«Giza eskubideen urraketetan izandako ardura politikoa bere gain hartzea aurrerapausoa litzateke». Honela zuzendu zaio Foro Soziala Gobernu espainolari (egun Pedro Sanchez funtziotan agintari nagusia dela), ohar baten bidez, eta Estatuko bortizkeriari dagozkion zenbait datu mahai gainean jarriz.
Foro Sozial Iraunkorraren mezu honen abiapuntua, aurreko astean ezagutu zen Estatuko Segurtasun Indarren astiro-astiroko murriztea da. Gobernu espainolak berak Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuari emaniko datuek diotenez, azkeneko hamar urtean %22,6a jeitsi da Euskal Herrian dagoen polizikideen kopurua, eta gaur egun 5.454 dira, orduan baino 1.523 gutxiago alegia.
Aurrerapausotzat jotzen du Foro Sozial Iraunkorrak, eta gogora ekartzen du 2013an jada gomendio hori luzatu zuela: «Estatuaren segurtasun-indar eta -kidegoaren kopurua eta eginkizuna birdimentsionatzea, errealitatera moldatuz». Bide horretan sakontzeko eskatu du, oraindik Euskal Herrian den ratioa mila biztanleko 6,6koa baita, Estatuko bataz bestekoa 3,61koaren oso gainetik.
Hau esanda, beste aurrerapauso bat eskatzen du Foro Sozial Iraunkorrak, eta hauxe da bere mezuaren ardatz nagusia: «Guardia Zibila eta Polizia Nazionala, haien funtzioen jardunean, giza eskubideen urraketa ugariren arduradun izan dira, gure herriak bizi izan duen indarkeria zikloan. Horien eskuetan, 219 lagunek bizitza galdu zuten Egiari Zor Fundazioaren arabera eta 746k garrantzi handiko zauriak pairatu zituzten Eusko Jaurlaritzaren arabera. Horrez gain, Euskal Jaurlaritzaren enkarguz eginiko torturen txostenaren arabera, EAEn dokumentatutako 4.113 kasuetatik, Guardia Zibila 1.792 kasuetan dago nahastua eta Polizia Nazionala 1.785 kasutan».
Hau dela eta, «gure ustez aurrerapauso garrantzitsua litzateke Espainiako Gobernuak, giza eskubideen urraketa horien ardura izan zuten gobernuen izenean, bere gain hartuko balu bere ardura politikoa eta biktimei barkatzeko eskatuko balie», adierazi du Foro Sozial Iraunkorrak.
Gogora ekartzen duenez, bortizkeria honen biktimen «‘bigarren edo hirugarren mailako’ biktima sentitzen direla jakinarazi digute. Errekonozimendurik gabe eta baztertuta daudela diote. Euskal gizarteak ezin du ontzat eman ETAren, GALen edo kidego parapolizialen biktima bakar bat sekula sozialki edo instituzionalki baztertuta senti dadi berriro ere», erantsi du Foro Sozialak.

Ikasle etorkinei euskara ikastea errazten dien Eusle programaren arrakasta

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
