Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
BALDEREN ITZULERA

Albistea jada ez da paperak lortu dituela, baizik eta laster bukatuko zaizkiola

Ibrahima Balde (Ginea Konakry, 1994) bere jaioterrian dago, senide eta lagunekin, ia hamar urte ikusi gabe eman ondotik. Poz itzela izan da itzulera. Baina paperak lortzeko prozesu izugarria eta gero, garestia, luzea, bortitza, agudo bukatuko zaizkio. Berritu ezean, ‘Miñan’ liburuaren abiapuntu berean egonen da.

Ibrahima Balde, Amets Arzallus eta Frantzisko aita santua, iragan abenduaren 9an Vatikanoan.
Ibrahima Balde, Amets Arzallus eta Frantzisko aita santua, iragan abenduaren 9an Vatikanoan. (I. B.)

Abenduaren 28an abiatu zen Ibrahima Balde Gineara. Goizeko ordu bietan iritsi zen. Bere herrixka, Thiankoi, 450 kilometrotara dago Konakry hiriburutik barrurantz, eta egun bat eta erdi beharko zuen hara heltzeko. Baina, ezustean, ama eta arrebak joan zitzaizkion aireportura. Berezia eta hunkigarria izan zen topaketa.

Elkartze horren emozio eta pozarekin, poliki-poliki hango egunerokotasunera jartzen ari da gaztea. Amaren osasun egoerarekin arduratuta dago. Arrebak aunitz luzatu dira agurtu zituenetik, duela ia hamar urte.

Amets Arzallus Antiak (Hendaia, 1983) harreman hurbila mantentzen du Ibrahimarekin. Hagitz hunkitua sumatu du laguna telefonoz. «Poz izugarria izan da berriz familiarekin elkartzea eta bere herrialdea ikustea. Kezkatuta ere badago. Herrialdearen egoera ez da oso egonkorra, hori batez ere hiriburuan sentitzen da, eta momentuz han daude. Lehen ere ez zen erraza, baina duela hiru urte estatu kolpea egon zen, eta ordutik halako gobernu militar bat dago, trantsitorioa deitzen diotena baina irauten duena. Berak esan dit duela hamar urtetik egoera aldatu dela eta atzera egin duela iruditu zaiola».

Ibrahimak sarri erraten duen bezala, «etorkizuna planifikatzen» ari da. Oraindik ez daki zer eginen duen.

«Bere lekua han dago, etxekoekin, bere herrian. Bakoitza bere herrian eta jaio den lekuan egotea eta ahalko balitz bizi izatea ederra da. Kontua da ekuazio horri nola erantzun. Gauza asko daude airean», adierazi du Arzallusek.

Liburuz betetako motxila

Motxila ttiki batekin joan zen Balde, benetan beharrezko zituenak bakarrik eramanez, tartean bi adiskideek elkarrekin idatzi zuten “Miñan” (Susa, 2019) liburuaren itzulpen guztien aleak. Hor ditu berekin eta izanen du zer kontatua, pixkanaka.

Agurra gazi-gozoa izan zen. «Alde batetik poza eta ilusio izugarria, Ibrahima berriz berak alde egin nahi ez zuen leku hartara itzultzera zihoalako, bere etxekoengana. Bestalde, tristura puntua, harreman sakon bat delako eta oso barruko hari batek lotzen gaituelako. Hari hori ez da askatzen, luzatu egiten da pixka bat eta distantzia hartzen du. Hemengo jendea agurtzerakoan ere Ibrahimak tristura hori sentitu du, eta pena».

Azken momentuan agurtu ziren, aireportuan bertan. «Ni nahiko pertsona hotza naiz adierazkortasun aldetik, kostatzen zait eta korapilatuta egoten naiz; bera errazago laxatzen da eta hobeto adierazten ditu emozioak, horrek niri ere lagundu zidan deskorapilatzen. Agurra gertatzen da halako keinu azkar eta iheskor batzuetan, eta gero gelditzen zara zu zure buruarekin. Holako sentsazio malenkoniatsu bat gelditu zitzaidan; zimiko bat. Ederra ere iruditu zitzaidan. Bizipen bat izan da segitzen duena. Hari hori hor dago eta nik sentitzen dut».

Iritsi zenean eta etxekoekin argazkian ikusi zuenean, berarekin hitz egin zuenean eta ongi harrapatu zuenean, han kokatua, jada ez atzera begira, pozik eta indartsu, Amets ere hola gelditu zen.

Abiapuntua

«Amets, ni Europan nago, baina ez nuen inondik inora etorri nahi», erran zionean, hendaiarra ohartu zen guk zaku bakarrean sartzen ditugun pertsona horien artean istorio, bide, korapilo eta egoera anitzak daudela. Zaku hori ireki eta gauzak bertze era batera ulertzen lagundu zion Ibrahimak. «Segur aski inork ez du Europara etorri nahi. Inportantea da esatea beren erabakimenez edo gogoz etorri direnak ere denak direla bere lurrari bularretatik kendutako haurrak. Hori eta gero, esan dezagun Ibrahimarena kasu berezi bat dela, ez bakarra, baina bada erabakimen hori eduki gabe hona iritsitako pertsona baten kasua».

Amets Arzallus eta Ibrahima Balde, 2021ean Bilbon egindako elkarrizketa batean. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Horrek abiapuntu desberdin bat markatu zuen eta zentzu bat eman zion Alhassane Balde anaia txikiari (miñan, pularrez) eskainitako liburuari. Historia berezi bat, estilo bat, bien arteko harreman bat, hainbat osagai izan dira Ibrahimaren asilo eskaeran laguntzeko hasitako dosierra uste gabe liburu formara eraman dutenak.

Ekartzen dituzten hizkuntzak

Bertsolari eta idazlearen erronketako bat izan da bien arteko mugimendua, Ibrahimak deitzen dion bezala, izan zedila parez parekoa. Ez da erraza gauzatzen, bien abiapuntuak, adibidez sozioekonomikoa, hain desberdinak direnean. «Hori harremanaren bilakaeran lanketa luze bat da, batez ere zure aldetik. Bien artean nolabaiteko oreka bat bilatzeko moduak dira zu haren egoerara jartzea pixka bat eta ez bakarrik hura guregana ekartzea, erraztasunak eskaintzea baizik. Bestearen gabezietatik, ezinetatik ikastea, eta baita gaitasunetatik ere. Migrantea oso egoera zailean iristen da, esan beharrik ez dago, eta behar handiz josita, baina baita bere ahalekin ere».

Ibrahimaren kasuan gaitasunetako bat, mekanika eta eskulangintzaz aparte, ahozkotasuna eta literatura dira, Ametsek bera hizketan entzundakoan sentitu zuen hori. Hortik begiratzen ikastea izan da beretzat harremana orekatzeko modu bat. «Inportantea da pertsona horiengandik ikasten hastea, eta hizkuntza ere trukatzea pixka bat. Askotan esaten dugu ea migranteei nola eskaini euskara, baina gure erronka ere bada haiek ekartzen dituzten hizkuntzei nola eskaini leku bat. Harremanean hizkuntzak badu garrantzia pertsona konfort egoera batean sentitzeko, euskaldunok badakigu hori, eta Afrikatik iristen ikusi ditudan migranteek, nahiz eta gutxi edo gehiago frantsesez edo ingelesez jakin, beren hizkuntzak dakartzate, eta horiei leku bat egitea garrantzitsua da beren berreraikuntza psikologikorako eta autoestimurako. Lankidetza sareetan uste dut ez dela behar beste kontsideratzen dimentsio linguistiko, kultural eta identitario hori. Guk Afrikako mapa ikusten dugun betaurrekoetatik aparte, bada beste mapa humano bat, eta hori inportantea da gauzak orekatzeko ere».

Irudimen bat

Ibrahima euskaraz pixka bat moldatzen da eta Ametsek pularrez hitz bakan batzuk egiten ditu. Halabeharrez, frantsesaren zubian egin dute topo, eta horrek bi herrien historiaz zerbait erran nahi du. Liburuaren oinarrian dauden elkarrizketa guztiak frantsesez gertatu dira. Ibrahimak badu holako frantsesez hitz egiteko modu berezi bat, beste hizkuntza eta kulturetatik datozen gehienek bezala, euskaldunok ere badugun bezala. Bere eskola-urte gutxi horietan ikasitako espresio jaso batzuk ditu Ibrahimak, eta gero kaleko hizkera bat, eta bi horiek josteko bere ama hizkuntzaren, pularraren, irudimen bat darabil, Arzallusen ustez.

Ibrahima Balde eta Amets Arzallus «Miñan» liburuaren aurkezpenean, 2017. urtean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Irudimen horretatik fabrikatzen ditu bere jostura horiek frantsesez, batzuetan esaldi hautsi batzuk, eta frantses berezia ateratzen zaio. Bere ama hizkuntzaren irudimenak ematen dio askotan dimentsio poetiko bat, gisa batez esaten dira gauzak pularrez, eta gero hori itzultzean batzuetan sortzen du halako oihartzun bitxi bat eta lotura batzuk frantsesez existitzen ez direnak». Horri bere imajinazio propioa gehitu behar zaio, bere deskribatzeko eta memoria antolatzeko modua.

Euskarazko maskara garden bat

Lagunaren ahots berezi hori euskarara ekartzea izan da idazlearen partea. «Hizkuntza aldaketak beti sortzen du partitura diferente bat, baina saiatu naiz tonua ahal zenean mantentzen eta ezin zenean harmonia bat edukitzen. Saiatu naiz euskarazko halako maskara garden bat egiten irakurleak Ibrahima ikusteko zuzenean, eta hori bai izan da nire ariketa sortzailea: batzuetan hizkuntza puskatu, berriz josi...». Neurri batean haur bat bezala ibili da lur horretan, bilatuz eta forma berri batzuk emanez esaldi bati.

Liburu honen berezitasuna da pularrez pentsatua, frantsesez kontatua eta euskaraz idatzia dela. «Ez nuen nahi aduana gramatikal bat izan, ezta politiko bat ere, ez nuen bere tutore bezala agertu nahi, eta desagertzen ahalegindu naiz, pentsatuz, zoritxarrez, nahiko aduana pasako zuela bidean nik beste bat eransteko».

Historia latz baten testigantza ematen du “Miñan”-ek, jakin dezagun zer ari den gertatzen «geure begipean, guregandik ez hain urruti eta segur aski gure sosak tartean dauden Europaren inguruko gerriko bloke horretan». Aldi berean, ez du laztasun horrekin ikuskizunik egin.

Bi egile izateak orekatzen laguntzen du. Liburua Baldek idatzi du, ahoz, eta Arzallusek idatzi du, eskuz. «Ibrahimak historia hau bizi izan du zorigaitzez, berak kontatu du, eta berak erakutsi du baita ere nola kontatu. Historia hau kazetaritza kronika hotzago bat izan zitekeen, baina kazetaritza kronikatik hartzen badu dimentsio literarioa, nola kontatu berak erakutsi duelako da, eta hori gakoa da».

Esan gabe doa

Marrazkiak ere bereak dira. Bere bizitzan egindako lehenengo marrazkiak. Historia hau kontatuz momentu batean irudiak egiten hasi zen, bere burua gogoratuz, eta irudi horiek badute indar bat. «Oso bereziak iruditzen zaizkit, oso gordinak aldi berean. Bere hitz egiteko estiloak bezala, badute haur baten aire bat, eta inozentzia dirudien horretan badago inteligentzia sakon bat. Hitzekin noraino irits zaitezkeen kalkulatzeko gaitasuna eta nondik aurrera hobe duzun hitzak isilik utzi, isiltasun horrek esan zenitzakeen hitzek baino hobeto adierazten duelako zerbait. Ibrahimak pasatzen dituenean bere memoriako gertakizunak, oso gordinak, eta gero airean uzten duenean, ez du epaitzen, ez du haserre keinurik egiten, badago hor inteligentzia bat, hemen nik puntu bat jarriko dut, eta hemendik aurrerakoa esan gabe doa».

Minari lur bat

Liburua idaztea mingarria izan da, eta irakurtzea ere hala da. «Min hartzea ez da txarra eta min hori sentitzea humanoa da. Askotan nire buruarekin ibiltzen naiz borrokan: aktualitatea eta mundua sartzen zaigu begietatik, urrutiko zorigaitzak, ez hain urrutikoak, eta hori dena daramagu holako arintasun batez, non azkenean prestatuta gauden digeritzeko min handirik sentitu gabe edo min teoriko, ideologiko batekin, ez hain organikoa. Uste dut gure kezkak, haserreak, ideologiak eta hor dauden min teoriko-abstraktu guztiek behar dutela lur bat benetan sentitzeko gauzak hurbilagotik eta gure burua ere pixka bat humanizatzeko», aldarrikatu du. Beretzat ariketa hau min horri lur bat ematea bezalakoa izan da, eta jendeari lur bat eskaintzea ere bai.

Ibrahimaren kasuan, daudenen zauriak artatzeko profesionalen laguntzaren behar handia ikusten du.

Musulmana, ateoa, aita santua

Uste gabeko lekuetara eraman ditu liburu honek Balde eta Arzallus, eta ustekabekoenetakoa izan da Vaticanoa. Behin baino gehiagotan aipatu eta gomendatu izan du aita santuak “Miñan”, eta Ibrahima bere herrira zihoala jakinda, erran zien Erromatik pasatzen baziren beregana joateko. Hala bildu ziren iragan abenduaren 9an Frantziskorekin. «Ibrahima oso hunkitua eta nahiko mutu, blokeatua pixka bat. Gero joan zen askatzen, eta ni hortxe, korapiloa askatzen eta hizketan. Honi eta hari buruz, batez ere Ibrahimaz, bere familiaz, Ginearako itzuleraz, Europako migrazio politika gero eta gogorragoez. Justu Frantzia debate horren erdian zegoen. Aita santuak Macronekin eztabaida izan zuen Marseillan, eta geroztik Frantziak are lege gogorragoa onartu du eta Europa ere orokorrean bide horretan doa. Euskal Herriaz ere aritu ginen. Ilusioa neukan erakusteko liburu hau euskaraz jaio zela eta izenburua pularrez daukala, bi hizkuntza horiek bere eskuetan eta liburutegian egon zitezen nahi nuen».

Paperak lortzeko odisea

Fokupean egon ziren liburuarekin, baina, aldi berean, paperak ezin lortuz. «Ez nuen sekula imajinatuko. Ibrahimaren kasua berarekin bizituta ezagutu dut zer den paperik gabeko pertsona bat erregularizatzeko prozesua, edo zehatzago izanda, odisea. Izugarria. Dena prestatuta dago iritsi aurretik amore emateko eta leher egiteko bidean, fisikoki, psikologikoki eta ekonomikoki».

(Marisol RAMIREZ / FOKU)

«Asiloa ukatu eta paperik gabe gelditu zenean, erregularizatzeko hurrengo zirrikitua sustraitze soziala deitzen zaiona zen: gutxienez hiru urte itxaron behar dituzu, bizirauteko behar dituzunak eginez, izerdituz edozein baldintzatan eta abusu asko jasanez. Gero, behar dituzu ezin konta ahala paper, ez direnak batere errazak zure herrialdetik ekartzen. Adibidez, aurrekari penalen paperak hiru aldiz ekarri ditugu. Zigiluak behar dituzte, Gineako Kanpo Ministeriokoak eta Espainiako Kontsulatukoak. Ez zituzten zigilatzen, baina kobratu bai. Prozesu honek ehunka eta batzuetan milaka euro balio du. Eta bitartean, pertsonak biziraun egin behar du. Sistema pertsona migratzaileez aprobetxatzen da era guztietara, modu izugarrian».

Liburuan pertsona baten Afrikako iparralderako zeharkaldia kontatzen da, baina egin zitekeen beste liburu bat behin Europara iritsi eta geroko erregularizatzeko odiseaz, «ze luzea, konplikatuta, garestia eta biolentoa den. Bortizkeria administratiboa da».

Zorionez bukaera bat izan du, lau urte eta erdi pasa eta gero. Ibrahima orain itzuli da herrira, baina paperak udaberrian lortu zituen, apirilaren 17an. Eskuratu dituen paperak bizileku baimena deitzen direnak dira, urtebeterako. Beraz, heldu den apirilaren 17ra arte dauka baimena espainiar Estatuan kontratu eta gizarte segurantzarekin lan egiteko eta bertatik atera eta sartzeko. Baimen hori berritzea samurragoa izatea desio dute, baina edozer espero dute. Apirilaren 17a baino lehen espainiar Estatura itzuli eta lanean hasten ez bada, zerotik hasiko da berriz.

Hortaz, paperak lortu izana baino, paperak laster bukatuko zaizkiola da notizia. «Lau urte eta erdiko prozesu bat, izugarria, garestia, luzea, bortitza, baldosa txiki horren gainera iristeko. Eta baldosa txiki horren gainetik pausoa nola luza litekeen, ikusiko da. Hori da gure sistema. Hala zabaltzen zaie atea egoera horretan datozenei. Eduardo Galeanori irakurri nion: garai batean itsasontzi negreroek Atlantikoa zeharkatzen zuten, eta gaur esklaboen trafikatzaileek zuzenean operatzen dute Lan Ministeriotik, eta, erantsiko nioke, migrazio bulegoetatik».

Hagitz eskertua

Balde Euskal Herriarekin hagitz eskertuta dago osasuna berreskuratu duelako. Iritsi zenean hernia bat zuen urdailean. Oñatin zegoen min hori jasanezina bilakatu zitzaionean, eta Arrasateko ospitalean operatu eta tripako min izugarria kendu zioten. Horretaz gain, oinazpietan arrastoak zituen, bero handia egiten zuenean loa galarazten ziotenak. Soraluzeko lagun bati esker min hori asko goxatu zaio eta lo egin ahal izan du, beroa hobeki jasan eta aitzinera jo.

Hortzetako arazoak ere izan ditu, eta begietakoak. «Desertuan eguzkitan hain arriskutsu ibili diren pertsonei erretinan erredura bat gelditzen zaie, nonbait sendatzen ez dena eta betaurrekoekin babestu behar dena».

Ibrahimak Europaren eta gure herriaren aurpegi desberdinak ezagutu ditu. Badu zeini eskertua. Era berean, badaki zeinek eman dion bertze tratu bat, eta haien aurrean badaki isilik pasatzen. Hitzen eta begiraden bidez jendea ezagutzen ederki ikasi du.

Ametsek arrazoi on bat du ezagutzen ez duen lurralde batera joateko. Ea lehenengo Ibrahimak zer bide egiten duen, eta horren arabera iritsiko da eguna haren herria, inguruko jendea, hizkuntzak eta kultura ezagutzeko. Sarbide pribilegiatu bat izanen du, eta bere buruari hitzematen dio iritsiko dela Gineara.