NAIZ.INFO
IRUÑEA

Abortuaren Lege aurreproiektua atzera botatzeko eskatu dio EH Bilduk Nafarroako Parlamentuari

EH Bildu osatzen duten taldeek adierazpena aurkeztu dute, Nafarroako Parlamentuak atzera bota dezan Gobernu espainolak prestatu duen Abortuaren Legearen aurreproiektua.

Abortuaren Legearen aurka Gasteizen egin zen manifestazioa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Abortuaren Legearen aurka Gasteizen egin zen manifestazioa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Aralar eta Bilduko legebiltzarkideek adierazpen instituzionala aurkeztu dute, Nafarroako Parlamentuak «ezezko biribila» eman diezazion Gobernu espainolak prestatu duen Abortuaren Legearen aurreproiektuari. «Atzerakoia eta emakumeen eskubideen kontrako eraso zuzena» dela uste dute talde horiek.

Adierazpenean eskatzen dute Legebiltzarrak «berriz ere emakumeen ugalketa autonomiaren errekonozimenduaren gaineko konpromisoa» ager dezala eta, horrela, «emakumearen erabakia baino ez da izanen haurdunaldia borondatez eteteko arrazoia».

Aralarrek eta Bilduk Nafarroako Gobernuari exijitu diote emakumeek beren gorputzen gaineko erabakiak hartzeko askatasuna izan dezaten «berma dezala beharrezko lege estaldura, osasun eta estaldura soziala, baita ugalketari dagokionean ere».

Horrekin batera, Parlamentuari eskatzen diote berretsi dezala «emakumeen borondatezko haurdunaldi eteteak egitekotan izan daitezela osasun sistema publikoan» eta zentro publikoek «izan ditzatela beharrezko pertsona ekipoak emakumeen borondatezko haurdunaldia eten ahal izateko».

Azkenik, «nahi ez diren haurdunaldiak prebenitzeko lanaren beharra» berretsi dezaka galdegiten diote Parlamentuari EH Bildu osatzen duten taldeek.