Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Krisia kudeatzeko ekimena abian, txingarren gainean

Iragan larunbatean gertaturiko istilu larriek Parisen utzitako arrastoak oraindik ere agerikoak zirela, hil ala biziko asteari hasiera eman zion, atzo, Gobernu frantsesak. Lehen ministro Edouard Philippek eragile politikoak hartu zituen Matignonen egun osoan zehar. Bestalde, bihar eta etzi, Parlamentuko agerraldian, «txaleko horiek» azaleratu duten krisi sozialaren aurrean «erabaki zehatzak» iragarri beharko lituzke gobernuak.

Parisko etorbide aberatsetan eta Errepublikaren sinbolotzat hartzen diren hainbat monumenturen inguruetan liskarren aztarnak bistakoak ziren oraindik atzo. “Txaleko horien” protestaren testuinguruan, istilu larriak izan ziren frantziar hiriburuan bigarren asteburuz jarraian, duela hiru aste pizturiko krisia areagotzeko arriskua dagoela erakutsiz.

Emmanuel Macronek beste hainbatetan erabilitako errezetak kale egin du. Lan erreforma ikur izan zuen mugimenduaren aurrean entzungor azaldu zen presidentea. Ikasleak, trenbideetako langileak, zerbitzu publikoko agenteak, erretiratuak... 2017ko udazkenaz geroztik, mobilizazio azkarrak izan dira Estatu frantseseko kaleetan, baita Ipar Euskal Herrian ere, «erasoaldi ultraliberala» geldiarazteko.

Aldarrikapen horiei guztiei irmotasunaren politikarekin erantzun zien Macronek, murrizketa zorrotzak aginduz, «Frantziak beharrezko duen aldaketa sakona» ardatz hartuta.

Iragan azaroaren 17an Hexagonoko bideak lehenengoz blokeatu zituen “txaleko horien” mugimenduarekin berdin jokatu zuen Macronek, baina oraingoan matxinadak espero gabeko indarra eta norabidea hartu du. Herritarren gehiengo zabalak zilegitzat jotzen du suminduen mugimendua, finean justizia fiskalaren auzia era gordinean azaleratu duelako. Egoera horretan, botereak iraganean baliatutako moldeak –alde batetik lege aldaketa bultzatu eta bestetik protestaren estigmatizazioa landu– ez du emaitzarik eman. Are, gobernuak neurri batean eskuak lotuta ditu. Gehiegizko indarra erabiltzeak izango lukeen efektuaren beldur da, baina krisia elkarrizketaren bidez gainditzeko perspektiba argirik ere ez du.

Hil ala biziko asteari hasiera emanez, Edouard Philippek eragile politikoekin elkarrizketa birari ekin zion atzo. Le Pen eta Melenchonen arteko kolore politiko guztietako ordezkariak izan ziren atzo Matignonen. Kritika gogorrak egin zizkioten guztiek LREMren gobernuari. Krisiari aurre egiteko Philipperi helarazi zizkioten mezuetan aniztasun handiagoa suma zitekeen. Gobernua bertan behera uzteko zentsura-mozioa aurkezteko prest azaldu da azken egunotan La France Insoumise mugimendua eta legegintza- hauteskundeak aurreratzearen alde agertu da, bere aldetik, Marine Le Pen. Anartean, eskuin klasikoaren eremutik ultimatuma heldu da. Les Republicains alderdiak «72 orduko epea» eman zion atzo Macron presidenteari krisia bideratzeko neurriak mahai gainean jartzeko. Larritasun egoera horretan, erregaien gaineko tasak apaltzeko edo zergaren atzerapena aldarrikatzeko aukera gero eta indartsuago entzuten da. Adostasun handiena biltzen duen proposamena da. Izan ere, ez da erraza hori bezalako keinu bakan batek egoera baretzeko balioko lukeen jakitea. Azalpen zaila du, era berean, hogei egunez krisia usteltzeko estrategia erabili duen gobernuak azkenean bere hitza jan eta bestelako norabide bat hartzeak.

 

«Txaleko horiekin» bilera

“Txaleko horiekin” benetako elkarrizketa noiz hasiko zain –litekeena da ondorengo orduotan bilera bat izatea– gobernuak lehenengo azalpenak emango ditu gaur Asanblea Nazionalean asteburuko istiluei buruz.

Bihar, ganbera berean eta etzi, Senatuan, «neurri berriak» iragarri beharko lituzke, berriz. Izan ere, gaur-gaurkoz, exekutiboaren asmoak ez daude batere argi. Bruno Le Mairek, lehen aldikoz, zergak ttipitzeko aukera aipatu zuen atzo. Izan ere, Ekonomia ministroak ekuazio ezaguna jarri zuen mahai gainean. Bere esanetan, “txaleko horiek” agerian jarri duten «krisi demokratiko eta sozialari erantzuteko» ahal den eta azkarren «zergak apaltzeari ekin beharko genioke, beti ere gastu publikoaren jaitsierari eutsiz».

Bruselatik presaka alde egin eta «krisiari loturiko bilera garrantzitsu baterako» Parisera itzuli zen bart Le Maire.

Agian bere iraupena jokoan delako, krisia kudeatzeko grina erakusteari lehentasun osoa eman dio frantziar Gobernuak.

Bulegoetan erritmoa azkartu zen egunean, bai lizeoetako ikasleek bai anbulantzietako gidariek “txaleko horien” erreleboa hartu zuten karriketan.