NAIZ.INFO
GASTEIZ

Abortuaren Lege berria aplikatzeko asmoa duen galdetuko dio EH Bilduk Urkulluri

Gobernu espainolak onartu duen Abortuaren Lege berriaren aurrean nola jokatuko duen argitzeko eskatuko dio EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari Gasteizko Legebiltzarrean.

Abortuaren Lege berria salatzeko Bilbon egin zen manifestazioa. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Abortuaren Lege berria salatzeko Bilbon egin zen manifestazioa. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari Gasteizko Legebiltzarrean, Gobernu espainolak onartu duen Abortuaren Legearen aurreproiektuaren aurrean Lakuak zer egingo duen argitzeko.

Lur Etxeberria parlamentariak interpelazioa aurkeztu du, «PPk sustatutako lege aldaketak frankismo garaira garamtzalako eta, beraz, ezinbestekoa delako Jaurlaritzak tamaina bereko erantzuna ematea».

Koalizioak desobedientziaren aldeko apustua egin du eta bide horri jarraitzeko eta «ardura bereziz» jokatzeko eskatu dio Urkulluri.

Salatu duenez, PPk «emakumeei beren gorputzen eta bizitzen inguruan erabakitzeko eskubidea kendu nahi die; emakumeen gorputza, sexualitatea, bizitza eta amatasuna Estatuak eta medikuek kontrolatzea nahi du, emakumeak umetoki hutsa balira bezala tratatuz, eta haien umetokia, jabetza publikoko elementu; emakumeak pertsona heldu eta eskubide guztien jabe izan ordez, heldugabe, axolagabe eta borondate txarrez jokatzen duten adingabeko gisa hartzen ditu».