NAIZ

Cristina Polonio piboteak itxiko du hurrengo denboraldirako Bera Beraren taldea

Uztailean 23 urte beteko dituen jokalaria Morvedre taldetik dator eta eskubaloia uzteko erabakia hartu zuen Nekane Teres ordezkatzera dator.

Cristina Polonio da Bera Berako hirugarren fitxaketa. (BALONMANO MORVERDRE)
Cristina Polonio da Bera Berako hirugarren fitxaketa. (BALONMANO MORVERDRE)

Cristina Polonio pibotearen fitxaketarekin, Super Amara Bera Berak itxitzat eman du hurrengo denboraldiko taldea. Sevillan jaiotako jokalariak uztailean beteko ditu 23 urte eta, printzipioz, aurten eskubaloia uzteko erabakia hartu duen Nekane Teresek utzitako lekua betetzera dator.

Donostiako taldeko jokalari berriak denera 78 partida ofizial jokatu ditu Ohorezko Mailan, azken hiru denboraldietan Balonmano Morvedre taldean aritu da eta bana jokatu ditu Valentzian eta Alcobendasen. Imanol Álvarezek ondo ezagutzen duen jokalaria da Cristina Polonio, jubenil mailan 28 aldiz izan baita internazionala Espainiako selekzioarekin eta 30 aldiz junior mailan.

Denboraldi honetan bere taldearekin Guerreras Iberdrola Ligan mailari eutsi ahal izan dio, azken jardunaldian Uneatlantico Pereda gainditu ostean. Azken partida erabakigarri horretan berak zazpi gol sartu zituen neurketa borobila eginez eta Cicar Lanzarote Ciudad de Arrecife eta Adesal Córdoba taldeen arteko berdinketak ere lagundu zuen.

Poloniorenarekin, hiru dira Bera Berak hurrengo denboraldirako egindako fitxaketak, aurretik iragarria baitzuen taldeak azken urteetan Zuazon aritutako Maddi Aalla atezainak eta June Loidi lehen lerroko jokalariak Imanol Alvarezen aginduetara jokatuko dutela. Taldea utzi duten jokalariak ere beste hainbeste dira, Nekane Teres, Renata Arruda atezaina eta Manuela Pizzo.