NAIZ

«Oinarri errepublikarrak babesteko» legea onartu du Gobernu frantsesak

«Separatismo islamistaren aurkakoa» zena «Oinarri Errepublikarrak babesteko» lege bihurtu da. Jean Castex lehen ministroak aurkeztu du, azken asteetan egitasmo honek eta Poliziaren inpunitatea babestea helburu zuen lege proeiktuak jaso dituzten kritikak sahiestu asmoz.

Jean Castex lehen ministroa erdian, betaurrekoak atontzen. (Thomas SAMSON/AFP)
Jean Castex lehen ministroa erdian, betaurrekoak atontzen. (Thomas SAMSON/AFP)

Gobernu frantsesak «Oinarri Errepublikoak babesteko lege proiektua» onartu du asteazken honetan. Legearen asmoa «laikotasuna bultzatu eta musulmanak iraindu gabe muturreko islamismoari aurre egitea» da.

Hasiera batean «separatismo islamistaren aurkako legea» izena zuen egitasmoa polemikaz josita iritsi da Ministro Kontseilura gaur, Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa onartu zuen 1905eko legearen 115. urteurrenean.

Egun seinalatuan Jean Castex lehen ministroak aurkeztu du legea eta ez Gérald Darmarin Barne ministroak, Emmanuel Macron presidenteak eztabaida baretu nahi izan duen seinale.

Izan ere, egitasmo hau beste lege proposamen eztabaidagarri bati atxikita iritsi da, Segurtasun Globalaren lege proiektuarekin hain zuzen. Bi egitasmoek bat egiten dute sare sozialen bitartez Poliziaren aurkako presioei aurre egiteko asmoan.

Bigarren lege-proiektuak Poliziaren bortizkeria agerian uzten duten bideoen argitaratzea ekiditzea zuen helburu eta Gobernuak atzera egin behar izan du kalean, komunikabideetan, Parlamentuan eta nazioartean jaso dituen kritiken ostean.

«Oinarri Errepublikoak babesteko legeak» erlijio neutraltasuna inposatzen die zerbitsu publikoetako langileei, «komunitarismoan» erortzen diren elkarteak disolbatzea agintzen du, baita ere norbaiten bizia arriskuan jar dezakeen informazio pertsonala argitaratzegatik.

Gainera, birjintasun agiriak eta behartutako ezkontzak debekatzen ditu, poligamoei bizileku-baimena kenduko diela agintzeaz gain.  «Ez da erlijio ororen edo erlijio musulmanaren aurkako legea, erlijio fanatismotik askatzeko legea baizik», esan du Castexek.

EH Bai-ren irakurketa

EH Bai-k askatasun murrizketei aurre egiteko asmoaren atzean legeak joera sekuritario bulktzatuko duela salatu du.

Are gehiago, islamaren aurka aurkeztu zen legea «errepublikaren balore absolutoekin ados ez diren guztien kontra joateko erabiliko» dutela uste du. «Hainbat komunitateren kontrako erasoa da frantses nazionalismo atzerakoienaren partetik».