NAIZ

Urtea hasi denetik 27 langile hil dira beraien lanpostuetan Euskal Herrian, LABen arabera

Astelehenean Irunberrin gertaturiko lan-istripu hilgarria gaitzetsi du sindikatuak eta asteazkenean 12.00etan Noainen, Josenea Lan Elkartea enpresaren parean, elkarretaratzea deitu du.

Ekaina bukaeran Arbizun gertaturiko lan-istripua gaitzesteko sindikatuek deituriko elkarretaratzearen irudia.(Iñigo URIZ/FOKU)
Ekaina bukaeran Arbizun gertaturiko lan-istripua gaitzesteko sindikatuek deituriko elkarretaratzearen irudia.(Iñigo URIZ/FOKU)

Josenea Lan Elkarteko 62 urteko langilea zendu zen astelehenean traktore batek harrapatuta, bertako atoitik zama kentzen ari zela. Honen aurrean, LABek azpimarratu du 27 direla urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak eta horietariko 8 Nafarroan gertatu direla.

Hau gaitzesteko, elkarretaratzea egingo dute asteazken honetan 12.00etan Noainen, enpresaren lokalaren parean, eta bertan parte-hartzeko deia luzatu du sindikatuak.

«Enpresaren ezaugarriak eta Nafarroako Gobernuak ematen dizkion laguntza publiko garrantzitsuak ikusita», LABek bereziki nabarmentzen du heriotza hau eta hortaz, gertatutakoaren ikerketa zorrotza eskatzen du. Era berean, bertan erabiltzen den tresneria, makinaria eta arriskuen prebentziorako plana zehatz ikertzea exijitu du.

Gainera, ohartarazi nahi izan du enpresa berean beste langile bat hil zela martxoaren 29an, in itinere izandako istripuan, hain zuzen ere.

Udako gorakada

Adierazi du udan ematen den joeraren aurrean gaudela, «Euskal Herrian astean langile bat hiltzera eramaten duen» joeraren aurrean, alegia. «Gure ustez, udako igoera hau, gainontzeko lan istripuak bezala, ez da kasualitatearen ondorio», azpimarratu du.

Prekarietate eta prebentzioan egiten den inbertsio faltaren egoera orokor hau udan «larritu» egiten dela azaldu du eta beraz, dei egiten die langileei lan arriskuen arloan egiten den edozein ez-betetze salatzera eta ordezkaritza sindikalari jakinaraztea.