NAIZ

Liher Aretxabaletaren askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioak

535 urteko espetxe zigorra ezarri diote Liher Aretxabaletari 2005ean Madrilen furgoneta bat eztandaraztea leporatuta. Guardia Zibilak atxilotu ondoren, mobilizazioak deitu dituzte.

Astelehen arratsaldean Bilboko Alde Zaharrean egindako mobilizazioa. (@liherlibre)
Astelehen arratsaldean Bilboko Alde Zaharrean egindako mobilizazioa. (@liherlibre)

Bilboko Alde Zaharreatik manifestazioa egin zuten astelehen arratsaldean Liher Aretxabaletaren askatasuna aldarrikatzeko. Asteartean berriz, beste manifestazio bat egingo dute plaza Biribiletik 20.00etan aterako dena. Lekeition ere beste mobilizazio bat egingo dute ordu berean.

Astelehen arratsaldean Guardia Zibilak Liher Aretxabaleta Bilboko Alde Zaharreko bizilaguna atxilotu zuen, Auzitegi Nazional espainolak aginduta. Aretxabaleta 2013an aske gelditu zen, sei urtez preso egon ondoren, baina joan den ekainaren 28 eta 29an berriro epaitu zuten.

Astelehen honetan argitaratu da ebazpena, atxiloketa gertatu eta gero. 2005ean Madrilen furgoneta bat eztandaraztea leporatuta, 535 urteko zigorrak ezarri dizkiete Aretxabaletari eta beste auzipetuari, Estatu frantsesean preso dagoen Alaitz Aramendiri.

Sortuk gogor salatu zuen Guardia Zibilak Bilbon egindako atxiloketa hau, «bakea eta normalizazioa lortzeko lanean ari garen guztiontzat kolpea» izan dela nabarmenduz. «Mendeku gose aseezina erakusten ari da Espainiako Erresuma. Euskal jendartea konponbidearen alde pausoak ematen ari den bitartean, estatuko aparatuek estrategia errepresiboa eta salbuespen politikak aplikatzen ari dira, nola edo hala gatazka mantentzeko», salatu du.

Bilboko Alde Zaharreko «Liher auzoan eta libre» dinamikak ere gogor salatu zuen Aretxabaletaren kontrako epaikera ezagutu zenean «gatazkaren konponbidean beste kolpe bat» zela esanez.