrialdean, datu ofizialen arabera, eta 40tik gora hildako dituzte zenbatuta. Hiriburuko kartzela bat izan da birusak kalte gehien eragin duen puntua. Bada, RTNC telebista kate bera erabili zuen kabineteko buru ohiak orain urtebete pasatxo, bere unerik onenean, preso politikoak askatu egingo zituztela iragartzeko: «Estatuburuaren babes osoa dut. Gure artean ez dago kontraesanik», adierazi zien herritarrei. Akusatuak orduan kameren aurrean erantsi zuenez, «geure emazteak lagun bihurtu dira, bere seme-alabak nireak bezala hartzen ditut. Geure aliantzaren porlana da hau guztia».

Bi orduko iraupeneko ekitaldiaren ondoren, epaiketarekin hilaren 25ean segituko dutela erabaki zuten astelehenean.

Ekialdeko Hego Kivu probintziako Bukavun jaiotako politikaria, 2018ko azken asteetan egungo presidentearen aliatu nagusia izan zen presidente jauregira iristeko bidean. 2000ko hamarkadan Joseph Kabila garaiko presidentearen laguntzailerik hurbilena izan zena, berriz, aldeko haizearekin zebilen garai hartan. Abenduaren 30ean hauteskundeak egin aurretik, Tshisekedik eta Kamerhek elkarrekin egin zuten kanpaina, batez ere ekialdeko eskualdeetan. Hautagaia bera erdialdean dagoen Kasai probintziakoa da.

Alaia, beroa, ezberdina… da Kamerhe. Hizkuntza ofiziala den frantsesaz gain, herrialdeko beste lau hizkuntza ere (lingala, swahilia, kikongoa eta tshiluba) menderatzen ditu. Hamalau seme-alaba ditu, Makalan jakinarazi duenez.