G. M. ZUBIARRAIN
infraganti

ROBERT HIRIGOYEN

Herri Urrats jaiaren 32. edizioa izango da igande honetan. Alabaina, Ipar Euskal Herriko ikastolen egungo jaiak gutxi du ikustekorik 1984ko maiatzaren 13 hartan antolatu zen lehen festa harekin. Ondo ezagutzen ditu orduko kontuak eta komeriak Hirigoyenek, bera ibili baitzen garaian erokeria zirudiena egun ohitura izatea zor diogun hogeikote hartan.

Robert Hirigoyen, Herri Urratseko sortzaileetako bat
Robert Hirigoyen, Herri Urratseko sortzaileetako bat

Azkar eta ondo usoak hegan. Hala dio esaerak. Ez dio horri aurka egingo, ziurrenik, Robert Hirigoyenek, zuzenean galdetu ez badiogu ere. Jakina da presaz eta tarrapataka egindako lanak lardaskeriak izaten direla. Baina larre motzean ibiltzea zer den dakienak ez du betaren patxada izaten, muzin egiteko aukerarik ere ez. Ogi guztiak onak goseak amorratzen dagoenarentzat.

Halakoxea zen nonbait Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera 80ko hamarkada hasiera hartan. «Arrunt gaizki» zen Seaska diru mailan, gogoratzen da Hirigoyen. Ez zen gaur egungo laguntza, ez herriko etxeen aldetik ez eta gainerako erakundeetatik ere. Ikastolak iraunarazteko sosa gurasoen ekimenez eta haien sakelatatik jasotzen zen. Frantses Gobernuarekin lehen akordioa 1982an erdietsi zuen Seaskak, PSFk presidentetza hartu ondotik. Kultura Ministerioak bi milioi eta erdi franko (gaur egungo 381.000 euro) eman zizkion lehen aldiz urte hartan. Irakasleen ordainsariak bere bizkar hartzeko eskaerak, ordea, urtebete gehiago itxaron behar izan zuen asetzeko. Eta hori lanpostu jakin batzuen kasuan bakarrik onartu zen.

Lapurdiko lehendabiziko ikastola 1969an sortu zen, Arrangoitzen. Ordutik hamabost urte joanagatik, 1983an Ipar Euskal Herrian zeuden 23 ikastolak eta haietan euskaraz Euskal Herria nahiz mundua ezagutzen ari ziren 700 haurrak Lehen Hezkuntzakoak ziren guzti-guztiak. Premia gorria zegoen, hortaz, Bigarren Hezkuntzari ekiteko, Hirigoyenek kontatu digunez, ikasleek «16 urte arte segi zitzaten Seaskako ikasketak». «Gurasoak bakarrik» zirela oroitu da larresoroarra, orduko erakundeen babes eza gogoan.

Gogoak hanka luzea izaten, ahalak, ordea, beso motza ukaiten. «Ez ginen asko, hogei bat» aitortu digu. «Zenbaitzuk pentsatzen zuten ez zela posible, beldur ziren». Hasiera guztietan bezala zalantzak uxatzea izan zen lehen erronka, ala borroka. «Bagenuen sineste handi bat», ikastolen egoerak ere horretara eramaten zituen-eta. Eurak egin ala jai, horixe zen kinka.

Bide guztiak Senperera

1983an Durangon izanak ziren Hirigoyen eta lagun batzuk Ibilaldian. «Ez genuen deus ere ezagutzen» onartu digu larresoroarrak. «Harrituta» geratu omen ziren «zer festa eta nola antolatua» zuten ikusita. Handik etorrita, Kanbon zerbait antolatu behar zutela erabaki zuten –«han genuen haur bat, ttipiena, bestea Angelun» zehaztu nahi izan digu Hirigoyenek–.

Esan eta egin. Hasi ziren inguruko herrietan gune egokiren baten bila halako jairen bat antolatzeko. Ibili ziren Kanbon, Ainhoan... Eta larre bila dabilen ardiak dunba hotsa ateratzen duenez, Senpereko ikastolak jakin zuen Kanboko guraso talde hura zerbait antolatzekotan zebilela. «Haiek bazuten gogoa aintzira inguruan egiteko festaren bat, baina ez zekiten nola», kontatu digu Hirigoyenek. Elkarrekin bilduz borobildu zuten lehendabiziko Herri Urrats haren asmoa.

Prestaketa bilerak, eta ez horiek bakarrik, lehendabiziko hiru urteetako Herri Urrats jaien antolaketa bilkurak ere bai, Hirigoyendarrek Larresoron duten etxean egin zituzten. Izenaz hausnarrean hasi ziren. “Iparraldea Oinez”, jalki omen zitzaion baten bati, “Nafarroa Oinez” eredu. “Herriaren Urratsa” proposatu zuen Hirigoyenek. Eta gustatu. Laster batean, «publizitatea egiteko luzea zelako», “Herri Urrats” izenera laburtu zuten. Izenak argi biltzen du lehen antolatzaileen izana. «Herri batek ez badu urratsik egiten bere hizkuntza salbatzeko... ez dute kanpokoek eginen», argitu digu orduko ikastolako gurasoak.

Eguraldi narrasa atera zen 1984ko maiatzaren 13 hartan. Baina elur gaineko hego haizeak otsoa izutu bazuen ere, langar ziztrinak ez zituen euskaltzaleak uxatu. «Guk 5.000 lagun espero genituen» zehaztu digu lehen antolatzailetakoa denak, horientzat zituzten prestatuta «ogitartekoak-eta»; «ahal genuen bezala» ñabartu digu ondotik. Ez zuten egungo azpiegiturarik. Orduko aintzira ere ez da gaurkoa. Etxe bakanen bat eta kito. Haritzak eta belardiak ziren nagusi lau muinoz inguratutako lakuaren bazterretan.

Hasiera batean 5.000 lagun espero, eta halako ia hiru bertaratu. Arrakasta erabatekoa izan zen. Akatsak ere neurrikoak. «Ez genuen aparkalekurik aurreikusi!», datorkio gogora barre txiki artean gizonari. Nonahi aparkatu beharrean izan zen jendea. Eta ez zen huskeria izan, gehienak Hego Euskal Herritik etorritakoak baitziren. Eroriz ikasten da oinez.

Laguntzaile bereziak

Beso jakin batzuen ekarria aitatu nahi izan du Hirigoyenek: iheslariena. Haien laguntzaz gogoratzean, esker oneko hitzak datozkio ahora. Larunbatean saldoka etorri zirela muntaketan laguntzera ondo gogoan du, «aterpeak eta xapitoak» zutitzeko. Astelehenean ere hor ziren desmuntaketa lan beti nekagarrietarako. Hurrengo urteetan ere halatsu izan zen. Igande hori «etxekoekin» pasatzen zutela dio Hirigoyenek, baina beti laguntzen zutela zeregin horietan. Gurasoen artean, halaber, bazen iheslaririk.

Garbitzeko ez zen orduan gaurko tresnarik. «Dena eskuz egiten genuen», dio Hirigoyenek. Zigarreta muturrak «battio-battio» biltzen zituzten. Kristoren lana hartzen zutela dio, baina umore onean egiten zutela lan aspergarri hori ere. Inori ikastolen aurka jarkitzeko heldulekurik ez ematea, horixe zuten nahia. «Sekulan ez da deus izan, ez kalapita ez ezer», dio harro, bertan izan den eta izaten den jatorri eta pentsaera ezberdineko jende arragoa gogoan.

Ikastolen jaiak soziologian izan duen aldaketa begi onez ikusten du Hirigoyenek. Lehen urteetan jende gehiena Hego Euskal Herrikoa zen, gutxiengoa lapurtar, zuberotar eta baxenabartar. Gaur, berriz, alderantziz. «Batzuk etorriko dira agian festa egiteko» onartu du, «baina badakite euskararen aldeko festa dela».

Lehen komun haiek

Autoa uzterakoan soilik ez, beste gauza batzuetan ere topatu zuten lehen Herri Urrats zale haiek “berezitasunik”. Komunak antolatzaileek eurek egin zituzten, adibidez. Zanga zuloak ziren, eta gero, nola ahala kabinak bereizteko, «ospitaleko izarak» erabili zituzten oholen laguntzaz zutik atxikita. Gogozko tokian ez da aldaparik izaten.

Lehen edizio hartan aintziraren inguruan itzuli osoa ematerik ez zegoen. Bidea egin gabe zegoen. Herriko Etxearen baimenarekin, «geronek prestatu genuen» itzuli osoa egiteko pasabidea, kontatu digu orduko auzolan grinak zorion irri bat lorarazten diola ezpainetan. Oholekin prestatu zuten zubixka. Gerora, bide bihurtu da lehen bidezidor hura. Metafora esanguratsua inondik inora ere.

Garaiko arduradun eta kargu politikoen jarreraz galdetuta, arazorik ez zutela izan diosku Hirigoyenek. Senpereko auzapeza ados zen, baina bazterrak leheneratuta utziko ote zituzten zuen kezka. Han ibili zen gero ikusketan, larresoroarrak gogoratzen duenez. Aintzira hori uholdeak direla-eta beti horrenbeste buruhauste ematen duen Urdazuri ibaiaren arroa kontrolatzeko xedez eraiki zuten, baina gauza jakina da turismoa sustatzeko zehar asmoa ere ez zebilela urrun garaiko agintarien kazkoetan. Hortik jasotasunarekiko kezka hori. Bizilagunak ere, hasierako zalantzak uxatuta, gustura geratu ziren sentipen irmoa du Hirigoyenek.

«Sinesgaitza» egiten zaio hastapeneko Herri Urrats ezagutu zuenari gaur egun antolatzen den jaia. Ekimenak ezinbestez duen alde ekonomikoaz haratago, beste zerbaitetan jarri nahi du, ordea, arreta; «euskararekiko atxikimendua sustatzen du Herri Urratsek», dio argi. Euskaraz ez dakiten gazteak ere hurbiltzen dira eta horrekin lan bat egiten delakoan dago.

Pozik dago gainera «segida» badelako. Seaskan bezala, «zenbat haur diren gaur!», dio. «Horiek haziko dira eta hartuko dute gure lekua», gehitu digu. «Ikastolaren aldeko festa garbia da, zinez garbia», jalki zaio ezin ezkutatuzko pozez.

auzolana

Txerri goseak ezkurra amets, euskaltzaleenak Xalbador. Lehen edizioko dirua ikastegia, Bigarren Hezkuntzako lehena, eraikitzera bideratu zuten. Bide guztiak Kanbora zihoazen. Hantxe etxe zahar bat erosi eta txukuntzeari ekin zioten Seaskako gurasoek eta laguntzaileek. 1.300.000 euro behar zituztela kalkulatu zuten. Urte askotako Herri Urrats jaiak…

Auzolanerako deia egin zuten Seaskatik, eta herriak erantzun. Laurehun bat lagun aritu ziren, guraso, ikasle, irakasle eta euskaltzale, konponketa lanetan buru-belarri. Arrasate eta Basauritik 30-40 bat pertsonaz osatutako taldeak bertaratu ziren, oporrak baliatuz hamabost egunez bertan lanean aritzera.

Bultzada horrek guztiak, eta lehen Herri Urrats haren arrakastak gerora segida izateak, ametsa gauzatzea ekarri zuen. Gaur egungo 77.000 euro ingururekin zutitu zituzten bai ikastetxea bai alboko barnetegia, Xalbador, Lapurdin egonagatik ikasle baxenabartarrak eta zuberotarrak jasotzeko prestatukoa baita. Gerora, beste bi Bigarren Hezkuntzako zentro ere ireki ditu Seaskak, bata Ziburun, bestea Lartzabalen (Nafarroa Beherea). Baionan ere bada irakaskuntza ertaina eskaintzen duen lizeoa.

Ibiliz egin da bai bidea. Eta bada egiteko! •