
2020-2021 ikasturteari dagozkion Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketak egingo dira uztailaren 6, 7 eta 8an (ohiko deialdia) eta uztailaren 20, 21 eta 22an (ezohiko deialdia) EHUren instalazioetan, bigarren hezkuntzako zenbait ikastetxetan eta BECen.
EHUk ohar batean azaldu duenez, azken hilabeteotan proba berrantolatzeko lanetan aritu dira, «aintzat harturik covid-19aren pandemia dela eta hartu behar izan diren prebentzio eta segurtasun neurri zorrotzak; besteak beste, mugikortasunari eta pertsonen arteko distantziari dagozkienak».
«Ezohiko egoera hau dela eta, EHUk eta Eusko Jaurlaritzak handitu egin dute azterketak egiteko lekuen kopurua, ahalik eta osasun baldintza onenetan egin daitezen. Hori horrela, EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei gehitu egin zaizkie BEC erakustazoka, Bizkaian, eta zenbait ikastetxe: hala nola Eibarko Armeria Eskola eta BHI, Gipuzkoan, eta BHI Ekialdea, Arabako campus inguruan».
Halaber, probaren garapenerako protokolo bat prestatzen ari da EHU. Protokolo horrek higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasoko ditu eta ikastetxeei helaraziko zaie. Osasun neurrien artean, nabarmentzekoa da ikasle bakoitzak bere maskara eta azterketa egiteko materiala eraman beharko dituela, eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz.
USE azterketak berregituratzea
Bestetik, covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, EHUk eta Hezkuntza Sailak erabaki dute USE gaien azterketak berregituratzea.
«Hala, ikasturte hasieran ezarri ziren ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantentzen badira ere, berregituratu egin dira azterketak. Bi helbururekin: alde batetik, proba malgutzea; bestetik, ikasleen aukera berdintasuna bermatzea. Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Jakina, horrek esan nahi du egokitzapen desberdinak egin behar direla gai bakoitzaren zehaztapenean, azken horren izaeraren arabera», adierazi du EHUk.
Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen iritziz, «egundoko ahalegina egin dugu 2020ko Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa antolatzeko, alor akademikoan eta batez ere antolakuntza arloan. Bi printzipio eztabaidaezin bateratu behar genituen: alde batetik, horren azterketa garrantzitsua izanik, pandemiak ez zuen oztopo izan behar egutegi akademikoaren garapen normalerako; bestetik, bermatu egin behar zen proban parte hartuko duten pertsona guztien segurtasuna. Ahal den guztia egin dugu azterketaren objektibotasuna bermatzeko».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
