Aitor ARAIALDEA
KURDUEN BORROKA FILMA

«Askatasunaren alde» («Ji Bo Azadiyê»): turkiar faxismoari aurre egiteko arma kurdua

Bihar eta astelehenean «Askatasunaren alde» film kurdua ikusgai egongo da Euskal Herrian, lehenik Bilbon eta gero Donostian. Filmak Amed hirian turkiarren erasoari gazte kurduak nola antolatu eta aurre egiten saiatu ziren kontatzen digu. Egileek borroka politikoa eta artea uztartu nahi izan dituzte, ahanzturaren aurka.

Walter Benjamin judu jatorriko filosofo alemaniarrak, nazismoa atzetik zuela, esan zuen hildakoak ere ez zirela salbu egongo etsaiak irabaziz gero. Badirudi Ersin Çelic zinema zuzendariak eta Diyar Hessok ekoizleak bat egiten dutela hausnarketarekin eta horregatik ekin zioten “Askatasunaren alde”(“Por la libertad”, gaztelaniaz) filma egiteari, pelikulak Amed hiriko erresistentzia kontatzen baitu.

2016an indarkeria olatu basatiak erre zituen Turkiaren mende dauden lurralde kurduak. Recep Tayip Erdogan Turkiako presidenteak horrela erabaki zuen 2015eko hauteskundeetan gehiengoa galdu ostean. Botoak berreskuratzeko asmoz, irudi islamista eta “panturkiarra” indartu zuen eta erabaki hori herri kurduak errotik ordaindu zuen. Hasteko, PKK kurduen erakunde armatuarekin sinatuta zuen su etena bertan behera utzi zuen. Gero, armada eta polizia otomandarrak hiri kurdu garrantzitsuenak txikitu zituen askapen mugimendua bera suntsitzeko eta oldarraldiak ondorio zinez lazgarriak utzi zituen.

Adibidez, Cizre hirian 300 lagun erre eta hil zituzten soto batean. Ezagunak egin ziren sare sozialetan gizonezko baten gorpuaren irudiak, ibilgailu militar batek kaleetatik arrastaka zeraman bitartean.

Errepresio bortitzak gazte kurduak YPS taldeetan antolatzea ekarri zuen, Estatu turkiarraren bortizkeriari kontra egiteko. Horren ondorioz, Ameden, Sur izeneko barrutia setiatu zuten eta 100 egun baino gehiago iraun zuen borrokak. Erresistente asko hil ziren, beste batzuk atzeman egin zituzten eta gutxi batzuek ihes egitea lortu zuten.

Hain zuzen ere, hori da “Askatasunaren alde” pelikulak jasotzen duena eta ikusgai egongo da bihar, igandean, azaroaren 1ean, Bilborock aretoan eta, hurrengo egunean, Donostiako Principe zinema-aretoan.

Egileek Euskal Herria bisitatuko dute eta litekeena da Kobane hiriari elkartasuna adierazteko mobilizazioetan egotea ere. Kurdistanekin Elkartasun Ekimena plataformak egin du hitzordua azaroaren 1ean, Bilboko Arriaga plazan, 12:30ean.

Setioaren memoria, kontzientzia

Ersin Çelik zuzendariak argi dauka pelikula oroimen politikoari eta historikoari eusteko ahalegina dela. Hain zuzen, matrioxka baten antzekoa da kontakizuna: «Amed hiriko Sur barrutian borroka heldu zen puntu jakin batera, non jada ez zen bakarrik konfrontazio armatu bat, historia eta hango erresistentzia bera ezabatzeko saiakera baizik. Horregatik Çiyager erresistentziako komandanteak nahi zuen horren berri ematea kanpoan, bestela historia bera desagerraraziko bazen».

Gauzak horrela, YPS (Autodefentsa Zibileko Taldeak) miliziako zenbait gaztek lortu zuten ihes egitea eta batailan borrokalariek eurek idatzitako egunkariak ateratzea. Oinarri sendo hori ez ezik, filmak gudarien zuzeneko parte hartzea ere izan du. Alde batetik, YPS milizietako lau gaztek partekatu dituzte euren bizipenak gidoilariekin eta setioan bertan armak hartu zituzten bi kidek euren esperientziak antzeztu dituzte.

«Haki eta Shervan, bi erresistente, agertzen dira euren bizipenak erakusten, baina Siriako Kobane hiri kurduan grabatu genuenez, gainerako antzezle gazteek jakin badakite zer den gerra. Bai Estatu Islamikoaren aurka aritu direlako edota gerran hazi direlako», adierazi du Çelicek.

Diyar Hesso ekoizlearentzat, egun horietan bizirik irauteko ahalegina ahozko tradizioarekin dago lotua: «‘Mila gau eta bat gehiago’ ipuin famatuaren pasarterik garrantzitsuena da Xeherezadek istorioak kontatzeari utzi izan balio hil egingo zuketela eta berak hori bazekiela. Herri kurdua egoera berberean dago, horrelaxe sentitzen gara. Ez badugu gure historia kontatzen, gureak egingo du», ohartarazi du.

Epikatik harago, adiskidetasuna

Filmaren trailerra ikusi besterik ez dago sumatzeko «Askatasunaren alde» gerrari buruzko pelikula bat dela: tankeak, armak, eztandak, militarrak... Egileek, aldiz, bestelako begirada bat dute. «Herri kurdua genozidio kultural eta fisikoa jasaten ari den neurrian, edozein kultura adierazpen bilakatzen da erresistentzia ekintza bat, bai eta abestitxo bat bera ere», argudiatu du Çelicek.

Hori dela eta, beraiek txertatutako karga politikoa ez dute ukatzen: «Faxismoaren kontra ezin duzu beste alde batera begiratu. Ezin da neutraltasunik izan genozidioaren eta faxismoaren aurrean».

Nolanahi ere, istorioaren muina epika ote den galdetuta, ezezko biribil batekin erantzun dute. Diyar Hesso ekoizleak pasadizo batekin azaldu du: «Ezagutu genuen Herbehereetako sendagile bat, emakumezkoa. Hitz egin genuen berarekin filmari buruz eta interesa agertu zuen. Hurrengo egunean emanaldira etorri zen eta negarrez bukatu zuen pelikularen amaieran. Gero esan zigun hamahiru urteko iloba ekartzeko asmoa zuela, baina irudi oso gogorrak agertuko zirela aurreikusita, azkenean ez zuela gonbidatu. Gero, ordea, damutu egin zen, filma ez baita gerrari buruzkoa, baizik eta adiskidetasunari eta giza harremanei buruzkoa».

Borrokaren alde samurra

Kurduen lelorik famatuenen artean dago honako hau: «Erresistentzia bizitza da». Eta Ersin Çelicen filmak azaldu du zein bizitza mota den hori: «Askatasunaren aldeko Kurdistango borrokalarien egunerokoa oso bizia da. Ez dakizu egunsentia ikusiko duzun, baina ezin zara goibel sentitu eta eserita geratu. Gertatzen den guztia oraina da eta denboraren poderioz orainaldia bizitzen ikasten duzu: sentitu orain, ekin orain, pentsatu orain... Horregatik, borrokalarien irudiak ikusten ditugunean hedabideetan, irribarretsu daude edo barre egiten. Eurek poztasuna bilatzen dute egiten duten gauza horietan guztietan. Horixe da erresistentzia eta eurak bizi diren modua. Haurtzaroan bakarrik sumatu dezakegu antzeko zerbait, umeak diren moduan adierazten baitira, modurik garbienean».

Hortaz, epika alde batera utzita, horren adibidea jartzea eskatu diogunean, Çelici Sur barrutian jazotako gertakaria datorkio burura: «Borrokaren azken egunetan, kontraerasoa egin zuten erresistenteek setioa apurtzeko. Aurrera egin zutenean, soldadu turkiarrek posizio batetik ihes egin zuten. Firatek, miliziano batek, zera esan zuen: ‘Begira nola ezkutatzen diren orain, poliziaren sarekada batetik ihesean dauden kontrabandistak balira bezala’. Guztiek egin zuten barre, baina pelikulan agertzen den Shervanek algara oso zaratatsua dauka. Hori dela eta, burkide batek galdetu zion ea zergatik egiten zuen barre, hiltzeko zorian baitzeuden. Orduan, berak erantzun zion: ‘Zer egingo dute bada nire algararekin, azkenean barre egin ala ez hil egingo gara’. Une horretan ezkutatuta zeuden soldaduak oihuka hasi ziren ‘Amore ematen dugu!’ esanez».

Errepresioa eta erresistentzia

Ersin Çelicek berak ezagutu du Estatu turkiarraren zapalkuntza. Kazetari moduan lan egiteagatik hainbat aldiz atxilotu dute eta Diyar Hesso ekoizleak gogoratu du Turkian euren Twitter kontua debekatua izan dela, setioaren borrokaren luzapena baita oroimena.

Gauzak horrela, Rojavan (Siria iparraldeko lurralde kurduan) grabatu behar izan zuten pelikula eta Kobane hiria izan zen antzeztokia. Hain zuzen, Estatu Islamikoak konkistatu ez zuen hango auzo bakarra hautatu zuten horretarako. Kalifa herriaren gainbeheraren lehenengo mugarria. Hori gogoratzeko, geratu zen moduan utzi dute auzoa, aire librean dagoen museo bizi moduan, eta eraikinen hondarrak baliatu dituzte pelikula filmatzeko orduan

Bistakoa da txikizioak eta erresistentziak batzen dituela Sur eta Kobane, baina erresistentzia kurdua da haririk ikusezinena azaleko triskantzaren azpian. Hori dela eta, Bakurren –Turkiaren mende dagoen eskualde kurdua– eta Rojavan –Siriako aldean– indarrak elkartu dituzte ”Askatasunaren alde” filma ekoizteko. Kurdistanen superprodukzio aitzindaria izan da eta Rojavako zinemagileekin izandako elkarlanak egin du posible.

«Sur barrutiko historia osoa txikitua izan da eta ezabatzeko nahia dute. Modu lotsagarrian, hori guztia gertatzen zen bitartean, mundua lekuko zen. Sarraskiak egon dira lehenago lurralde berean. Herri eta sinesmen ugari erail dituzte eta migrazio jendetsuak egon dira. Filma egitea isiltasun hori salatzeko modua da», argitu du Çelicek. Hala ere, berak ez du ikusten propaganda hutsa bezala: «Mugimendu kurduak babestutako ariketa politikoa da, baina baita arte adierazpena ere».

Ibilbide horretan bidelagunak dituzte eta, adibidez, Alba Sotorra katalana batu zaie Europan egiten ari diren aurkezpen biran. Zuzendariak “Commander Arian” grabatu zuen Rojavan, YPJ milizietako komandante baten bizipenak kontatzeko. Orain, berriz, bere proiektuen artean dago kurduen esku dauden Estatu Islamikoko Mendebaldeko emakumeen inguruko film bat egitea.