Koldo Sagasti

Zolda telebistan

Lehengo astelehenean wifi konexioak huts egin zigun etxean eta, beste dibertimendurik ezean, aspaldiko partez, afalostean telebista piztea okurritu zitzaigun. Euskal kate publikoa sintonizatu eta biziki harritu ninduen pantailaren beste aldean Iñigo Urkullu edo Arantza Tapia ez zen norbait ikusteak. ETB jartzen duen edonork espero lezake lehendakaria umeei ipuinak kontatzen, Anbotoko tontorrean txistua jotzen edota txita etxalde bat inauguratzen aurkitzea, dena aurpegiera berarekin; edo, gutxienez, industria sailburu bat, Kontxako udako denboraldiko estreinako bainua hartzen, bikinia jantzita… baina ez, ez zen ez bata ez bestea. Horrek biziki areagotu zuen nire jakin-mina eta aukera bat eman nion saioari. Kanaleko reality show arrakastatsuenetakoa zen, “El Conquis”, eta aurkezleak gobernuan kargu instituzionalik ez izanagatik, gauza jakina da batzokitik oso urrun ere ez dabilela. Aitortu behar dut ez ditudala gustuko, ez aurkezlea, ez gidatzen duen saioa. Alkanfor usaina darie. Etengabeko komentario matxistak, arrazistak eta, oro har, edozein gutxiengo sozialarekiko iraingarriak dira gidoiaren ezaugarrietako bat. Baina orduan ikusi nuenak nire aurreikuspen guztiak gainditu zituen.

Julian Iantzi behin eta berriz hasi zitzaion galdezka emakumezko lehiakide bati bere emaztearekiko harremanaz; erantzunarekin ase ez, eta muturreraino eraman zuen jendaurreko itaunketa, ea hori “broma ote zen” eta ea ez ote zien galderei erantzun nahi. Itxuraz, ez naiz ni Lesakako ilehoriaren komentarioetan lesbofobia zantzuak sumatu zituen bakarra, Ikusgune LGTBI-fobiaren aurkako behatokiak ere salatu egin baitu haren jarrera.

Pasarte lotsagarri hori euskal telebistaren zama ideologikoaren adierazle baino ez da. Asko falta zaio erakunde publikoari Ipar Koreako telebista eredutik aldentzeko, baina nonbait hasteagatik has liteke igande goizeko mezak eta Iantzirena bezalako soberako zolda kenduz. •