ESKOLA SEGREGAZIOA

Gasteizko Aranbizkarra Ikas Komunitatea, segregaziotik inklusiora bidean

Aranbizkarra Ikas Komunitatea eskola segregazioa inklusio bihurtzeko proiektu batean murgilduta dago azken urteotan. Proiektu interesgarri bezain aberasgarria da, baina haren xedea ez da auzo horretako ikastetxean edo zenbait ikastetxetan inklusio proiektu arrakastatsu bat egotea, jendarte inklusiboa lortzea baizik.

gara-2021-09-23-Reportaje

Hasi da ikasturtea, txertoak tarteko, modu «normalizatuagoan». Ez da orokortu, ordea, pandemia baino askoz lehenagotik eskolak jotzen dituen beste gaitz bati aurre egiteko txertorik. Izan ere, aspaldi detektatu bazen ere, segregazioak «normalizatua» dirudi ikastetxeetan. Generoa, erlijioa, bizilekua, eta leku askotan nabarmenena, jatorria, arraza eta egoera sozioekonomikoa dira segregazio motibo.

Etorkinen seme-alabak eta errenta apaleko familietako ikasleak ikastetxe publiko eta kontzertatu jakin batzuetan metatzeko joerak bere horretan dirau, eta familia asko bereizkeria faktore bat baino gehiagoren mende daude; esate baterako, atzerritik etorri eta, gainera, maila sozioekonomiko apala dutenak. Atzerritar pobreak, alegia. Hainbat ikastetxe eta irakaslek faktore horien eragina gainditzeko ekinbideak abiatu dituzte, baina ez denek. Ez ikastetxe guztiek, ez Administrazioak, ez jendarteak oro har.

Hala uste dute Irantzu Gallastegik eta Iñaki Agirrek, Aranbizkarra Ikas Komunitateko zuzendariak eta aholkulariak, hurrenez hurren. Azken urteotan, segregaziotik inklusiorako bidea ibiltzeko proiektu bat garatu dute Gasteizko auzo horretako ikastetxean. Ikasturte hasierako zurrunbiloan, tarte bat hartu dute proiektu horren berri emateko.

Ezer baino lehen, argi utzi nahi dute denen inplikazioa beharrezkoa dela uste izan eta eskatzen badute ere, beren mezuak segregaziotik inklusiorako bidea egiteko animatzea duela xede, proiektu interesgarri, aberasgarri eta emaitza onak dituena delako.

Aranbizkarra

Aranbizkarra ikastola Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroa da, publikoa eta D eredukoa. Ia 400 ikasle ditu. Munduko 28 herrialdetako familiak daude hezkuntza komunitatean, haien %39 atzerritarrak. Ehuneko hori nabarmen desorekatua da auzoko osaeraren aldean. 2018an segregazioaren gainean egin zen ikerketa batean agertzen ziren ezaugarri gehienak ditu Aranbizkarreko ikastetxeak: profil sozioekonomiko apala, gurasoen prestakuntza eskasa, atzerritar kopuru handia, espektatiba apalak, irakasleek ikastetxean jarraitzeko arazoak, ikasturtean zehar ikasle asko joan eta etortzen dira...

Ez da egoera samurra; hala ere, zerbait egin zitekeela uste zuten, aniztasun horren barruan elkarrekin lan egiten ikasiz. Horrenbestez, proiektu integratzaile bat garatzeari ekin zioten duela zenbait urte. Hala ere, segregazioa ez dela kontu hutsala diote eta, nabarmentzen dutenez, ezin da eskolaren esku bakarrik utzi. «Ez da nahikoa».

Diotenez, segregazio mota bat baino gehiago dago, batzuk agerikoak eta beste batzuk «kamuflatzen saiatzen direnak». Aranbizkarra Ikas Komunitateak segregazioaren banaketa aztertu du, herrialde eta eskualdeetan, auzoetan, ikastetxeetan, Gasteizko ikasleen bilakaera, atzerritar kopurua, biztanleriaren garapena, hirigintza... eta ondorio argi bat atera zuten: Aranbizkarreko ikastetxea ez da inondik inora auzoaren ispilu, eta desoreka horrek segregazioa eragiten du, «naturala ez dena, ez baita metaketa natural baten ondorio», Agirreren hitzetan. Aranbizkarra ez da auzo zaharra bizilagunen adinari dagokionez, eta jaiotza kopurua ez dator matrikula kopuruarekin bat. Horrek esan nahi du hara joan daitezkeen asko ez direla joaten.

Ikaskuntza dialogikoa

Beraz, eraldaketa prozesu bati heldu zioten eta, Paulo Freire pedagogo brasildarraren hitzak gogoan, «zailtasunak aukera bihurtzea» goiburu, haren pedagogiaren ildotik landu zituzten beren estrategiak ikas komunitateak proposatzen duen eredua garatzeko.

Oinarri-oinarrian, ikaskuntza dialogikoa dago. Gallastegik dioenez, jarrera kontua da irakaskuntza prozesuari eta estrategiei aurre egitea. Elkarrizketa bidez ikasten dela dio, elkarrizketa berdintasunean eginez, hierarkiarik gabe, elkarrekin hitz egin eta parte hartuz. Horrek komunitate horretakoa izatearen sentimendua areagotzen du, baita espektatibak handitzen ere. Emaitzek erakusten dutenez, ikaskuntza instrumentala eta arrakasta handiagoak dira, baita bizikidetza ere.

Ikas komunitateak probatuta dauzkan metodologia eta estrategiak dira lehenengo jarduera arrakastatsuak, guztiak elkarrizketaren gainean eraikiak: tertuliak, taldeko elkarreragileak… Jarduera horietan helduek eta boluntarioek ere parte hartzen dute, eta familiak ere eskola barruan parte hartzea nahi dute; esate baterako, matematika egiten ari direla, aita eta ama ere joatea umeek egiten duten lana dinamizatzeko; izan ere, familiak bertan egotea egokia dela uste dute, ikasleen erreferentzia direlako.

Irakasle ikasketak egiten ari direnen laguntza ere garrantzitsua da, euskara arloan, adibidez, baliabide asko behar dituztelako. Eta boluntarioen artean ikasle ohiak ere joaten dira hainbat jarduera egiteko. Beraz, «mugimendu sozial handia dago» Aranbizkarra Ikas Komunitatean. Elkarrekintzak zenbat eta anitzagoak izan, orduan eta aberatsagoak omen dira, eta jardueretan zenbat eta askotariko profiletako jende gehiago, orduan eta ikaskuntza hobea.

Digitalizazioari dagokionez, arrakala digitala gainditzen saiatzen dira. Gaur egun ordenagailu bat daukate ikasle bakoitzeko. «Bere garaian pixka bat izutu ginen diru kontuekin, beti baikabiltza horren mende», gogoratu du Gallastegik.

Garrantzi handia ematen diete jarduera osagarriei, eta programa oso zabala dute. Familia askoren aisialdia ez da hemengo gehienenaren antzekoa; batzuk ez dira ateratzen, ez dute hiria ondo ezagutzen, ez doaz museoetara edo musika kontzertuetara… eta horiek ere aintzat hartzen dituzte kulturaren, artearen, kirolaren ezagutza izan dezaten.

Parte hartzea

Eredu horren funtsezko gakoetako bat parte-hartzea da, eta zenbait parte-hartze maila dituzte. Informazio eta kontsultarako maila da horietako bat, eskola guztietan egiten dena; hala ere, parte-hartze maila horrek, besterik gabe, arrakastarako aukera gutxi daukala azaldu dute hezitzaileok. Hartara, beste maila batzuk ere badituzte, hala nola familiarekin erabakiak hartzeko eta ebaluatzeko parte-hartzea, edo parte-hartze hezigarria, gelan bertan lan egitea proposatzen baitiete. Arlo batzuetan aurreratuagoa daukate praktika, eta beste batzuetan, ebaluaziorako parte-hartzea kasu, garatze bidean. Erabakiak hartzeko, ordea, badute batzorde misto bat hezitzaileek, ikasleek eta familiek osatua. Eta Lehen Hezkuntzan ikasleen asanblea ere badago.

Parte-hartzea hizpide, duela zenbait urte ekin zioten prozesua gogoratu du Gallastegik: «Oso polita izan zen, oso emankorra». Guztientzako arlo komunitario bat sortzea zuten helburu, eta horretarako eztabaida eta negoziazio prozesua abiatu zuten arauak erabakitzeko. Eta ildo horretatik jarraitzen dute. Ez dela erraza diote komunitateak aktibo iraunaraztea: «Parte-hartzea ez da inprobisatzen, eta funtsezkoa da, baina erakarri egin behar da jendea, zentzua izan behar du, familiek sentitu behar dute esaten dutena garrantzitsua dela».

Beste alde batetik, familien formakuntzarako programa ere abiatu zuten, ikasleen arrakastaren lagungarri dena. Proba pilotu batzuk egin zituzten duela urte batzuk. Zenbait amak gaztelania eskolak eskatu zituzten eta proiektu bat aurrera atera zuten Udalarekin elkarlanean, orain artean eutsi diotena. Era berean, HHE Helduen Hezkuntzarekin elkarlanean euskara, gaztelania, alfabetatzea eta informatika eskolak ematen dituzte. Horiek dira eskari handienekoak, baina prest daude, norbaitek eskatuz gero, eskaintza zabaltzeko. Oraindik orain ama talde batek matematika eskolak eskatu ditu, batez ere haurrei laguntzeko.

Eskola orduak zabaltzea beste laguntzarik jasotzerik ez duten ikasleentzako errefortzuak emateko ere baliatzen dute. Horretarako, Gasteizko Gobernuak eskaintzen dituen programa batzuk baliatzen dituzte, hala nola Bidelaguna eta Liburutegia. Udaleko gizarte zerbitzuarekin ere harremana dute, Haurtzaro eta Familia Zerbitzuarekin, formakuntzarako, ikasleekiko tutoretza saioak egiteko, eta kale-hezitzaileekin aisialdia antolatzen dute. Azkenik, guraso elkartearekin ere saiatzen dira eskolaz kanpoko jarduerak egiten.

Urrunera gabe, ikastetxeko Zuriber Guraso Elkartea, Udalaren laguntzaz, esperientzien inguruko elkartruke jardunaldiak antolatzen ari da datorren azarorako ikastetxean, eta Aranbizkarra Ikas Komunitateak parte hartzeko gonbita egin die gasteiztar guztiei. «Hirian dugun aniztasunaz aberastu eta elkarren arteko sinergia sareak bultzatzea» da jardunaldion helburua.

Bizikidetza helburu

Aurreiritziak daudenean, esate baterako bizikidetza dela-eta jendeak beren seme-alabak ikastetxe horretara edo beste leku batera eraman nahi ez duenean, norberaren umea norekin elkartuko den izaten da kezka. Hezitzaileok uste dute euren proiektua, hain zuzen ere, bizikidetzaren inguruko arazoak gainditzeko dela. «Eta gainditzen dira», dio Gallastegik zalantzarako tarterik utzi gabe: «Bizikidetza ona dago».

Maila akademikoari dagokionez, badakite kanpotik datorrenak beste erritmo bat daukala, baina frogatuta daukate, era berean, hemengo ikasleek ez dutela ezer ere galtzen, «irabazten baizik»; izan ere, bigarren horien maila akademikoak ez du behera egin, eta bizikidetzari dagokionez, irabazi egin dutela diote. «Oso zabalduta dago honelako egoera batean ikasle batzuek atzera egingo dutela beren ikasketetan motelago joango direlako, eta bizikidetza horrek arazoak baino ez dituela ekartzen». Ez du zertan horrela izan; areago, ez da horrela, Aranbizkarra Ikas Komunitatearen praktikak eta hainbat ikerketa zientifikok seinalatu dutenez. Horien arabera, desabantaila gehiago dituzten ikasleak multzokatzearen ondorioz, horien errendimendu akademikoa txikiagoa izaten da ohiko inguru batean izango luketena baino, eta ohiko ingurune horretan, desabantailarik ez dutenen errendimenduak ez luke behera egingo.

Etiketarik gabe

Edonola ere, segregazioaren adibide gisa agertu nahi ez duten bezala, segregaziotik inklusiora egiten duen eredu gisa ere ez. Ez dute uste segregazioaren arazoei aurre egiteko ikastetxe batek edo batzuek proiektu inklusibo batean espezializatu behar dutenik. «Hori ez da konponbide bat, ez da jendarte batek eman behar duen irtenbidea. Gu ez gara inklusioan espezialistak. Nola antolatuko dugu hezkuntza eta ikastetxeak, espezialitateen arabera? Kontua ez da bakoitzak bere marka izatea», dio Agirrek.

Beste alde batetik, baina horrekin lotuta, batzuetan zalantza egiten dutela diote beren mezua zabaltzean: «Horretaz zenbat eta gehiago hitz egin, eta eraldatzeko hitz egin behar dugula uste dugu, orduan eta ospe handiagoa hartzen duzu eredu berezi bezala, eta horrek matrikulazioan eragina izan dezake. Hona sartu diren bertako familiek ondoren ez dute alde egin, gustura egon dira, eta askotarikoak dira, baita goi maila sozioekonomikokoak, eta halako etiketa izateak batzuen zalantza eragin dezake».

Izan ere, badakite jende askok umeak «nahasteko» beldurra duela, eta beldur hori oztopoa izaten da jende askorentzat. Gallastegik “beldurra” esan nahiago du, “aurreiritzi” esateak ezkorra dela ematen duelako, «baina elkarrekin biziz ikasten da elkarrekin bizitzen, ez telebista ikusiz edo egunkarian hemengo berri irakurriz». Agirreren ustez, jendeari segregazioaren aldekoa den galdetuta, gehienek ezetz esango dute, «baina teoriatik praktikara bitarteko aldea handia da». Ez dute esan nahi seme-alabak horra eraman nahi ez dituena segregatzailea dela, ulertzen dute ume txikia babestuen dagoen lekura eraman nahi dutela denek. Horrenbestez, jendartera zabaltzen diren mezuak eraldatzaileagoak izan beharko liratekeela uste dute, «egin daitekeen zerbait da; horregatik, aukerak ere nabarmendu beharra dago, eta ez gabeziak bakarrik».

Komunitate apustua

Eskola segregazioa ez da ikastetxeen kontua bakarrik, ezta familiarena, edo instituzioena bakarrik. «Guk uste dugu gurea proiektu erakargarria dela», dio Agirrek, «baina garrantzitsuagoa dela uste dugu jendarte mailan pedagogia egitea, horren falta sumatzen dugu. Inklusiboa ez du eskolak bakarrik izan behar, baizik eta jendarteak». Eta pedagogia egin beharra dagoela diote «aurreiritziak, edo beldurrak, ulergarriak izan daitezkeen beldurrak, uxatzeko».

Komunitate baten apustua izan beharko lukeela uste dute, eta zenbait esperientzia ekarri dituzte hizpidera; hala nola Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo ikastetxearena, auzoa eta eskola batera dihardutena, edo Kataluniako zenbait esperientzia. «Hori nola orokortzen da, baina?», galdetu du Agirrek. Eskola hautatzeko askatasuna oztopo bat izan liteke horretarako: «Ez da samurra esatea egon behar duen edo ez, eta egon behar badu, noraino… Kupoak jartzea zertarako da, atzerritar gutxiago izateko? Nahi ez dituzun ikasle gutxiago izateko?».

Mezu positiboa

Zailtasunak zailtasun, mezu positiboa zabaldu nahi dute jendartera. «Beharbada nire inpresioa da, baina uste dut badagoela klixe bat, beti negarrez agertzen garen irudia. Errealitatea ezin da ukatu, eta eskatu egin behar zaie Administrazioari eta jendarte osoari pausoak emateko, denon inplikazioa, baina baita gauza positiboak badaudela esan ere», dio Agirrek, eta Gallastegik, berriro, ez dutela inondik inora inori kargu hartu nahi, animatzeko mezua zabaldu baizik, «merezi duen zerbait delako. Jendea animatu nahi dugu beldurra galtzeko, oso proiektu interesgarria da, eta oso aberasgarria izan daiteke, inork galtzen ez duena, irabazten baizik, eta denok parte hartuko bagenu, are aberatsagoa izango litzateke. Aukera bat da».

Hausnarketa bat partekatu nahi dute, amaitu baino lehen, eztabaidarako baliagarria delakoan. Xede nagusia inklusioa da, eta segregaziotik inklusiorako bide hori ez da eragile bakar baten edo bakan batzuen ardura bakarrik, baizik eta jendarte osoarena. Batzuetan joan izan zaizkie esanez entzun dutela oso proiektu ona daukatela, baina helburua ez dela proiektu inklusiboa nahi duten familiak horra eta besteak beste leku batera joatea. «Horrelako banaketa egon behar da? Zenbait eskolak erantzun behar diote arazoari, edo sare batek...?», galdetu du Agirrek. Eta jarraian erantzun posible bat: «Proiektu inklusiboak eskola guztietan egon beharko lirateke, ezta?». Izan ere, «helburua Gasteiz inklusiboa da, Euskal Herri inklusiboa, ez eskola inklusibo bat».

Eskolari dagokionez, «hezkuntzarako bideratzen dena nahikoa da? Eta bideratzen edo banatzen den modua egokia da? Hori da gizarte osoari, ez Administrazioari bakarrik, dagokion eztabaida», uste du Agirrek.

Arrakasta ere garrantzitsua da eurentzat, baita akademikoa ere, jakina, etorkizun laborala eta euskararen ezagutza bermatzeko. «Maila akademikoan edozein ikastetxek eman dezake halako emaitza, baina umeei askotariko kulturekin harremanetan elkarrekin bizitzen ikastea ere lortu behar da, zailtasun guztiekin, eta hori aberasgarria da», dio Gallastegik. «Jendea Marokora joango da oporretan ez-dakit-zer ikustera, edo Erasmus programarekin ez-dakit-nora, eta hori bai, kulturarteko bizikidetza da, baina hemengoa ez, nonbait».

Gauza bat dute alde, ordea: eskarmentua eta emaitzak. Proiektu fidagarria dela erakusten duten emaitzak. «Oraindik asko dago egiteko», diote zuhur, «baina bidea egiten hasi gara».

 

Paulo freireren «Zapalduaren pedagogia»

Paulo Freire pedagogo brasildarrak eskaini zuen hezkuntzaren ikuspegi berriaren oinarria da ikaskuntza dialogikoa. XX. mendeko pedagogorik garrantzitsuenetakoa izan zen Freire, eraldaketarako pedagogiaren sustatzailea, eta “Zapalduen pedagogia” lanean bildu zuen ikuspegi berri hori, gizarteak eta hezkuntzak zapaltzen dituzten kolektiboen eta oro har gizartearen askatasuna aldarrikatzeko. Mende erditsua joan da “Zapalduen pedagogia” argitaratu zenetik, baina lan horrek eta bertan Freirek garatu zituen ideiek gaurkotasun betea dute: irakaskuntzan berdintasunean oinarritutako komunikazioak duen garrantzia; irakaskuntza bankarioa arbuiatzea, «ikasleak ez baitira ezagutza-ontziak»...