Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Erritmo azkarra duen Chelseak abantaila hartu du Real Madrilen aurkako kanporaketan (1-1)

Chelseako Pulisic aurrelariak Real Madrileko jokalariak erotu ditu lehen zatian eta gola sartu du aurrelari estatubatuarrak 14. minutuan. Talde zuria pixkanaka esnatu eta Benzemak, bigarren aukeran, berdinketa lortu du 29an. Emaitza hau londrestarren mesederako da itzulerako partidara begira.

Pulisic Chelseako aurrelariak Real Madrileko jokalariak erotu ditu, lehen zatian gehienbat. (Javier SORIANO/AFP)
Pulisic Chelseako aurrelariak Real Madrileko jokalariak erotu ditu, lehen zatian gehienbat. (Javier SORIANO/AFP)

Real Madrilek eta Chelseak berdindu egin dute (1-1) Txapeldunen Ligako finalerdietako joaneko partidan. Nahiz eta oraindik ezer ez dagoen erabakita eta nahiko irekita dagoen, ingelesek abantaila txiki bat eskuratu dute etxetik kanpoko gol horren balioarengatik. Izan ere, itzuleko neurketan (maiatzaren 5ean) 0-0koarekin londrestarrak sailkatuko lirateke finalera, baina hori bai, gol bat baino gehiako berdinketa badago, madrildarrek lortuko lukete txartela.

Bi taldeek sistema bera erabili dute. Hau da, hiru zentralekin jokatu dute. Zinedine Zidane izan da bere jokatzeko era aldatu duena. Horretarako Militao, Raphael Varane eta Nacho Fernandez hirukotea eta hegal luzeetan Carvajal eta Marcelo erabili dituen bitartean, Thomas Tuchelek Christensen, Thiago Silva eta Rudiger atera ditu zentral bezala eta Cesar Azpilicueta nafarra eta Chilwell hegal luzeetan.

Talde ingelesak askoz hobeto hasi du partida. Presioa eta intentsitatea nabarmenak izan dira lehen minutuetan, eta Real Madril noraezean aritu da. Hala, kanpokoak izan dira lehenak abisatzen –Courtois oso ondo egon da area txikian Timo Wernerri baloi bat ateratzeko– eta ondoren markagailuan aurreratzen. Rudigerrek baloi luzea bidali dio Pulisici, hau Nacho baino azkarragoa izan da, Courtoisi izkin egin eta gola sartu du 14. minutuan.

Lotsati bada ere, baina Real Madril esnatu egin da zertxobait eta Benzemak zutoinera bidali du baloia jaurtiketa baten ostean. Chelseak zelai erdia kontrolatuta zuen eta bere aukerak argiagoak ziren ordurarte, baina aurrelari frantsesak ez du bigarrengo aukeran hutsik egin.

29. minutuan, korner batean egindako jokaldi polit batean, berdinketa lortu du baloia buruarekin kontrolatu eta sareetara bidaltzean. 28 gol sartu ditu 40 partidetan denboraldi honetan.

Nahiz eta berdinketa lortu, madrildarrek ezin ziren asko fidatu, Chelsea oso jokalari azkarrak baititu eta Pulisic oso ondo ari baitzen aurrean. Hori bai, estatubatuarrak txartel horia ikusi du Marcelori egindako falta batengatik (38´).

Zidanek sistema aldatu du bigarren zatian

Hain zuzen ere Marcelok egindako lehen zati txarraren ostean, bigarren zatian Nachok hartu du ezker hegala eta brasildarra zelai erdian geratu da. Zidanen lehenengo sistema aldaketa izan da. Eta ondo atera zaio, Chelsea berriro indartsu atera baita baina oraingo honetan baloi gehiago lapurtu dituzte madrildarrek atzean batasun gehiago baitzegoen.

Partida aurrera joan ahala, londrestarrek erritmoa jaitsi dute eta orduan orekatu da gehiago partida. Zidanek aldaketak egiteko aprobetxatu du, baina justu minutu bat lehenago txartel horia ikusi duen Marcelok zelaitik kanpo atera ordez, Vinicius kendu du entrenatzaile frantsesak Hazard Chelseako jokalari ohia sartzeko.

Tuchelek aldaketa egin du baita ere, baina bere kasuan hirukoitza izan da: Werner, Pulisic eta Azpilicueta kendu, eta Ziyech, Havertz eta James zelairatu ditu.

Badirudi aldaketek mesede egin diotela Chelseari, baloiaren jabetza eskuratu baitu, jokaldi luzeak eginez. Zidanek ez zituen gauzak ondo ikusten eta beste bi aldaketa egin ditu: Carvajal eta txartel horia zuen Marcelo kendu, eta Alvaro Odriozola Realeko jokalari ohia eta Asensio sartu ditu 77an 4-3-3 sistemara pasatuz.

Etxeko taldeari nekea sumatu zaio azken minutuetan, baina Chelseak ez du gola sartzeko aprobetxatu eta nahiz eta abantaila eraman Londresera –0-0ekoak balio dio–, kanporaketa oso irekita dago.