Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Existentziaren auzi gordina

Gaur Bilboko kaleak presoen etorbide bilakatzeko konpromisoa erakutsiko dute milaka eta milaka aberkidek, beste behin ere. Gaur bertan egunkari honetan askotariko pieza eder askoak irakur daitezkeenez, beste kontu batez arituko naiz, aurrekoan minkideak aipatu zidanaren harira. Izan ere, dena pikutara omen doa, giza espeziarengan esperantza oro galdu du, ez dagoela zereginik, hau guzti hau bukatzera doala, nola bukatuko den dela ikuskizun dagoen bakarra... Etorkizunaz eta existentziaz filosofatzera nator, etorkizuneko teknologia inportanteena filosofia bera dela konbentzituta.

Etorkizuna egongo al da? Zeren badakigu existentzia kolektiboa bukatuko dela. Nola gertatuko da? Ozono geruzaren higadurarekin? Agian asteroide erraldoi baten talkarekin? Negu nuklear amaigabean? Antibiotikoen osteko aroan jokaera basatia hartu duten bakterioen erruz? Noragabe, gugana zuzen-zuzen datorren eta den-dena irensten duen zulo beltz batek zurrupatuta? Datozen hiru mila argi-urteetan gertatuko den supernoba baten gama izpien eztandak bete-betean harrapatuta? Erdi lo dagoen supersumendi baten esnatzearekin? Eta horiek guztiak salbatu, ekiditen asmatuta ere, eguzkia desagertu baino lehen eguzki sistematik ihes egitea lortuta ere, unibertsoa zopa subatomiko batean desegingo da, gizakiarena bezala aitortu ahal den ezer bizitzeko aukerarik gabe utziz.

Ez omen dago ihesbiderik, ez saihesbiderik, ezta bidezidorrik ere. Esperantza bakarra dago: hondamendia urrutiegi dagoela. Argiak itzali egingo dira, eta kontua omen da bitartean zenbateko distirarekin erreko diren. Ezjakintasuna ez da zorion bete-betea ere; baina lagungarria da, bai. Zuhurra baita gure deuseztatze kolektibo saihetsezina ahaztea, batez ere, alfer-alferrik, adoregabetzeko, gu etsitzeko daukan ahalmenagatik.

Baina galdera da: zer gertatzen da, auzi psikologiko gordin bezala, gizateriaren amaiera, gu guztion akabera, minkideak bezala, burutik kendu ezin dugunean? Bi motatako erantzunak daude, biak kezkatzeko modukoak. Amaiera kolektiboak etsitzen gaitu, planeta bezala, egiazki, azkenetan gaudelako; edo, etsita gaude egiatan azken eguna egongo delako. Nago, hondamendiaren irudipen horrek, bizitzaren antzutasunaren antzeztoki horiek guztiek lotura handia dutela orain bizi garenok egunen batean hilko garen ideiarekin.

Irudipen horrek mundu honetan bilatzen eta baloratzen dugunaren inguruko konfiantza, pipiak bezala, barrutik jaten du. Gure motibazioetan eragin depresibo bat du. Baina, galdera ere badakar altzoan: gu eta maite ditugunak izateari utziko diogula ziur egon arren, horrek ez al digu gutxiago inporta ezezagun den, identitate definitua ez duen, existentziara etortzear den jendearentzat etorkizun baten faltak baino?

Nire ustez, epe luzeko gure planekin batera, etorkizuneko konpromiso eta oraingo proiektuen ondoan, gehienak nolabaiteko etorkizun bat aurresuposatzen dutenak, badago zorion sinple bat: jatetik, edatetik, sentitzetik, pentsatzetik, lagunekin hitz egitetik, larrua jotzetik, umeak haztetik, jolastetik, musika, natura edo dantza disfrutatzetik, istorioak kontatu eta entzutetik datorrena. Guztiz ondradu eta legitimoa dena, eta bere legitimitatea ez dator etorkizun baten bahitua izatetik.

Orain eta hemen bizitzeko modu arrazoigarri bat bilatzen saiatzeak, laguntza eta zaintza beharrean daudenak lagundu eta zaintzeak, gauzak diren moduan estimatzeak, eman izan zaigunagatik esker oneko izaten saiatzeak, berezko balioa dauka. Eta horrekin batera, etorkizunak hartzen duen bidea hartuta ere, bizitza bera mirari naturala dela barneratzeak. Gizateriaren balizko akabera batek gu adoregabetzea akats larria da. Etorkizun kolektibo batek bakarrik ez duelako gure zoriona balioztatuko. Orain eta hemen bizitakoaren balioa aitortzea, gure buruaz disfrutatzea, da gakoa. •