joseangel.oria@gaur8.info
ASIA

Kaleak protagonismoa berreskuratu du koronabirusaren «normaltasun berrian»

Hong Kongeko manifestariak kalera protesta egitera itzuli dira koronabirusak ezarritako parentesiaren ondoren, eta pandemiaren aurreko erreakzio bera eragin dute: 230 atxilotu joan den igandean. Iraken, Libanon, Indian, Afganistanen… dagoeneko ikusi ditugu herri mobilizazioak, oso arrazoi ezberdinengatik antolatuta.

Hamabi urteko ume bat dago Hong Kongeko Poliziak igandean atxilotu zituen ehunka lagunen artean. Agintariek bi egun lehenago altxa zuten herritarrak elkartzeko debekua. Mong Kok barrutiko merkataritza guneetan mobilizazioak egitea erabaki zuten manifestariek eta segurtasun indarrek gas negar-eragilea eta borrak erabili zituzten haien asmoak indargabetzeko. 230 lagun atxilotzeaz gain, 18 manifestari zaurituta eraman zituzten. Aro berriko lehenengo protesta politikoa izan zen britainiar kolonia izandako uhartean.

Hezkuntza sistema aldatu

Datozen asteotan agintarien aurka erabiltzeko munizio asko izango dute matxinoek. Izan ere, Pekingo agintarien aldeko Carrie Lam gobernadoreak Hong Kongeko hezkuntza aldatu egin nahi du, egungo sistemak demokrazia eskatzen dutenen mugimendua indartu egiten duelakoan. «Urtea amaitu baino lehen argituko dugu kontua», adierazi zuen Lamek, “Ta Kung Pao” egunkariak joan den astelehenean argitara emandako elkarrizketaren arabera.

Nazioarteko hedabideek egiten dituzten sailkapenen arabera, Hong Kongeko unibertsitate eta eskolak Asia osoko onenen artean daude, «Txina kontinentalean ez duen askatasuna baitu bertan hezkuntza sistemak», France-Presse berri agentziak idatzi duenez.

«Kultura orokorreko ikastaroak» 2009an hasi zituzten eta zentroak berak erabakitzen du gai hori nola eman. Hezkuntza «patriotikoagoa» exijitzen dute Pekinen aldeko politikari zein hedabideek. Txinako ikur ofizialei burla egitearen aurkako legeak eta zigorrak aurreikusten dituzte manifestarien aurkakoek, eta sedizio lege bat lehenbailehen onartu eta betearaztea. Asiako potentzia hortzak erakusten. Usain espainola dario.

Baina joan den asteburuko borroken harira Hong Kongeko hedabide nagusiek ere Poliziaren jarrera salatu dute, kazetarien lana oztopatzeagatik. Komunikabideek astelehenean segurtasun indarrei leporatu zieten kazetariak iraindu izana. Baita lanean ari diren lagun horien kontrako gehiegikeriak egitea ere.

Asteartean Chris Tang poliziaburuak onartu behar izan zuen mobilizazioren berri ematera joandako kazetariei emandako tratua ez zela behar bezalakoa izan. Erantsi zuen agenteen lana oztopatu egiten dutela hedabideren batentzat lanean ari direla esaten duten pertsona batzuek, polizien jarduera ulergarriago egin nahian. Segurtasun indarren eta kazetarien arteko tentsioak behera egin dezan hedabide nagusietako arduradunekin bilerak egin nahi ditu Tangek datorren astean.

Kwong Chun oposizioko Alderdi Demokratikoko politikaria asteburuan atxilotuetako bat izan zen. Berak esan duenez, «eraso terroristaren bat prestatzen ari diren gaizkile moduan tratatu zituzten kazetariak». «Profesionalagoak izan behar dugu», onartu du poliziaburuak.

Bhopal gogoan

Indian ere, zaharrak berri. Herritarrek beren haserrea adierazi dute azken egunotan, orain ia berrogei urteko Bhopaleko tragedia ikaragarria (3.500 hildako, datu ofizialen arabera) gogora ekarri duen ezbehar baten ondorioz.

Andhra Pradesh estatuko Visakhapatnam hiri industrialean LG Polymers India konpainiak dituen instalazioetan gertatu zen gas toxikoen isurketa larria, hilaren 7an. 5.000na tonako bolumena duten bi ontzietatik atera zen gasa, Poliziak jakitera eman duenez. Pandemiaren eraginez ezarritako konfinamendua dela-eta, mantentze lanak albo batera utzita zeuden eta ezbeharra gertatu zen.

Sututako manifestariak, hildakoen gorpuak hartuta, planta kimikora sartu ziren, lantegia ixteko exijitzeko.

Aldi berean, larrialdi zerbitzuek 4.000ren bat lagun atera zituzten inguruetatik: 1.500 metroko inguruan ebakuazioa agindu zuten.

Gaur zortzi bertaratu ziren Gobernuko arduradunak, Hego Koreako LG Chem konpainiako planta nola geratu ote zen begiratzera. Une horretan 300en bat manifestarik, hiru gorpu hartuta, segurtasun zerbitzuak ezarritako muga zeharkatu eta justizia eta lantegia ixteko exijitu zuten han bertan. Hildakoen eta zauritutakoen senideak negarrez ari ziren, beste batzuek bizitako izugarrikeria deskribatzen saiatzen ziren bitartean.

Union Cardibe konpainiaren plantan 1984an izan zen istripu ikaragarriko biktimei ez laguntzarik ez ordainsaririk ez emateko makina bat maniobra egin zituzten hurrengo hamarkadetan agintariek. Tankerako ibilbidea egin beharko dute hemendik aurrera LG Polymers India konpainiak dituen instalazioetako biktimek. «Bhopal hiri baten izena da, Bhopal ahaztu ezin dugun izena da», abestu zuen 1980ko hamarkadan BAP! Andoaingo musika taldeak. Zauriak odoletan jarraitzen du. Eta zauri berriak sortu dira.

Irakiarren manifestazioak

Iraken ere berriz kalean dira ustelkeriaren eta estatubatuarren okupazioak eragiten duen egoeraren aurkako manifestariak, orain arteko mobilizazioak, koronabirusaren aurrekoekin alderatuta, txikiak izan diren arren.

Herrialde arabiar hartan inon baino garestiago ordaindu zuten iaz kalera protesta egitera irteteko eskubidea: 550etik gora hildako. Iazko azaroan hankaz gora bota zuten Adel Abdel-Mahdiren Gobernua eta orain, konfinamenduak ezarritako etenari amaiera emanda, agintari berria dute aurrez aurre: Mustafa al Kazimi lehen ministroa, atxilotutako manifestariak askatzeko (hilketak egitea leporatutakoak albo batean utzita) eta protestak babesteko eskatu duen gizona.

Bagdaden eta hegoaldeko Nasiriya eta Kut bezalako hirietan haserrea adierazteko manifestazioak egin ziren joan den igandean. Hiriburuko Tahrir plazan oraindik zutik daude manifestariek orain zazpi hilabete jarritako kanpin dendak. «Mezu garbi bat bidali nahi diogu Gobernu berriari: hamar eguneko epea du gure eskariak betetzeko. Bete ezean, gure mugimendua gogortu egingo da», adierazi zien kazetariei Muhamad izeneko manifestariak.

Hiriburuko “eremu berdea” (Gobernuaren egoitzak eta enbaxadak hartzen dituena) babesten zuten poliziei molotov koktelak eta harriak jaurti zizkieten manifestari batzuek. Agenteek gas negar-eragilea eta ur-kanoiak zituzten manifestariak izutzeko. Baita erabili ere: dozenaka lagun eraman zituzten arnasteko arazoekin.

Ehunka manifestariren heriotza ikertzeko batzorde bat eratu zuen aurreko Gobernuak. Gauzak argitu beharrean, gehiago nahastu zituen ordea. Horrenbeste hildako eragin zuen errepresioa ez omen zen izan segurtasun indarretako buruek agindua, bertan zeuden agenteek erabakitakoa baizik, egin zen txosten ofizialaren arabera. Nazio Batuetako Unami misioak orain hiru hilabete salatu zuenez, manifestarien aurkako eraso batzuk miliziano ezezagunek egindakoak izaten ziren. Oso aberatsak diren pertsonekin lotutako milizianoak dira, irakurketa batzuen arabera. Erasotzaile horiek kasu batzuetan segurtasun indarren aurka ere aritu izan direla esan zuen Unami misioak.

Egoera nahasi horri erantsi behar zaio petrolioaren prezioak behera egin izanak eragindako krisi ekonomiko larria eta mundu osoan zabaldu den pandemiak utziko dituen arazo berriak.

Libano, lehertzear

Lau biztanletik bat errefuxiatua (siriarrak eta palestinarrak batez ere) den Libanon erabateko konfinamendua agindu du Gobernuak egunotan, pandemiaren aurkako borrokan berriz atzera egin ondoren.

Aurreko astean pandemiari aurre egiteko ezarritako itxialdia samurtzeko neurriak hartu zituzten libanoar agintariek (jatetxeak eta zenbait denda zabaltzeko aukera), baina koronabirusak kutsatutakoen kopuruak gora egin duela ikusi dute, eta lau egunetan etxetik ez ateratzeko agindu dute aste honetan.

Osasun krisia atzeraldi ekonomikoaren gainean erori da (barne produktu gordinaren %170eko zorra zuen Libanok koronabirusaren eragina hasi aurretik) eta herrialde txikiko biztanle asko oso egoera zailean daude, begirale batzuek aurki «leherketa sozial larria» izan daitekeela iragartzeko punturaino. Lehenengo sintomak iritsita daude jada: apirilaren 17an ehunka lagun elkartu ziren Tripoli iparraldeko hirian protesta egiteko, nahiz eta etxeratzeko agindua ezarrita zegoen, pandemia dela-eta.

Libanoko Armadaren eta manifestarien arteko tentsioa apirilaren 27ko gauean lehertu zen: hildako manifestari bat (26 urteko gazte bati tiro egin zioten) eta ehunen bat zauritu (soldaduak barne).

Nabarmentzekoa da Tripolin bertan, Beirut hiriburuan eta Saida hegoaldeko hirian, esaterako, banketxeak egon direla manifestari gazteen jomugan: herritar askoren iritziz, Libanoko bankuak agintari politiko ustelen ezinbesteko konplize dira, Estatuaren porrotaren eta zorpetzearen erantzule nagusiak izateaz gain.

Hamar ogi familia bakoitzeko

Goseak eragindako leherketa horietako bat Afganistango mendebaldeko Ghor probintzian gertatu berri da. Pandemia dela-eta, agintariek elikagaiak banatzeko sistema bat jarri zuten abian. Baina gauzak mantsoegi zihoazen eta ogibiderik gabe geratu diren herritar batzuek gobernadorearen bulegoaren aurrean protesta egin zuten. Hasiera batean mobilizazio baketsua izan zen, baina manifestariren bati pazientzia agortu eta poliziei harriak jaurtitzen hasi zen. Ondoren su-armak ere azaldu ziren eta borrokek sei hildako (bi polizia eta lau manifestari) eta hemeretzi zauritu utzi zituzten.

Aurreko astean gai humanitarioak koordinatzeko Nazio Batuen bulegoak argitaratu zuen txosten baten arabera, Afganistanek dituen 32 milioi biztanleetatik 13,4 milioi lagunek «elikagai segurtasun falta larria» izan dute apirilean eta horrela segituko dute maiatzean ere. Horregatik Gobernuak familia bakoitzari egunean hamar ogi ezer ordaindu gabe emateko agindu zuen.

Koronabirusaren mehatxua oraindik gainditu gabe dagoela gogorarazten dute Afganistango agintariek eta urruntze soziala eta itxialdiak bete ezean Covid-19ak askoz ere krisi larriagoa eragingo duela hemendik aurrera, Wahidullah Majroh Osasun ministrordeak adierazi duenez. Ferozuddin Feroz Osasun Publikoaren ministroa koronabirusak kutsatutakoen artean dago. Baita Hayatullah Hayat Kandahar probintziako gobernadorea bera ere.

Egoera horri aurre egin behar diote afganiarrek gerra berpizten ari denean. Joan den asteartean, 37 hildako. Erasoetako bat Kabulen izan zen, erietxe baten kontra (bi jaioberri hildakoen artean), eta bestea ekialdeko herri batean egiten ari ziren hileten aurka (Estatu Islamikoak bere gain hartu du).

 

«Aljeriako agintea, garbiketa orokorra egiten»

Afrika osoan herritar bat koronabirusak kutsatuta zeukala onartu zuen lehen herrialdea Aljeria izan zen. Gobernuak pandemiari aurre egiteko ezarri zituen neurriek beste helburu bat ere badutela adierazi dute Hirak giza mugimenduko kideek: «Konfinamendua garbiketa orokor bat egiteko baliatzen ari dira».

Kabiliako Tizi Ghennif hirian ehunka lagun elkartu ziren asteburuan, makina bat ekintzaileri komisariara joateko hitzordua iritsi baitzaie. «Jendarmeriak deitu ditu, nahiz eta aurreko manifestazioetan esku hartu zuten lagun guztien datuak badituzten. Konfinamendua ezarrita egon arren, bertara joatera behartzen dituzte, galdera batzuk erantzutera, adibidez, ea zergatik hartzen duten parte agintarien aurkako mobilizazioetan. Beren telefonoak ere miatu dituzte», esplikatu du Hirakeko eledun gazte batek. Sare sozialetan herrialdeko egoeraren inguruko iritziak plazaratu dituzten herritarrak ere deitu dituzte jendarmeek.