NAIZ

Agirreren ekarpen militantea goretsi du Sortuk

Inazio Agirreren heriotza «atsekabe eta samin handiz» hartu duela adierazi du Sortuk. Alderdi abertzaleko euskara lan taldeko kide zen Agirre hiltzean. Ezker abertzaleko antolakunde ezberdinetan egindako lana azpimarratu du Sortuk baina bereziki euskalgintzan egindakoa. Tolosako Udalak euskararen alde egin zituenak gogoratu ditu.

Senide eta lagunei «besarkadarik sentikorrena» eskaini die Sortuk Inazio Agirreren heriotzaren berri izan ostean. ‘Agur eta ohore, Inazio!’ esanez hasten den ohar baten bidez, «atsekabe eta samin handiz» jaso dutela albistea diote eta «Euskal Herriaren eta euskararen militante nekaezina» zendu dela.

Sorturen esanetan «ekarpen humano eta militante oparoa egin digu Inaziok: Ezker Abertzaleko antolakunde ezberdinetan parte hartuz, hainbat herri eragileetan, kulturgintzan, arlo instituzionalean eta bereziki, euskalgintzan. Euskara izan da Inazioren borrokarako tresna eta borroka eremu».

«Udaberriko dantzari, inauterizale eta euskalzale amorratua»

Tolosako Udalak ere ohar bidez dolumina eta babesa agertu die bere senideei. «Tolosar fina, udaberriko dantzari, inauterizale eta euskalzale amorratua» izan zela gogoratu du eta euskararen sustatzaile eta euskalgintzaren alde lanean aritu dela beti. Tolosako Laskorain ikastolaren sustatzaile izan zela gogoratu du Udalak eta baita bere zinegotzi garaia ere (1983-1987). Udalaren esanetan, «Euskal Herriak herri honen nortasun zein hizkuntzaren alde bizi osoa eman duen pertsona handi bat galdu du». Omenaldirik onena euskararen alde lan egiten jarraitzea dela uste du Udalak.