
«Mont de Marsan espetxean gauden euskal preso politikook EH Bilduren zerrendeei gure babesa eman nahi diegu, gure herriko ekimen eta borroketan parte hartuz horrela». Honela hasten da Landeetako kartzelatik zabaldu den mezua. Bertako presoek hauteskunde kanpainan beren ekarpena egin nahi dutela ematen du aditzera. Parisek eginiko hurbilketen ondoren, hamahiru dira egun hor diren euskal presoak.
Euskal Herria zeharkatzen ari den Korrikan ere beren hondar aletxoa jarri dute bertako presoek, eta orain hauteskundeen kontuari heldu diote. Bakoitzak bere herrian eskatuko du EH Bildurentzako boza, hurrengo bi hauteskundeetan.
Hauxe da beren irakurketa: «Bizirik dago Euskal Herria. Azken hilabete luzeetan ikusi dugu herri honen bizitasuna eta indarra. Gure herrikideek kaleak hartu dituzte mobilizazio indartsu eta iraunkor batean, esparru ezberdinetatik askatasuna eta eskubideen defentsa trinkoa. Kaleetan daude pentsionistak, kaleetan gazteak, kaleetan euskararen alde korrikan, kaleetan burujabetza aldarrikatuz, kaleetan morez tintatu eta gure bizitzak irauli ditu feminismoak».
«Zapalkuntza ororen kontra gaudenon jarduera eraginkorragoa eginez gu pertsona eta militante hobeak eginez, bizirik dago herria eta abian jendea», eransten du mezuak. «Honek erreakzioa sortzen du, ordea: errepresioa, matxismoa, ustelkeria, heteropatriarkatua, bazterketa, 78ko erregimena, kapitalismoa... faxismoak baditu milaka aurpegi, eta aurre egin behar, ez dago atzera egiterik».
Hauteskunde hauek, ondorioz, «aurrerapauso bat emateko aukera» gisa ikusten dute preso hauek, eta «euskal herritar bezala ez dugu nahi, ezin dugu, albo batean ziegan gelditu. Gure herrikideekin bat egiteko hautua egin dugu, parte hartzeko erabaki. Espetxeetako hormak altuak badira ere, gu isolatzeko nahia badago ere, bozkatzen saiatuko gara, badugulako nori botoa eman. Eta gure papeletak ez badira heltzen, zurea heldu dadin eskatzen dizugu».

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»




