Joseba Garmendia

Koma ekonomikoaren falazia

Azken astean eztabaida ekonomiko eta politikoan funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak geldiarazteak, komunitate zientifikoak, sindikatuek eta alderdi batzuek eskatzen zutena, gure ekonomiaren koma ekonomikoa ekarriko lukeela argudiatu izan da. Lerro hauetan baieztapen hori zergatik den falazia bat azalduko dut, eta zergatik ez den existitzen dilema bat bizitzaren eta ekonomiaren artean. Argi gera bedi hasieratik jatorri exogenoa duen krisi pandemiko honek eremu sozioekonomikoan kalteak utziko dituela, baina oso urrun irudikatu nahi den enpresa-hilotzen basamortutik.

Funtsezkoak ez diren jarduera presentzialen itxierak ez du suposatzen enpresa guztiak erabat ixtea. Jarduera batzuek telelanaren bidez dihardute, esate baterako, zerbitzuetako askok eta hezkuntzak. Hezkuntzan bakarrik EAEn 60.000 langiletik gora ari dira. Gainera, funtsezkoak diren sektoreek –elikadura, energia, funtsezko ondasunen garraioa, osasuna, hezkuntza, zaintza, komunikazioa… bezalako jarduerak alegia– martxan jarraituko dute. Orotara, langileen %35ek lanean jarraituko dute. Hau da, EAEn 332.699 langile lantokira joango direla estimatzen da. Horietarik industriakoak 22.230 dira, 0 eraikuntzakoak, 5.331 garraio sektorekoak, eta 44.384 zerbitzu pertsonalen eta familia-etxeen jardueretakoak. Lan ez presentziala egin ezin duten langile kopurua orotara 71.945 dira. Aldiz, orain arte izan dugun konfinamendu partzialean, osasun zerbitzukoak kontuan hartu gabe eta kontsideratuz gainerako zerbitzuetakoak etxetik egin dezaketela lan edo osasun irizpideak errez betetzea posible dutela (banketxeetako bulegoak…), 322.478 inguru dira egunero lantokira doazenak. Horrek dakarren kutsatze arriskuarekin eta inkoherentziarekin. Hartu berri diren konfinamendu (ia) osoko neurriek 250.000 langile lantokietatik ateratzea ekarriko dute eta lan munduan kutsatze arriskua %78 txikitzea.

Konfinamendu partzialeko bi asteek ez dute lortu premiazkoa den neurrian hildakoen hazkundea murriztea. Azken asteko datuei erreparatuta, eguneroko batez besteko hazkunde hori %18an kokatu delako. Eta %3tik behera kokatzea behar dugu lehenbailehen. Hortaz, goizago edo beranduago konfinamendu (ia) osoko neurriok ezinbestez hartu behar ziren. Zenbat eta beranduago erabaki, orduan eta faktura ekonomiko handiagoa. Erabakia atzeratzen zen aste bakoitzagatik, fakturak barne produktu gordina %0,49 eta %0,89 artean jaistea ekarriko zuen. Hots, lehen hilabetean barne produktu gordinaren %2,34ko eroria. Eta bizitzatan, kostu askoz ere handiagoa. Laburtuz, zenbat eta azkarrago itxi jarduera ez funtsezkoak, orduan eta kostu ekonomiko txikiagoa eta hildako gutxiago. (Ondoko estekan dagoen txostenean horixe frogatzen da: https://labur.eus/7CVsF).

Goazen orain falaziarekin. Esaten denean enpresak itxita (gogoratu, aktibitatearen %36 inguru mantentzen da) gero zailagoa edo ezinezkoa dela jarduera berreskuratzea, bi argudio ematen dira: bat, zorrak eta kostu finkoak ezingo direla ordaindu; bi, bezeroak galduko dituztela. Eta horren ondorioz gure ehun produktiboaren parte handiena galduko genukeela. Hori ikuspegi katastrofista da erabat.

Lehen argudioari hel diezaiogun. Enpresa ertain eta handiak gai dira likidezia arazo horiei aurre egiteko, bai finantza muskulua dutelako, bai gastu nagusiak ere eten egiten direlako (erosketak, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteen bidez administrazioak ordaindutako soldatak eta kotizazioak…). Gainera, bestalde ordainketak atzeratzeko mekanismo legalak har daitezke (moratoriak, zergak atzeratu…). Azkenik, administrazio publikotik eta banka pribatutik kreditu eta likidezia mekanismoak ezartzen ari dira. Hots, enpresei (autonomoekin berdin jokatu beharko litzateke) zailtasunak arintzeko mekanismoak badaude. Bigarren argudiori dagokionez, egia da enpresa batzuek entrega epeak betetzen ez badira penalizazioak dituzten kontratuak dituztela. Baina administrazioak itxiera aginduta modu errazagoan defenda dezakete ezinbestezko atzerapena bezeroaren aurrean edo epaitegien aurrean. Administrazioak berak itxiera dekretatzea abantaila hori dakar.

Bestalde, enpresen bezero nagusiak (partikularrak eta enpresak) Euskal Herri bertakoak dira. Egungo egoera igarotakoan enpresa berdinei erosten jarraituko dute eta dugu. Gaur erosi ezin ditugun jantziak, autoak, etxeko tresnak, altzariak…. enpresa berdinei erosiko dizkiegu. Berdin bertako enpresen arteko salerosketetan. Hemengo enpresak modu sinkronizatuan sartuko dira itxiera egoera eta modu sinkronizatuan aterako dira. Datu bat, Hego Euskal Herriko produkzioaren %71,13 hemen bertan saltzen da, eta %12,27 Estatu espainolera. Hots, gure produkzioaren %83,40 ezingo da saldu, baina ezta erosi ere. Egoera berean daudelako enpresa guztiak eta kontsumitzaileon erosgaien saskia murriztu egin delako. Europara gure produkzioaren %10,86 doa. Eta hor ere bezeroak ixten joango dira. Horrekin esan nahi da gure enpresen bezero gehienek ere (%94 inguru) itxi egin beharko dutela, ezin erosiz. Baina irekitzen denean hor jarraituko dute. Hasieran kostatuko da, sinkronizazio faltak eragindako arazoak egongo dira, batzuek beranduago irekiko dutelako, eta bidean zailtasunak egongo dira. Baina eroste ahalmenak, pieza eta produktuen beharrak, eskariak, iraun egingo dute. Apalago, baina iraun egingo dute. Lozorro egoera da, ez desertuan itsasoratuko den koma egoera.