Maider IANTZI

Otegik «mailukada» planteatu du orain eta krisiari eredu sozial berriaz aurre egitea gero

Arnaldo Otegik osasun krisia gainditzeko estrategia bat planteatu du, bi faserekin: lehendabizikoan, jarduera ekonomikoaren herena mantenduko litzateke eta diru publikoarekin bermatuko litzateke familien erosahalmena eta enpresen gastu finkoen ordainketa. Bigarrenean, test masiboak eginen lirateke Covid-19aren kutsatze tasa %0,3-0,5era jaisteko.

Arnaldo Otegi, etxetik hizlari egun hauetan.
Arnaldo Otegi, etxetik hizlari egun hauetan.

Esperimentu gisa egin duen bideokonferentzia-prentsaurrekoan, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiaren lehen agurra osasungintzan lanean ari direnentzat, merkatarientzat, autonomoentzat, enpresa txikientzat eta herritarrentzat izan da. Segurtasun falta handiko garaiak dira eta kezka horiek partekatu ditu.

Azken asteei errepasoa eginez hasi da. «Kurba esponentzialki igotzen ari da: 7.000 kutsatu eta 312 hildako ditugu Euskal Herrian [gero jakin da jada 350 direla]. Eta atzo Sanchezek hartutako erabakia baino lehen, Hego Euskal Herrian BPGa 0,5 jaisten zen astero».

EH Bilduk hemen gauzak gaizki eta berandu egiten ari direla erran izan du, «kritika eraikitzaile» moduan. «Isekak jaso ditugu horregatik baina hauek ez dira horiei termino beretan erantzuteko egunak», adierazi du Otegik.

EH Bilduk zera planteatu nahi dio herriari: tesi bat eta honekin koherentea den estrategia bat. Tesiari dagokionez, «lehenengo momentutik esan genuen osasuna zela lehentasunezko helburua eta ez zegoela inbertsio ekonomiko hoberik birusa gelditzea baino». Horrekin lotutako estrategia bat proposatu du orain, osasun krisiari aurre egin behar zaiolako, lehentasunez, eta kurbak gelditu behar direlako, orain esponentzialki gora ari direnak, bai pandemiarena bai ekonomikoa. «Zenbat eta lehenago atera osasun krisitik, baldintza hobeetan egongo gara krisi ekonomikoari aurre egiteko».

Zientzialariek erabiltzen duten termino bat baliatuta, «mailuaren estrategia» behar dela defendatu du Otegik. Momentu kritiko batean gaude eta mailukada bat eman behar zaio birusaren hedapenari, kutsatze eta hilkortasun tasa jaisteko eta osasun zerbitzuen kolapsoa ekiditeko. Konfinamendua eta funtsezkoak ez diren aktibitateen etetea ekartzen ditu horrek.

Bi fasetan

Estrategia bi fasetan eginen litzateke: «Lehendabizikoan, atzo berandu eta gaizki Madrilgo Gobernuak iragarri zuen bezala, jendea etxera bidali behar da, funtsezkoak ez diren aktibitateak gelditzeko. Jarduera ekonomikoaren herena mantendu behar da orain».

Horretaz gain, neurri ekonomikoak hartu beharko dira, «dirutza, diru publikoa erabili beharko da familiek, langileek beren soldatak eta erosahalmena mantentzeko eta enpresek kostu finkoei aurre egiteko».

Bigarren fasean, kutsatze tasa %0,3-0,5era jaitsi behar da. «Test masiboak behar dira horretarako, Korean bezala». 

«Norbaitek pentsatzen badu hau katarro bat bezala dela, oso oker dabil», argitu du Otegik. «Herri gisa jokatu behar dugu, Danimarkan egin duten bezala, politikari, sindikatu eta enpresariak mahai batean eseri eta estrategia hau nola garatu eztabaidatu behar da, EAEn eta Nafarroan. Danimarkan alderdi politiko guztiak jarri dira ados. Zergatik ez hemen?».

Elkartasunez, beste balio batzuekin

«Hemendik aterako gara –baieztatu du EH Bilduko idazkari nagusiak–, baina elkartasunarekin aterako gara eta gehien dutenek gehiago ipini beharko dute. Krisi hau ez dugu berriz ere langile, emakume eta abarrek ordainduko».

Beste balio batzuekin ere aterako garela erran du. «Krisi honetara ekarri gaituzten errezeta neoliberalek» ez dute balio. «Krisi hau aukera bat ere bada, bai Nafarroan bai EAEn: has gaitezen denon artean akordioak egiten, gure ahaleginak komunean jartzen. Aukera bat dugu gauzak elkarrekin ongi egiteko eta eredu sozial aurreratuago bat eraikitzeko», aldarrikatu du.

Erabakia Madrilen hartu izanagatik penatua

Larunbatean Sanchezek «berandu eta egoeraren larritasunak bultzatuta» hartutako erabakiaz, Arnaldo Otegik aitortu du penatua eta kezkatua dagoela Madrilen hartu delako. «Ze pena ematen didan Madrilek hartu beharra halako erabaki bat Euskal Herrian baliabide ekonomiko, sozial eta intelektual nahiko ditugunean horretarako! Hori egiteko bi mahai egon beharko lirateke: bat Nafarroan eta bestea EAEn», berretsi du.