NAIZ
IRUÑEA

Dispertsioa salatu eta larunbatean Bilbora joateko deia egin dute Sakanako 14 udalek

Sakana eskualdeko 14 udalek sakabanaketa politikaren aurkako ‘Salatzen dut’ kanpainari babesa adierazteko agerraldia egin dute Iruñean, Gobernu espainolaren ordezkaritzaren aurrean, eta bertatik dei egin dute larunbaterako Bilbon Sarek antolatu duen manifestazioan parte hartzera.

Sakanako udal ordezkarien agerraldia, Gobernu espainolak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Sakanako udal ordezkarien agerraldia, Gobernu espainolak Iruñean duen ordezkaritzaren aurrean. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Sakanako 14 udaletako ordezkariek agerraldia egin dute Gobernu espainolak Iruñean duen ordezkaritzan ‘Salatzen dut’ kanpainari babesa adierazi eta larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egiteko.

Aldarri horiek biltzen zituen idatzi bat ere izenpetu eta entregatu dute.

Azpimarratu dutenez, sakabanaketa politika, presoen «oinarrizko eskubideen urraketa larria ez ezik, gehitutako zigor krudela» ere bada haien senide eta lagunentzat.

ETAk jarduera armatua utzi izanagatik espetxe politikak «aurrekoaren antzekoa» izaten jarraitzen duela eta, «beharbada, alderdi jakin batzuetan are okerragoa» dela nabarmendu dute.

Zentzu horretan, salatu dute Sakanako senideek astero 8.000 kilometro egin behar izaten dituztela senide presoak bisitatzeko. Bataz besteko, familia bakoitzak 1.130 kilometro egin behar ditu astero, 377,94 euroko gastua eraginez (19.600 euro baino gehiago urtean).

Hori guztia kontuan hartuta, larunbatean Bilbon ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira’ lemapean egingo den manifestazioari babesa adierazi diote, eta sakabanaketa politikaren aurkako akordio horren berri eman diote Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuari, Auzitegi Nazional espainolari eta Justizia Ministerio frantsesari.