«XX. mendeko lan istripurik handiena». Horrela definitu du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak 1912ko galerna. 143 arrantzale hil ziren orduko hartan eta haiek omentzeko omenaldia egin dute gaur herriko Portu Zaharrean lore eskaintza baten bidez.
Ekitaldia ‘Azken olatua, azken arnasa’ eskultura dagoen gunean egin dute galerna haren mendeurrena betetzen den urtean. «Itsasoak asko eman digu baina kendu ere bai», adierazi du Bidegurenek.
Lore eskainzta egin aurretik, ‘Kresala eta eztia’ abestia interpretatu dute Leire Gotxi eta Aitor Ruizek, galernaren inguruan konposatutako kanta.
Tragedia hartan 116 bermeotar hil ziren, zortzi elantxobetar, 16 lekeitiar eta hiru ondarrutar.
Gertaera haren ondorioz aldaketa sozial ugari eman zela azpimarratu du Bermeoko alkateak. «Arrantzaleen lan baldintza gogorrei buruz hitz egiten hasi zen, eta meteorologia, ontzigintza, salbamendu eta portuetako azpiegiturei buruzko eztabaidak areagotu ziren», azaldu du.
Bertan bildu direnei eskerrak eman eta asteburuan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du Bidegurenek.