NAIZ
IRUÑEA

Osasunako jokalari ohi batek onartu du «hirugarren baten dirua» jaso zuela irabazteagatik

Jose Manuel Etxeberria 1977 eta 1987 urteen artean Osasunako jokalari eta kapitain izandakoak onartu egin du «irabazteagatik hirugarren baten dirua» jaso zuela, baina era berean, gaineratu du «normala ez dena, galtzeagatik dirua hartzea» dela.

483 partida jokatu zituen Osasunaren elastikoarekin Jose Manuel Etxeberria goizuetarrak 1977 eta 1987 urteen artean. «Irabazteagatik nik ere hartu dut hirugarren baten dirua» azpimarratu du Etxebarriak Euskadi Irratian.

Honela, adierazi duenez, talde batek diru-saria eskaintzea beste talde bati bere partida irabazteagatik praktika normala izan da futbolean. Gauzak honela, jokalari ohiaren iritziz, «bi taldeek onura dakarkien emaitza bat adostea normala» da.

Zentzu horretan, jokabide hau defendatu du. Aldiz, azpimarratu du «normala ez dena, galtzeagatik dirua hartzea dela», eta hau da Osasunaren kasuan, ustez, hainbat partidetan beste talde batzuekin adostu zuena.

Azkenik, Etxeberriak Angel Vizcayren aitortzaren inguruan «bere burua salbatzearren» beste aukerarik ez zuenenean egin duela adierazi du.