Maite Ubiria

Jakes Esnalen dei auziaren emaitza irailaren 24an jakinen da

30 urte kartzelan egin duen Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunari buruzko helegite auzia gaur arratsaldean iragan da. Erabakia irailaren 24an jakitera emanen du Zigor Aplikazioen Auzitegiak. Auzi honen karietara Bake Artisauek eta Bake Bideak giza katea antolatu dute ekainaren 27an Donibane Lohizunen.

Iaz Biarritzen egin zuten giza-katean eginiko argazki bat. (Guillaume FAUVEAU)
Iaz Biarritzen egin zuten giza-katean eginiko argazki bat. (Guillaume FAUVEAU)

30 urte kartzelan egin duen Jakes Esnalen baldintzapeko askatasunari buruzko helegite auzia gaur arratsaldean iragan da. Erabakia irailaren 24an jakitera emanen du Zigor Aplikazioen Auzitegiak.

Audientzian lehen aldikoz biktimen abokatuak hartu du parte, beti ere fiskalaren «jokabidea erasokorra babesteko» Maritxu Paulus Basurko abokatuak NAIZi azaldu dioenez.

Iragan martxoaren 13an Zigor Aplikazioen Auzitegiak preso lapurtarraren eskaera aztertu zuen. Maiatzaren 12an jakitera eman zen erabakia.

Epaileak askatasun galdera hori babestu zuen, Euskal Herrian azkeneko hamarkadan eman den bilakaera aintzat harturik.

Alta fiskala kontra agertu zen, euskal presoek egin eskaerekin ohikoa bilakatu den jarrera agertuz. Ondorioz, blokeatu zuen presoa aske uzteko erabakia.

Gaur jarrera berdina ukan du fiskalak. Paulus Basurcok zehaztu duenez, honek ez du inondik inora kontuan hartu zehazki maiatzaren 12an ezagutu zen epailearen aipaturiko ebazpena.

«Auzia zerotik hasteko estrategia garatu du, auziari buruz lehenago ezer esan eta egin ez zen bezala», azaldu du Esnalen abokatuak.

Gaur bere ondoan Serge Portelli juje ohia izan duen Paulus Basurcoren ustez «oso saio desorekatua izan da gaurkoa». Bestalde, auzitegiak erabakia hainbeste gibelatzea ere «seinale eskas bat bezala» hartu du abokatu lohizundarrak.

Maiatzaren 22ko ebazpena

Maiatzaren 22ko ebazpen horretan epaileak oso argudio sendoak eman zituen Esnal aske uztea babesteko orduan. Are, bata bestearen atzetik fiskalak emandako argudioak deuseztatu zituen.

«Oso ebazpen indartsua» izan zela nabarmendu zuen GARAri eginiko adierazpenen bidez Jean-Rene Etchegaray Parisen elkarrizketa gunea zabalik duen euskal delegazioaren buruak.

Delegazioak «presoen gaia deskonfinatzeko garaia dela» adierazi zuen ekainaren 6an covid-19 osteko egin zuen lehenengo agerraldian.

Bertan Esnalen auzian ezagututako ebazpenaren garrantzia nabarmendu zuen Fiskaltza Antiterroristaren jokabidea gogorki salatu zuen Etchegarayk. 

Besteak beste «aipatzen den arriskua guztiz hipotetikoa da eta egun, hipotesi horrek ez du neholako zentzurik ETAk 2011n borroka armatua utzi, 2017ko apirilaren 8an frantziar autoritateei bere armategia ematera heldu zen desarme prozesu batean engaiatu eta 2018ko maiatzaren 3an bere desegitea iragarri ondotik», idatzi zuen jujeak maiatzaren 12ko ebazpen horretan.

Hala eta guztiz ere, Fiskaltzak helegitea jarri zion erabakiari, eta ondorioz gaur arratsaldean dei auzia iraganen da Ile-de-Reko espetxean dagoen presoarentzat.

Mobilizazio zaratatsua Donibane Lohizunen

Bake Artisauek eta Bake Bideak mobilizazioa deitu dute, larunbatean, euskal presoaren sorterrian, Donibane Lohizunen, bera askatasuna galdegiteko.

«Euskal presoek zigorra hiltzeraino bete behar al dute? Guk ezetz diogu, 30 urte aski da, Jakes askatu», adierazi dute Bake Artisauek eta Bake Bideak ohar bidez.

Aldarri hori ozen entzunarazi nahi dute ekainaren 27an, Charles de Gaulle zubi osoa jendez betetzea xede duen mobilizazioaren bidez.

10.30etik goiti Donibane Lohizuneko Erorien Monumentuaren ondoko plazan hitzordua eman dute. Bertan harrera gune ezarriko dute, materiala banatzeko eta mobilizazioari buruzko azalpenak eskaintzeko.

«Goiz jitea galdegiten diogu jendeari, bai giza katea baita Louis XIV. plazan eginen den hitzartze ekitaldia ere osasun neurriak errespetatuz eginen ditugulako, metro bateko distantzia atxikiz, eta horrendako parte-hartzaileei maska etxetik ekartzeko aholkua eman nahi diegu baitaere», azaldu dute gaur antolatzaileek. Giza kate horretara kazolak etabarreko ontziak eramatea eskatzen dute, asmoa baita «arrabots egitea».

Barriosen espetxeratzea salatuko dute bihar

Bestalde, bihar, hilabeteko azken ostirala izanik, elkarretaratzeak eginen dituzte presoen egoera plazara ateratzeko xedez.

Esnal bezala, kartzela zigor luzeak bete dituzten presoak dituzte gogoan Elkartasuna eta Laguntza elkarteak deituriko protesta horietan.

Hala ere, aste honetan bertan bost urteko kartzela zigorra jaso duen Mikel Barriosen egoera nahi dute azpimarratu baitaere. Hain zuzen ere Barriosen aurkako sententziak bazterrak nahastu ditu Ipar Euskal Herria. Bake Bidea eta Bakegile elkarteek irmoki salatu dute erabakia. Eragile politikoek -hala nola Eh Baik eta Aitzina gazte antolakundeak- onargaitzat jo dute erabakia. Euskal Delegazioaren hainba kide arranguraz hartu dute sententzia.

Itsasun bizi den iruindarra berriz espetxeratzeko erabakia eta orohar salbuespenezko espetxe politika salatzeko elkarretaratzeak eginen dituzte Baiona, Donibane Garazi, Biarritz, Uztaritze, Urruña, Hendaia, Kanbo eta Donibane-Lohizunen.