Karlos ZURUTUZA

Kamira gas laino baten azpian desagertu zenekoa

Bere herriaren eskubideen defentsan borrokatzen da Kamira Nait Sid. Kabiliako amaziga ez ezik, emakumea ere bada. Aljeriako erregimenak «terroristatzat» jo du eta atxilotu egin du. Hainbat nazioarteko erakundek prozesua salatu arren, Europako Batasunak ez du okerrik atzeman.

Kamira Nait Sid agerraldi publiko batean, atxilotua izan aurretik.
Kamira Nait Sid agerraldi publiko batean, atxilotua izan aurretik. (M.B.)

Kamira Nait Siden telefonora deitzekotan, lau minutuko grabaketa bat entzun zitekeen. Kabildar herriak pairatzen duen errepresioa salatzen zuen mezuak, batasunerako deia eginez aldi berean. Bukaeran, Kabiliako preso politiko guztiak askatzea eskatzen zuen.

Mezua entzun zitekeen, Nait Sid bera ere atxilotu zuten arte. 2021eko abuztuan gertatu zen: kaputxadun talde batek eraman zuen bere etxetik, eta hiru egun igaro ziren haren familia eta abokatua jakinaren gainean jarri zituzten arte. Bi egun beranduago, bere aurkako karguak aurkeztu ziren. «Estatuaren segurtasuna suntsitzea» eta «erakunde terrorista bateko kide izatea». Sidek hiru urteko kartzela-zigorrari egin beharko dio aurre.

Egindakoa baino, emakumeak ordezkatzen duen guztia omen da arazoa. Amazig Munduko Biltzarreko (AMB) presidentea ez ezik, giza eskubideen eta, bereziki, emakumeen eskubideen defendatzaile sutsu eta ezaguna da Kamira Nait Sid. Nazioarteko aitorpena ere badu. 2014an, hain zuzen, Nazio Batuen beka bat jaso zuen kabildarrak.

«Kontseiluan adierazi nuen pasaporte bikoitza zuen norbait behar genuela, askatasunez mugitu ahal izateko eta, horrelako kasu baten aurrean, Estatu baten babesa bermatzeko», diosku Fathi Ben Khalifak. 58 urteko libiarrak Amazig Munduko Biltzarraren lidergoa hartu zuen 2011n, Libiako gerra piztu eta berehala. 2015ean, Kamira Nait Sidi eman zion lekukoa.

Kabildarrek ospe handia dute amazig herri zabalaren artean, eta hala azpimarratu du Ben Khalifak ere. Eskubide eta hizkuntzaren defentsan «oso aktiboa» den komunitate bat deskribatu du. «Erregimen diktatorialen aurkako erresistentziaren sinbolo bilakatu dira gurean. Besteak beste, 2010ean Parisen ezarri zuten Erbesteko Kabiliako Behin-behineko Gobernua. Ez dute inoiz amore ematen», gaineratu du Ben Khalifak.

Aljeriako amazig herriaren egoera bi gertakariren bidez adierazi du libiarrak. 2023ko udaberrian, Aljerrek Libiako Amazig Kontseilu Gorena -gutxiengo honen erakunde nagusia- legez kanpo uztea eskatu zion Tripoliri. Handik aste gutxira, Jadu libiar herriko haur futbol talde bat Aljerian bertaratu zen txapelketa batean parte hartzeko.

«Antolatzaileek zenbakirik gabeko kamiseta beltzak erabiltzera behartu zituzten, eurenek amazig ikurrak eta ekipoaren izena gure alfabetoan idatzita zituztelako. Haurren futbol txapelketa batean eskua sartzeko gai badira, gainerakoa erraz irudika dezakezu», dio Ben Khalifak.

«Gizonezkoak galdu ditugu; duintasuna, baina, inoiz ez» leloa, Kabilian maiz irakur daitekeena. (Karlos ZURUTUZA)

Aljeriako kabildarren aurkako errepresioa biziki areagotu da 2019tik. Abdelaziz Bouteflika presidentea bosgarren agintaldi baterako aurkeztu zen orduan, gaixotasun batek zeharo ahulduta zegoela. Herriak kaleetara jo zuen eta ostiral oro protesta egun bilakatu zen: honela eskatzen zen erregimen militarraren eta ustelkeriaren amaiera. Herrialdearen modernizazioak gobernu demokratiko bat ekarriko zuelakoan zeuden denak.

Ez zen hala izan. Nazioarteko Amnistia-k (NA) salatu du ehunka ekintzaile eta giza eskubideen defendatzaile daudela Aljeriako espetxeetan. GKE-k berretsi du ekintzaileok «modu baketsuan» eskatu zituztela adierazpen eta biltzeko askatasunaren eskubideak. «Aljeriako agintaritzak desadostasun mota guztiak zanpatzen ditu», ondorioztatu du NA-k. Ildo berean, Human Rights Watch-ek gogoratu du gizarte zibileko erakundeen eta komunikabideen aurkako errepresioa areagotu egin dela 2019tik.

Fathi Ben Khalifaren aburuz, Aljerrek hiru «kortina» erabili ditu bere herriaren gaineko errepresioa ezkutatzeko: pandemia, Marokorekin duen gatazka eta Ukrainako gerra.

«Ondo atera zaie. Honela, nazioarteak ahaztu egin du Aljeriako giza eskubideen errespetua zaintzea», dio amazigak.

Identitate krisia

Gutxiengoen eskubideak direla eta, Aljeriak nazioarteko estandar nagusiak berretsi ditu paper gainean. 2007an, Nazio Batuetako Herri Indigenen Eskubideen Adierazpenaren alde bozkatu zuen, eta «hizkuntza ofizialtzat» aitortu zuen tamazight-a 2016an. Legezkotasunaren itxura horrek, hain zuzen, zail egin du beren eskubideen defentsan ateratakoek pairatu duten errepresio-maila ulertzea.

Gai konplexua bezain arriskutsua da Aljeriaren identitatearena. Sei analista ezagunek uko egin diote gure galderak erantzuteari. Errepresalien beldur dira denak: Aljerian bizi direnak atxilotuak izan daitezke; aljeriarrak ez direnek bisa galdu dezakete…

Minority Rights Group GKEk 60 herrialdetako 300 bazkide baino gehiagorekin lanean dihardu eta Nazio Batuen kontsulta-estatusa dauka. Bertatik, Afrika iparralderako analista Silvia Quattrini prest agertu da gurekin hitz egiteko. «Aljeriak, 1962an independentzia lortu zuenetik, nazio-nortasunaren eraikuntzari eutsi dio bi erro nagusitan: arabiar nazionalismoa eta islama. Amazig herria eskema horretatik kanpo gelditzen da», azpimarratu du Quattrinik. Gogoratu duenez, gutxiengo horren aitorpenerako urrats guztiak tentsio eta konfrontazio handiko uneen ondoren eman dira.

Martxa bat Kabilian. Aljeriako gutxiengo honen mugimendua erreferente bilakatu da amazig herri osoarentzat. (Karlos ZURUTUZA)

«90eko hamarkadaren erdialdean, urtebeteko greba egin behar izan zuten ikasleek eta irakasleek Amazig Nortasunaren Goi Komisariotza sortu ahal izateko; 2001ean, «Udaberri Beltza» izenekoa lehertu zen. Kabiliako manifestazio baketsu haietan, ehundik gora hildako eta milaka zauritu eta atxilotu izan ziren. Handik gutxira, ebazpen konstituzional batek tamazight-a bigarren hizkuntza nazional gisa ezarri zuen. Azken urteotan kontzesioen goranzko joera ikusi arren, amazig erkidegoaren aurkako neurri murriztaile ugari ere hartu dira. Gobernuak beraien gaineko kontrola du lehentasun», azaldu du ikertzaileak.

2019ko Gobernuaren aurkako protesta hartan ehunka pertsona atxilotu zituzten amazig bandera bezalako sinboloak eramateagatik. «Poliziaren indarkeriaren eta atxiloketa arbitrarioen biktima izateaz gain, diskriminazio administratiboa edo enplegua galtzea ere pairatu behar izaten dute. Horietako batzuei pasaporteak ere kendu egin dizkie Aljeriako Barne Ministerioak», gogoratu du Quattrinik.

Aljerrek ez du frogarik aurkeztu Nait Siden jokabidea segurtasun nazionalaren aurkako mehatxua izan dela egiaztatzeko, ez eta berari leporatutako «terrorismo-ekintzen» teoria sustatzen duenik ere. Hala ebatzi zuen, 2022ko urrian, Nazio Batuen Atxiloketa Arbitrarioari buruzko Lantaldeak ere. Txostenaren arabera, atxiloketa arbitrarioa jasan du «amazig komunitateko kidea izategatik eta bere eskubideak defendatzeagatik».

«Kamira demokraziaren eta giza eskubideen alde borrokatzen den emakume bat da, bai eta Kabiliako ikur bat ere, horregatik dago atxilotuta», azaldu digu Soraya Sough-ek. MAK (Kabiliako Autodeterminaziorako Mugimendua) taldeko Europa hegoalderako ordezkaria da. 2009tik Bartzelonan bizi da, eta zazpi urte pasa dira bere herria azkenekoz zapaldu zuenetik. Jakin badaki espetxean bukatuko lukeela bueltatzen saiatzekotan.

«Kamira ‘Udaberri Beltzeko’ Emakumeen Elkartearen sortzaileetako bat izan zen. Oso ausarta izan ohi da, molde asko hautsi ditu eta kabildar emakumeen borroka historikoan tresna modernoak txertatzeko gai izan da. Esan genezake amazig emakume askearen sinbolo bilakatu dela», dio Sough-ek. Atxilotutako aktibista pairatzen ari den «kostu pertsonal itzelaz» ere mintzatu da ordezkari kabildarra. Gaineratu duenez, MAKeko 500 kide baino gehiago daude egun Aljeriako kartzeletan.

Alderdia 2003an sortu zenetik, autonomia eskatzetik autodeterminazio eskubidea aldarrikatzera igaro da. 2021eko maiatzean, Aljerrek «terrorista» etiketaz zerrendatu zituen bai MAK-a bai Rachad izeneko mugimendu islamista. Edonola, errepresioak ez omen du aterik uzten ukitu gabe. «Giza eskubideen defendatzaileak edota kazetariak ez ezik, Gobernua kritikatzen ausartzen den edonor atxilotu dezakete. Mozorroa kendu dute, denok ikus dezakegu erregimen militarra dela», damu du Sough-ek.

«Une zailak»

M2023ko Clément Nyaletsossi Voulek (Nazio Batuen Elkartzeko eta Biltzeko Eskubideari buruzko defendatzailea) Aljeria bisitatu zuen. Handik bueltan, Voulek Kamira Nait Sid atxiloketa arbitrario baten biktima izan zela berretsi zuen, ekintzailea «berehala» askatzeko deia eginez. «Konstituzioa erreformatzeko eta Zuzenbide Estatua ezartzeko herritarren zati handi baten eskaerak isilarazteko sortutako beldur-giroa» salatu zuen Voulek.

Mhenni Ameziane oroitzeko afixa. (Karlos ZURUTUZA)

GKE-ak, laguntza-plataformak edota hainbat alderdi politiko ahalegin handiak egiten ari dira preso politiko nahiz disidente ororen ahotsa entzunarazteko. 2021eko abenduan, Junts per Catalunya alderdi katalanak zera galdetu zuen Europako Parlamentuan: Kamira Nait Siden prozesu penala ikuskatzen ari al da EBB? Aurreikusita al dago presoari laguntza legala, medikoa eta psikologikoa ematea?

Europako Batasuneko Kanpo Arazoetarako ordezkari Josep Borrell-en hitzetan, «arreta berezia eskaini ohi zaio Aljeriako giza eskubideen arloko egoeraren bilakaerari», eta horrek «Kamira Nait Sid bezalako ekintzaileen egoera barne hartzen du». Nolanahi, gaineratu zuen Borrell-ek, «giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua Aljeriako Konstituzioan jasota dago, eta Aljeriarekin elkarrizketa ireki batean sakontzearen aldeko apustua egiten da, konfiantzan eta kritika eraikitzaileetan oinarrituta».

Bere erantzuna argitaratu eta zortzi hilabetera mugimendurik atzeman ez zenez, Borrell-ek gutun bat jaso zuen. Bertan, ezkerreko hainbat alderditako 13 eurodiputatuk «giza eskubideak errespetatzen ez dituen erregimen baten aurrean ez ikusiarena egitea» leporatzen zioten. Aljeriarekin egindako akordioak berrikustea eskatzen zuten, aldi berean.

Jakina da Brusela eta Aljerren arteko gas-itunek pisu handia dutela. Jesús A. Núñezek, Gatazkei eta Ekintza Humanitarioari buruzko Azterlanen Institutuko (Ieah) zuzendarikideak, honela diosku: «EBko herrialdeek Errusiarekiko mendekotasun energetikoa ezabatzeko premia dute. Gauzak honela, hornitzaile alternatiboek eragindako giza eskubideen urraketak ‘ikusezinak’ izan daitezke gurean»

Europako Batasuneko Kanpo Arazoetarako ordezkaria 2023ko martxoan elkartu zen Abdelmadjid Tebboune Aljeriako presidentearekin azkeneko aldiz, Aljerren. Bileraren ostean, katalanaren adierazpen publikoa argigarria izan zen oso: «Europak Aljeriako gas esportazioen %90 jasotzen du. Une latzak bizi izan baditu ere, Aljeria laguna eta bazkide fidagarria dugu».