Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Interview
Onditz GOÑI SAGASTUME
Ume motxiladuna

«Askotan pentsatu izan dut ni pertsona desberdina izango nintzatekeela ama gertuago egon balitz haurra nintzenean»

«Onditz Euskal Irrira» plataforma sortu zuten hainbat euskal sortzaile eta artistak duela 25 urte. Euskal preso politikoen sakabanaketak haien seme-alaben bizitzetan sortzen duen injustizia mahai gainean jarri zuen ekimenak. Onditz Goñi Sagastume jaioberria zen orduan, eta bere egoerak bistaratu zuen lehen aldiz haur motxiladunen errealitatea.

Elkarrizketarako Donostian ateratako argazkia.
Elkarrizketarako Donostian ateratako argazkia. (Jon URBE | FOKU)

Duela 24 urte, 2000. urteko apirilaren 11n, Donostiako alkate Odon Elorzak, Euskal Herriko bost espetxeetako zuzendariek, frantziar eta espainiar gobernuburuek, Nafarroako presidente Miguel Sanzek eta Lakuako Gobernuko kideek eskutitz eta tarta bana jaso zuten. “Onditz Euskal Irrira” plataformarena zen oparia, pastel gozoa eta eskutitz gazixeagoa, agintari horiei gogorarazteko Onditzek aurki urtea beteko zuela Euskal Herritik ehunka kilometrora, Dueñasko kartzelan, bertan bizi baitzen, Maitane Sagastume amarekin.

Laster beteko ditu Onditz Goñi Sagastumek 25 urte. Bera izan zen lehen haur motxiladuna, dispertsioaren latza sufritu behar izan zuen lehenengotarikoa.

“Onditz Euskal Irrira” ekimena izan zen lehenengoz haur motxiladunen gaia mahai gainean jarri zuena. Ez da akordatzen bere lehen urteez, baina etxean kontatu diotenetik eta inguruan jaso duenetik osatu du puzzlea. «Ama Dueñasko espetxean zegoen preso. Dagoeneko zazpi-zortzi urte zeramatzan kartzelan. Ni jaio baino bi aste lehenago ekarri zuten Martutenera, uzkurdurekin hasi zelako. Donostiako ospitalean erditu nahi zuen amak. Jaio eta bizpahiru astera eraman gintuzten ama eta biok Dueñasko espetxera. Martutenen ez zegoen amentzako modulurik».

Gauza jakina zen Onditz jaio eta berehala eraman beharko zutela kartzela urrunen batera, Martutenen ez zegoelako amentzat eta umeentzat prestatutako modulurik. Egoera horren aurrean, Euskal Herriko hainbat kulturgile elkartu ziren egoeraren krudela salatzeko: Pirritx, Porrotx eta Takolo; Kakax, Kokox eta Kirriki; Goloka eta Kukubiltxoko kideak; Txan Magoa; Sebastopoleko titiriteroak; Inkieto, Txoronpio, Pantxi eta Pantxo, eta Tanttaka taldeko lagunak, besteak beste. Onditzek Euskal Herrian jaiotzeko eta bizitzeko eskubidea zuela aldarrikatu zuten. Eta berak bezala bere amak, aitak eta euskal preso politiko guztiek. Irudimenez eraiki zuten aldarria; kalejira erraldoia eta koloretsua egin zuten Antiguatik Boulevardera, Manolo Urbietak abesti bat egin zuen, manifestua han eta hemen zabaldu zuten... Gainera, denboran eutsi egin zioten aldarrikapenari. Gabonetan Martutenera joan zen sortzaile kuadrilla, Olentzero eta astoa tartean, euskal presoek eta haien haurrek Olentzeroz gozatzeko eskubidea zutela ozen esateko. Udan igerileku puzgarri bat eraman zuten kartzelaren atarira, Onditzek Kantauri itsasoaz, bere herriaz eta udaz gozatzeko eskubidea zuela gogorarazteko. Beste egun batean, amen modulua eraikitzeko lanak hasi zituzten kartzelaren parean, “Onditz eraikuntzak” deituriko enpresarekin. Eta Onditzek urtea bete behar zuenean, tarta bat erregistratu zuten hainbat tokitan, tartean Donostiako Udalean. Garai hartan Odon Elorza zen alkatea, eta tarta aitzakia hartuta gogorarazi nahi zioten donostiar batek laster urtea beteko zuela bere etxetik oso urrun, kartzela urrun batean.

Lehen argazkiak, Dueñasen

«Ez daukat lehen urte haien oroitzapenik. Kontatu dizkidatenak eta entzun ditudanak harrapatu eta itsatsi egin ditut. Urte eta erdi pasatxo nuenean atera nintzen Dueñasko kartzelatik, eta aitarekin Donostiara etorri nintzen bizitzera. Lehen hilabete haietan, bisitak genituenean, ni kartzelatik ateratzen ninduten. Nire haurtzaroko lehen argazkiak Dueñasen dira denak, amen moduluan edo herrian, aitarekin eta lagunekin. Bisitan etortzen zirenek ateratzen ninduten kalera. Hori zen nire mundua orduan. Urte eta erdi inguru nuenean etorri nintzen Donostiara, eta Orixe ikastolan hasi nintzen. Nire lehen oroitzapenak Orixe ikastolan, kaian, Urgullen... dira, lagunekin».

Maitane Sagastumek lekualdaketa asko izan zituen Onditz Dueñastik atera eta gero. Martutenen lauzpabost urte, Zaragozako Zueran, Asturiasko Villabonan, Coruñako Curtisen... «Gogoratzen naiz Villabonako kartzela aparte zegoela, autobidetik atera eta bihurgune asko zituen. Oihana zirudien toki batean zegoen, oso urrun nire oroitzapenean». Autoan asko zorabiatzen zen haur baten oroitzapena da. Ez dauka ahazteko zorabioaren kontra hartzen zuen botikaren zapore txarra ahoan. «Nik ez nituen gauza asko ulertzen. Ama han barruan zegoen, urrun, eta bera ikustekotan urrutira joan behar nuen, bestela ezin nuen ama ikusi. Gaizki pasatzen nuen bidaietan, oso luzeak ziren, asteburu osoa pasatzen nuen autoan, beroa egiten zuen...».

Bidaia txarra eta, behin kartzelara iritsita, ezlekuak diren toki horien hotza. «Kartzelak oso zaharrak iruditzen zitzaizkidan, eta zikinak. Umetatik konturatu nintzen funtzionarioen artean ere desberdintasun handiak zeudela. Batzuek kilometro mordoa egin zuen haurra ikusten zuten eta enpatia sentitzen zuten. Beste batzuek, izen euskalduna nuela ikusita, gaizki tratatzen ninduten hasieratik zuzenean. Oso txikitatik sumatu nuen desberdintasun hori. Eta ondo gogoan daukat nire bizitzan ikusi dudan kartzelarik zikinena: Langraizko kartzela zaharra. Oso oroitzapen txarra daukat, bazirudien kartzela gainera eroriko zitzaigula».

Hala ere, urruntasuna eta zikintasuna aparte utzita, «ziurgabetasuna» zen Onditzi hotzikara handiena sortzen zion sentipena. «Nik betidanik ezagutu nuen ama kartzelan, eta barneratuta neukan han egon behar zuela. Baina, urteak pasatu ahala, pentsatzen hasi nintzen egoera horrek bukaera bat izan behar zuela. Noiz arte egon behar zuen amak kartzelan? Hori galdetzen hasi nintzen, baina inork ez zidan erantzunik ematen, ez zekitelako zer erantzun. Sentsazio horrek kalte handia egiten zidan, nik jakin egin nahi nuen ama noiz aterako zen. Itxaropen bat behar nuen, amaiera puntu bat. Tarteka entzuten nuen akaso aterako zela, zigorraren hiru laurdenak beteta zituela... baina gero ez zen ateratzen eta kolpe latza izaten zen, bai niretzat bai amarentzat. Gero, egun batetik bestera jakin nuen ama kartzelatik aterako zela. Nik ez neukan aukera hori barneratuta, aspaldi utzi nion itxaropena izateari».

«Ez dut jasaten ziurgabetasuna»

Hori guztia kudeatu behar izan zuen Onditzek nerabe bat zela. «Ni orduan ez nintzen konturatzen, baina egoera horrek marka handia utzi dit. Gaur egun ez dut jasaten ziurgabetasuna. Lanean, une oro jakin behar dut zer egin behar dudan. ‘Hori egin eta gero ikusiko dugu’ esaten didatenean urduri jartzen naiz. Denbora luzez sentitu izan dut ez neukala nire bizitzaren gaineko kontrolik, eta orain kontrol hori behar dut».

Badira zortzi urte ama espetxetik atera zela. Bere bizitza modu askean egiten duen gaztea da, ez da amarekin bizi, baina badaki behar duenean hor egongo dela. «Nik ama bi astean behin edo hilabetean behin ikusten nuen. Horretara ohituta nengoen. Eguneroko hurbiltasuna aitak eman izan dit umetatik. Hasieran ez nekien nola kudeatu ama gertu edukitzea. Bizitzaren parte handi bat eman nuen ama gertu noiz izango zain-zain, eta behin ondoan nuenean, ez nekien nola kudeatu. Hasieran ez nekien nola egin, landu egin behar izan dugu biok, baina ikasi dugu. Orain oso harreman ona daukagu, gertutasun handia. Ama oso ondo ikusten dut eta horrek poza ematen dit. Biok ikasi behar izan dugu elkarrekin egoten».

Euskal Herriaren haurra

«Askotan gerturatu izan zait jendea esanez, ‘zuk ez nauzu ezagutzen, baina nik parte hartu nuen halako festan, halako manifestazioan, abesti bat egin nuen zuretzat...’. Oso babestuta sentitu izan naiz. Haur motxiladunen errealitatea mahai gainean jarri zen nire kasuarekin, eta sentitzen dut jendeak asko zaindu nauela. Porrotx, adibidez, beti izan dut ondoan, haurra nintzenean, eta gero. Oso maitatua eta babestua sentitu naiz jendearen aldetik. Donostiako Parte Zaharrean ere, asko zaindu naute. Adibidez, nire lagunen gurasoek asko zaindu naute, bai ezker abertzalekoak zirenek eta baita beste pentsaera bat zutenek ere. Nire aitaren eta amaren semea naiz, baina askotan sentitu dut pixka bat denon haurra nintzela».

Bere ama ehunka kilometrora zeukan preso, eta berak ere sufritu du zigorra. «Adibidez, Alacanteko eta Malagako lagunak dauzkat orain, eta askotan azaldu diet nola presoen senideak ere zigortzen dituzten, ehunka kilometroko bidaiak egitera behartuz. Nik ez nuen ezer egin eta asteburu oro bizitza jokoan jartzen nuen errepidean. Orduan ez nintzen konturatzen, baina gerora askotan pentsatu izan dut. Baina ez neukan beste aukerarik, ama ikusi nahi banuen bidaia luzea egin behar nuen, ez zegoen besterik».

Martuteneko amen modulua 2022ko ekainean inauguratu zuten. Onditzek bere buruari askotan galdetu izan dio nolakoa izango ote litzatekeen bere bizitza ama Martuteneko kartzelan balego. «Askotan pentsatu izan dut, ama Martutenen balego, nire haurtzaroa desberdina izango litzatekeela. Bisita gehiago izango nituen, ez nituen hain bidaia luzeak egin beharko, asteburuak desberdinak lirateke, agian futbolean jokatzen jarraituko nuen denbora luzeagoan... segur aski nire bizitza oso desberdina izango litzateke eta ni pertsona desberdina izango nintzateke ama gertuago egon balitz haurra nintzenean».

Umetan faltan sumatzen zuen amak bere lagunak ezagutzea. «Nire lagunen kontuak kontatzen nizkion, baina ez zituen ezagutzen. Horrek molestatu egiten zidan. Nire lagunak izenak bakarrik ziren beretzat, ez zien aurpegirik jartzen. Kartzelatik atera zenean nire lagunak ezagutzeko gogoa zuela esan zidan, eta ezagutu zituen. Poza eman zidan horrek».

Bazuen beste amets bat, beste plan bat, amarekin egin nahi zuena. «Umetatik amarekin Port Aventurara joan nahi nuen, nire lagunak joaten ziren bezala. Beti esaten nion hori zela nire ametsa, berarekin Port Aventurara joatea. Duela urte pare bat joan ginen biok eta izugarri polita izan zen. Nire amak horrelako parke bat ezagutzen zuen lehen aldia izan zen, eta ni amarekin horrelako parke batera joaten