NAIZ

Arte eta Letretako Orden frantseseko zaldun izendatu dute Zinemaldiko zuzendaria

Kultura Ministerio frantsesak Arte eta Letretako Ordenako zaldun izendatu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Estatu frantseseko kultura eta zinemarekin duen loturagatik.

Rebordinos, iazko uztailean, Zinemaldiaren bezperetan. (Jon URBE | FOKU)
Rebordinos, iazko uztailean, Zinemaldiaren bezperetan. (Jon URBE | FOKU)

Roselyne Bachelot-Narquin Estatu frantseseko Kultura-ministroak gutun baten bidez jakinarazi dio Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari Arte eta Letretako Ordenako zaldun (chevalier de l’Ordre des Arts et des Lettres) izendatu dutela.

Kultura Ministerio frantsesak 1957tik ematen du ohorezko aintzatespen hori, arteen edo literaturaren alorrean eginiko sorkuntza edo ekarpenagatik bereizi diren pertsonak saritzeko. Ordena horrek hiru gradu ditu: zalduna, ofiziala eta komendadorea. Gutxienez hiru hamarkadako ibilbidea duten artista, idazle edo intelektualei ematen zaie zaldun gradua. Zinemalditik azaldu dutenez, eskutitzean Rebordinosek «kulturaren alde eginiko ekarpena eta izaniko konpromisoa» nabarmentzen dira.

Izendapenaren berri jakin ostean, Rebordinosek saria eskertu du eta kultura frantsesarekin duen harremanaz jardun da: «Frantzia eta Frantziako kultura oso garrantzitsuak izan dira niretzat bizitzan osoan. Nerabe nintzenean, 70eko hamarkadaren erdialdera, eta Espainia faxismoaren eta diktadura frankistaren gau luzetik irteten ari zela, Henry Miller eta halako beste hainbat literatura-egile eskuratu ahal izan nituen, Ipar Euskal Herrian erositako liburuei esker», ekarri du gogora.

Halaber, nabarmendu du telebista frantsesean ikusi zituela lehendabizikoz marka utzi dioten zuzendarien filmetako batzuk, jatorrizko bertsioan eta frantsesezko azpitituluekin, hala nola Jean Renoir, Yasujirô Ozu, Ingmar Bergman edota Carl Theodor Dreyer-enak. Gerora, Donostia Kulturan lehenik eta Zinemaldiko zuzendari bezala ondoren, zinema frantziarra «askoz ere hurbilagotik ezagutzeko zortea» izan duela nabarmendu du: «Bertatik bertara ezagutu ahal izan ditut zinemagintza horren egileak eta mundu zabaleko banatzaileak ere. Nire eta Zinemaldiaren ustean, Frantziako zinemagintza da munduko garrantzitsuenetako bat».

Azkenik, eskerrak eman ditu sariagatik: «Eskerrik asko. Izugarrizko ohorea da niretzat, eta berretsi nahi dut konprometiturik jarraitzen dudala ahalegin osoa egiteko Frantziako zinemagintzak erreferentziako zinema izaten jarrai dezan gure herrialdean», ziurtatu du.