Jon Ormazabal

Jaka-Zabaletak eskuratu dute azken puntua (18-22)

Bi bikoetak sailkatuta ziren eta gora-behera handiko partida esekini dute, Bengoetxea-Larunbe 18-15 aurretik joan dira baina ez dute beste tantorik egin.

Erik Jaka, partidaren une batean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Erik Jaka, partidaren une batean. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Gertatzen zena gertatuta ere, finalerdietan egongo direnaren lasaitasunarekin irten dira kantxara Bengoetxea VI-Larunbe eta Jaka-Zabaleta eta partidaren zenbait pasartetan nabaritu da tentsio falta hori, baina bi bikoteek nahi izan dute ligaxka garaipen batekin amaitu.

Hori bai, urdinak aspaldi ziren elkarrekin jokatu gabeak eta kosta egin zaie lehian sartzea. Elezkanoren ordez aritu den Jakak aukerari probetxu atera beharra zion eta gogoz ekin dio neurketari, baina bai berak bai Zabaletak huts gehitxo pilatu dituzte hasiera eta gorriak 7-0 aurreratu dira.

Hala ere, Aspekoek ez dute amorerik eman eta euren erremateetan asmatzen joan den eran, partidan sartzen joan dira urdinak, nahiz eta berandu izango zela zirudien 13-6koan. Partida, ordea, erabat aldatu da Zabaletak gustoko pilota bat topatu duenean. Partida erditik aurrera, Etxarrengoak epelak eman dizkio pilotari, zenbaitetan ordura arte oso ondo aritu den Larunbe lekuz kanpo ibiltzeraino.

Atzelaria piloteoan nagusi izanda, Jakak ere erasorako aukera gehiago izan ditu eta partidari buelta eman diote, 17-13 eta 18-15 galtzen joatetik 18-22 irabazteraino.

Retegiren lesioa

Jaialdia ireki duen partidan, 17-13 aurretik zirela, Julen Retegik kolpe handi bat eraman du ezker sorbaldan ezker paretarekin jota. Hasiera batean, bihurdura handi bat du ezker sorbaldan eta froga medikuek esaten dutena ezagutu arte, hartutako kolpearengatik, Artolak izan berri duen oso antzerako lesioa dirudi Eratsungoarenak.