Jon Ormazabal

Bengoetxea-Larunbek euren bidetik atera dituzte berriz ere liderrak partida handia jokatuta

Irribarria-Rezusta 8-2 aurreratu direnean 100/10 erori da urdinen aldeko dirua baina Asegarcekoek buelta eman diote partidari lan bikaina osatuta (21-22).

Hendaiakoa kasualitatea izan ez zela erakutsi dute Bengoetxea VI-Larunbek, Irribarria-Rezusta liderrei 21-22 irabazita. Partida, ordea, oso bestelakoa izan da, goi mailakoa eta 9-3ko aurkako markagailu bati egin behar izan diote aurre. Erakustaldia eman duen Oinatz Bengoetxeak bikain gurutzatutako gantxo batekin amaitu da pilotazaleak ase dituen lehia.

Hasieran, hala ere, inork gutxik espero zezakeen halakorik. Larunbek ez du partida hasiera onegirik izan eta zuzen jokatuta, 6-1 eta 8-2 aurreratu dira Aspekoak. Dirua erabat erori da eta Bengoetxea-Larunbek  baino ez dute euren garaipenean sinistu.

Asegarcekoek arriskatu beharra zegoela argi zuten partidaren hasieratik, lehen sakea txokotik egin du Bengoetxeak, baina dena aurka zutela ikustean are gehiago arriskatu dute eta gauzak irten zaizkienez, partida errotik aldatu dute.

Oinatzek jokoa aurrean nahastu du, gorriek ez dute eroso jokatzerik izan eta pixkanaka pixkanaka markagailuan gerturatu dira. Larunbek ere, gora egin du nabarmen, Rezusta ez da partidaren bigarren zatian bera dominatzeko gai izan eta, puntu bakarrera lau aldiz gerturatu ostean 19an berdindu dute partida lehen aldiz.

Emozio biziko amaiera batean, partida osoan arrakasta eman dien bideari eutsiz, Oinatzek ezkerrez gurutzatuko gantxo batek eman die garaipenaren azken tantoa.