Maite UBIRIA

Jorajuria (Seaska): «Ikastolek ez dituzte ikasle guztiak denbora osoz hartzen ahalko»

Emmanuel Macron frantses presidenteak iragarri duenez, ekainaren 22an ikasle guziak, haurtzaindegitik batxilergora bitartean, derrigorrez klase presentzialetara itzuliko dira. Gobernuak idatzi duen dekretua aintzat harturik, Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak ohartarazi du ikastolek ez dituztela ikasle guztiak denbora osoz hartzen ahalko.

Seaskako Estitxu Robles kolegioan iragan maiatzaren 18an egin zuten eskola sartzea. (Guillaume FAUVEAU)
Seaskako Estitxu Robles kolegioan iragan maiatzaren 18an egin zuten eskola sartzea. (Guillaume FAUVEAU)

Peio Jorajuriak Twitter bidez zabaldu du gaur, goizean goiz, bart Emmanuel Macron frantses presidenteak egin zuen iragarpenari buruzko bere iritzia.

Macronek telebista bidez eginiko hitzartzean normaltasunera igarotzeko unea dela nabarmendu zuen, heldu den hilabetean berreirekitze ekonomikoaren gainean egitasmo zehatza aurkeztuko duela iragarri aurretik.

Izan ere, heldu den ekainaren 22tik hainbat neurri plantan emango direla aurreratu zuen. Besteak beste ikastetxe guziek -lizeoak kenduta- ikasleak normaltasunez hartu beharko dituztela, derrigorrez, jakitera eman zuen.

Orain arte Hezkuntza Nazionalaren agindupean gauzatu zen borondatezko eskola sartzeak izan dituen gora-beherak agerikoa izanik hezkuntza komunitateak zalantzak agertuko lituzkeela plan berriaren aurrean espero zezakeen.

Metro bateko distantzia

Hala gertatu da gaur goizean goiz Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Twitter sarearen bidez Gobernuak prestatu duen dekretuari buruz bere lehenengo irakurketa zabaldu du.

Eskolako protokolo berriak zerbait arintzen baditu ere maiatzaren 12az geroztik oso partzialki gauzatu den eskola sartzea arautzeko ikastetxeetara igorritako neurriak «ikasleen artean metro bateko distantzia atxikitzea eskatzen du» azaldu du Jorajuriak. Era berean klase ezberdinen arteko ikasleak ez direla nahastu behar zehazten du dekretuak.

Horrendako «ikastolek ez dituze ikasle guztiak denbora oso hartzen ahalko» aurreratu du Jorajuriak. Gaur gaurkoz, ama-eskola eta bigarren hezkuntza artean gauzatu den gurasoen borondatearen araberako eskola sartzea oso partziala izan da.

Hezkuntza Ministerioak maiatzaren 25rako ikastetxeek maila guztietan berriz ere klase presentzialak bermatuko lituzketela iragarri bazuen ere egiazki ikaslegoaren %30 inguru itzuli da lehenengo eta bigarren hezkuntza ematen duten zentroetara.

Alde batetik hainbat gurasoek telelana egiten dutenez haurrak etxean atxikitzea deliberatu dutelako -kolegioan dauden haurren kasuan askotan ikastetxe beraiek emandako zeharkako gomendioak jarraikiz- eta bestetik ikastetxe gehienek ez dituztelako baldintzak bete ahal izan osasun neurri zorrotzak errespetatuz ikasle guztien harrera bermatzeko.

Dekretuak jasotzen dituen neurriak aztertuz, distantzia soziala klaseetan zein eremu itxi guztietan atxikitzeko beharra jasotzen du arau berria oroitarazi du Jorajuriak.

Hain zuzen ere «nahastu ezin ziren taldeen arabera gauzatuko dela harrera» zehazten du Gobernuan plazaratu duen dekretuak.

Bistan da horrek zailtasun handiak eragiten ditu ikastetxeko barne dinamika antolatzeko orduan.

Seaskako lehendakariak eginiko lehenbizikiko oharra horiek aditzera ematen dute Ipar Euskal Herriko ikastolek ezin izango dutela ikasturtea amaitzeko aste batera gauzatuko litzatekeen Macronek iragarritako eskola sartze orokorra baldintza horietan burutuko.