Asier ROBLES

«Herritarren babes masiboa batzen badugu, herri honek erreferendum bidez erabakiko du»

Gure Eskuk eta beste 23 eragilek bultzatzen duten Hamaika Gara ekimenak «lehen mugarria» jarri du gaur ‘Altxa!’ ekitaldiarekin. Herritarrak aktibatu eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari «bultzada handi bat» ematea helburu zuen ekimenean eragile sustatzaileek, nazioarteko erreferentziazko pertsonek eta hainbat kulturgilek parte hartu dute.

Hamaika Gararen Altxa! ekitaldia
Hamaika Gararen Altxa! ekitaldia

Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileek 'Altxa!' ekimena eskaini dute larunbat arratsalde honetan internet bidez, hamaikagara.eus-en, eta hainbat herritan antolatutako proiekzioetan. Durangoko Plateruena antzokian grabatutako saio honen bidez, herritarrak aktibatu eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketari «bultzada handi bat» eman nahi diote Hamaika Gararen sustatzaileek.

Ekitaldi politiko eta kulturala izan da, eta sustatzaileez gain, nazioarteko erreferentziazko pertsonek eta hainbat kulturgilek parte hartu dute.

30 minutu inguruko ikuskizunarekin hasi da saioa. Oholtza gainean aritu diren Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreak, Amets Arzallus bertsolaria, eta Eñaut Elorrieta eta Ruben Caballero musikariak Euskal Herriko historiari buruzko hausnarketa txiki bat egin dute. Amancay Gaztañaga zuzendariak azaldu duenez, transmititu nahi izan dute herri gisa «nondik gatozen, nora goazen, bide horretan zer ebaki behar izan dugun, eta nola eraiki genezakeen etorkizun berri bat atzean utzitakoa galdu gabe».

Eragileen hitzaldiak

Horren ondoren, Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaileek hartu dute hitza, ekimena batzen ari den herritar eta eragileen aniztasuna ordezkatuz. Lehenik, Gaurgeroa Euskal Herriko jubilatu eta Pentsionisten Elkarteko Maritxu Serranok eta Ernaiko Iratxe Delgadok ahotsa jarri diete borrokarekin bat eginda dauden bi belaunaldiri.

«Gure belaunaldiak sinistu zuen ezinezkoa dirudiena posible egitea gure esku dagoela. Eta ez dugu nahi genuen guztia lortu: batzuetan, bidean geratu gara, baina gehienetan, aurrera egin dugu, eta esan dezakegu ez direla gutxi pilatu ditugun lorpen kolektiboak», gogoratu du Serranok pentsio duinak lortzeko burujabetza lortzea «ezinbestekoa» dela baieztatu aurretik.

Delgadok, «krisia eta prekarietatea besterik ezagutu ez duen» belaunaldi batekoa dela aitortu du baina, era berean, «bestelako etorkizun bat eraikitzeko borrokan lehen lerroan» jartzen den belaunaldi batekoa ere badela argi utzi du: «prekarietateari aurre egiten dion belaunaldiko naiz, sexualitate eta genero identitate askeagoak eraikitzen ari dena, planeta zaintzearekin konprometitzen dena, bakean bizi nahi duena, plazaren erdigunea hartzen dugun emakumeona».

Ondoren, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok hartu du hitza. Tokian tokiko «erabaki burujabeak» behar direla eta hizkuntza-politika mugarik gabe erabakitzeko premia dagoela adierazi du. Zentzu horretan, euskarak estatus politiko berri bat behar duela ohartarazi du eta horretarako «hizkuntza-politika erabakitzeko burujabe izan behar du gure komunitateak».

Sindikalismoaren eremutik ere bat egin nahi izan dute ekimenarekin. Lan harreman eta babes sozialaren eredua erabakitzeko eskumenaren beharra nabarmendu du LABeko Eulate Zilonizaurrekoetxeak: «Ezin dugu Madril eta Parisen hartzen diren erabakien ikusle soilak izaten jarraitu. Funtsezkoa dena ezin dugu beste inoren esku utzi; funtsezkoa dena gure esku behar dugu».

Ana Perez Steilaseko bozeramaileak bizi dugun egoerak «gobernantza eredu demokratikoago baten premia azaleratu duela» adierazi du. Hori Mundu mailako auzia dela aitortu arren, «Euskal Herrian erantzun eta eredu propio bat eraikitzeko gai izan beharko genukeela» adierazi du.

Nazioarteko ereduak

Nazioarteko hainbat taldetako bozeramaileek ere parte hartu dute ekitaldian. Shona McAlpine Scotsh Independence Conventoneko idazkari nagusia izan da hitza hartu duen lehena, eta 2014an Eskoziaren independentzia erreferenduma esperientzua demokratiko «ederra» izan zela esan du, bertan jendearen % 85ek parte hartu baitzuen. Halaber, orain beste erreferendum baterako eta independentzia lortzeko babesa dutela azpimarratu du.

Kataluniatik, Marcel Mauri Omnium Culturaleko presidenteordea eta Elisenda Paluzie ANC-ko presidentea hartu dute parte. Maurik Kataluniako prozesu independentistak Euskal Herriaren aldetik jaso duen babesa eskertu du, eta Espainiako Estatuaren errepresioa eta indarkeria salatu ditu. «Estatuaren errepresio hori izanda ere, esaten dizuegu merezi duela, edozein gizarte demokratikorentzat, etorkizuna demokratikoki eta kolektiboki erabakitzeak beti merezi duelako», adierazi du Maurik.

«Autodeterminazio erreferendumak tresnarik onenak bihurtu dira autodeterminazio eskubidea gauzatzeko, herrien etorkizuna modu kolektiboan erabakitzeko», adierazi du Paluziek.

Herritarren babesa

Hitzaldiekin amaitzeko, Josu Etxaburu Gure Esu Dagoren bozeramaileak hartu du hitza, eta erabakitzeko eskubidea legeztatzeko aukeratik inoiz ez garela orain baino gertuago egon ziurtatu du. Ildo horretatik, alderdi politikoei «gizartean erabakitzearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea dagokiela» adierazi du.

«Gure bideak oinarri zabal bat behar du, babes masibo bat. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat abiatu dugu, herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikustarazteko, eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzeko», adierazi du Etxaburuk. Horretarako herritarren babes masiboa batzea ezinbestekotzat jo du eta erreferendumaren aldeko sinadura bilketan parte hartzeko deia egin du.

Dupla musika taldeak duela bi aste estreinatu eta milaka ikustaldi izan dituen Hamaika Gara abestia eskaini du Altxa! Ekitaldiarekin bukatzeko.