11/07/2020

Antton Izagirre
Urrunetik gidatua

Hauteskunde aurreko aldi luze baten amaierara heldu gara. Ofizialki hamabost egun iraun dituen kanpainak, hilabete luzeak eman ditu gure artean. Ilusio handirik sortu ez duela badiogu ere, ez da oharkabean pasa.

Ontzat ematen dugu, kanpainako ekitaldiak jendartearen boto eskubide askean eragiteko saiakerak direla esaten digutenean. Komunikabide publikoen eta diru publikoaren erabilera ontzat ematen ditugu. Berdintasunean, lehia demokratikoa sustatzen ari diren irudia helarazi digute. Ezarritako hauteskunde sistemaren irizpide kritiko ahula dugulakoan nago.

Joko politiko horretan, aldian-aldian, hautesleriaren iritzia jasotzeko aitzakian, mozorroturiko inkesten emaitzak tartekatzen dizkigute. Zientzia enpirikoan oinarrituriko ariketak omen dira. Baina zer dago horren azpian? Zenbakiak neutralak ote?

Nire ustez inkesta horien emaitzak eta aditzera emateko moduak arau sortzaileak bilakatzen dira. Ez dago boterean dagoenarentzat inkesten aldeko emaitzak baino kanpaina hoberik.

Cristina Bicchieri filosofo andere italiarrak adierazi bezala, gertaera sozial jakin baten gaineko espektatiba enpirikoek norma edo araua sortzen dute. Joera jakin bat izango duen pertsona kopuruaren araberako ustea, arau sozial bihurtzen omen da. Horrela bada, inkestetako boto joera iragarle ez baino, erakarle bihurtuko litzateke.

Beraz, hara hor, inkestak jendartearen iritzia azaleratzeko ala jendartean iritzia bideratzeko tresna diren arteko ezbaia. Kontua ez da zientzialaria eta soziologoen egitekoa auzitan jartzea, ordaintzen duenaren borondatea eta erabilera bistaratzea baizik. Azken hauen ustetan, botoa irabazleen norabide berean ematea erabat naturala litzateke. Joera nagusia arau sozial bilakatzea dute helburu. Irabazlearen zaldira igotzeko gonbidapena egina digute.

Zer gertatuko litzateke, ordea, hilabete luze hauetan ikusi dugunak eta erakutsi digutenak ikusminak aldatu izan balitu eta aukera berriak sortuko balira? Arau sozialak ere aldatzeko egiten dira. •